Izan dolu, izan festa
ospakizun nahiz protesta
mende oso bat iraganen dut
sorterriari galdezka.
Olatuak aparretan
naufragoen mesedetan
zeren egarri ote gabiltza
botilako mezuetan?
Iraganari begira
etena ala segida
goian, behean ala ertzean
euskalduna non bizi da?
Buruan eskuez hazka
azkenean harramazka
nor da galtzaile, nor irabazle
bukatu al da gatazka?
Hitz hutsak telebistetan
zaurituak albistetan
noren ahotik, noren lepotik
aritzen gara hizketan?
Bizirik gaude halare
eskola-ume herabe
altxa eskua, nork izan nahi du
bere buruaren jabe?
Ganbelako behi antzua
iraganaren zantzua
ukuiluetan aurkitu ote
liteke honen zentzua?
Aitonaren gazta ona
irratietako sona
zein da moderno zein zaharkitu
Kalakan ala Madonna
Orduz ordu, unez une
jolasean hiru ume
kantuak bihur ote lezake
konplikatu zena xume?
Ahots hutsarekin deman
euskaldun zaharron teman
altabozak noiz jarri zituzten
historiaren tabernan?
Aire zaharrak iparretik
ekaitz berriak hegotik
zorabiorik gabe irtengo
al gara zurrunbilotik?
Zenbat gara bat, zazpi, hiru?
hizkuntza bat da testigu
gureaz asko hitz egiten da
besteenaz zer dakigu?
Guztiok gara nomada
Senegal, Peru, Sahara
nola ekarri behar ditugu
gu hurbiltzen ez bagara?
Argizaiola opari
zergatik ez eman hari
euskañolaren zubia eraiki
zuen arkitektoari?
Konplexuekin akabo
maitasunari lau trago
sufritzen jada aspertu gara
goza al daiteke gehiago?