Panfletotik harago, nola kantatu politikoki?

  • Kantu politikoak ezaugarri eta gaitegi jakin batzuekin lotu izan dira betidanik Euskal Herrian. Eskema horiek oraindik indarrean badaude ere, bestelako apustuak agertzearekin bat mahaigaineratu da musikan eraldatzaile izateko moduei buruzko eztabaida. Orain eta hemen politikoki kantatzerakoan zeri erreparatzen dioten azaldu dute Andoni Tolosa Morauk, Pottors ta Klito taldeak, Ibon Rodriguezek eta Maite Arroitajauregi Mursegok.

Larrialdi uneetarako kantu politikoak egin asmoz agertu zen Espainiako musika panoraman Fundación Robo kolektiboa, duela lau urte. Hura osatzen zuten musikarien ahotan, mezu argi bat: modernitatearekin bat politikaz kantatzea itsusitzat jo zela, politika ulertuta zentzu hertsiegian –auzi konprometituez modu agerikoan kantatzea–, eta gisa horretako kantuak bezain politikoa dela itsas bazterretik bizikletaz egindako arratsalde-pasa mintzagai duena. Funtsean, kantu oro dela politiko; establishmenta auzitan jartzen duen ala hura indartzen duen erreparatzea, gakoa. Eta, gauzak horrela, kantuetan politikaz hitz egiteari beldurra galdu behar zaiola.

Fundación Robok Espainiako musikagintzari egindako kritika horrek nekez balio du Euskal Herrirako, ordea. Hemen, egun, auzia da ez ote gabiltzan gertuago beste muturretik, 80ko hamarkadako inertzia batzuei segika, mezu politiko jakin batzuk esplizituki eta era masibo samarrean kantatuz, deus eraldatzailea bailitzan. Hala iruditzen zaio, behintzat, Andoni Tolosa Morauri: lehen iraultzailea zena kasik mainstream bihurtu dela Euskal Herrian, eta, hortaz, bere indar iraultzailearen potentzialitatea galdu duela. Izan ere, oraindik “kantu politikoa” hitz elkarketa Morauri mesfidantza eragiten dioten ezaugarri jakin batzuekin lotu ohi da bazterrotan. “Topikoz betetako kantuak egiten dira, eslogana bilatzen dutenak esanahia beharrean. Hainbesterako, askotan zalantza egiten baituzu ea musikari hori benetan ari den, ala, erosotasunez, gizartean nagusi den bidea baino ez duen hartzen”. Guztiz bat datoz Pottors ta Klito taldekoak ere. “Talde panfletario asko dago”, diote, “salaketa egiten dute letretan, hori egiteak salgarriago bilakatzen dituelako eta zenbait gunetan kontzertuak jotzea bermatzen dielako. Sarritan, ordea, ez dute hitz horiekiko oso era koherentean jokatzen”.

Euskal Kantagintza Berriko protesta kantuak, Euskal Rock Erradikalaren lelo zuzenak... hemen kantu politikoak betidanik lotu izan dira gatazkaz aritzearekin. Joera hori ulertzekoa den arren, Morauren ustez, beste gai asko albora utzi dira. Pottors ta Klitokoek nabaritzen dute garai berriotan hainbat talde hasi dela beste gai batzuk politikotzat jotzen, harremanak, kontsumoa edota sexualitatea, esaterako. “Aspalditik ezagunak zaizkigun borroka euskaltzaleari, antikapitalistari edo antiarrazistari batu zaizkie beste batzuk, feminista edo animalista, adibidez”. Iruditzen zaie konplexutasun politiko horrek asko aberastu duela musika eszena, baina oraindik bide luzea dagoela egiteko. “Norbait animatuko al da Euskal Herrian queercore talde bat sortzen?”, bota dute itauna airera.

Galderak, badira gehiago ere. Inoiz baliagarri izandako hainbat formula zukutzearen zukutzeaz agortuta daudela dirudien garaiotan, nola kantatu politikoki? Nola egin musikalki apustu eraldatzaile bat? Ze ezaugarriri erreparatu kantu politiko onak egiterakoan? Erantzun borobilik ez da agertuko lerrootan, ziur asko. Zantzuren bat edo beste, izatekotan.

Ironia eta umorea

Maite Arroitajauregi Mursegori zaila egiten zaio hitz esplizituki politikoak egitea panfletoan erori gabe. Horregatik, hitzetan baino, bestelako hautuetan ezartzen du bere jardunaren pisu politikoa. Dena dela, kantu politiko baten hitzak interesgarri bihurtzeko bi osagai bururatzen zaizkio: ironia eta umorea. Azken aldian entzun duen diskorik politikoena Morau eta Beñardoren Arrainentzako himnoak iruditzen zaio, hain justu ere, gizartearen kronika umorez egiteko duten abileziagatik. Disko horretako kanturik onena, ostera, Hondarribia 2012: “Filma bailitzan kontatzen du alarde egun bat”.

Rodriguezek ere sumatzen du faltan ironia eta umorea, norbere lanarekiko bereziki. “Sakontasun eta nahikeria larregi dago euskal musikan”, dio. Berak ez dio hitzari ia garrantziarik ematen. “Onartzen diodan pisu bakarra ez dagokio hitzaren mezu semantikoari, baizik eta sakonagoko ezaugarriei: hizkuntzaren, hitzen eta silaben aukeraketa, erabilitako erregistroa eta ahoskera, ahotsaren erabilera...”. Hortaz, hitz abstraktuak erabiltzen dituzten taldeak, musikarekin batera irudiak edo sentsazioak sorrarazten dizkiotenak, zaizkio eraldatzaileenak. “Tradizioagatik estilo batean espero ez dituen hitzekin topo egiteak ere liluratzen nau”.

Topikoetatik ihes

Kantu politiko on bat egin nahi duenaren lehen kezka topikoetatik ihes egitea izan behar du Morauren ustez, kontatu nahi duena modu interesgarri batean kontatzea. Horretan saiatu zen Mursego, adibidez, Cumbia villera de la ciudad armera egin zuenean. “Kunbia bat egin nuen, mendebaldean joera dugulako hegoaldetik datozen genero guztiak –bachata, reggaetoia...– gutxiesteko. Kantu horren bidez immigrazioak dakarrena aldarrikatu nahi nuen, kanpotik etorritakoa geurea bihurtu”.

Louise Bourgeoisen Otte poemaren bertsioarekin, ostera, hizkuntzaren baitan –agerian ala ezkutuan– dauden matxismo eta mikromatxismoak salatu nahi izan zituen. Bestalde, gertatu zaio hasiera batean batere asmo politikorik gabe egindako zenbait kantuk ondoren irakurketa politiko oso garbiak edukitzea, Europa zaharreko banpiroen gudak edota Donki Konguk, kasurako.

Koherentzia

“Kantatzen duenarekiko musikariak duen koherentzian dago eraldaketaren gakoa”, diote Pottors ta Klitokoek. Alegia, mezua ez dela hitzetara soilik mugatzen, haiek bezain garrantzitsuak direla, esaterako, taldekideen arteko harremana, taldeak entzuleekin eta beste musikariekin duen hartu emana, taula gaineko, atzeko eta azpiko jarrerak eta rolak, hizkuntzaren hautua, parte hartzen duten kontzertu eta jaialdien izaera...

Rodriguezi bururatzen zaizkio gehiago: diskoaren azala, banaketa, kantuaren eskubide komertzialak, euskarria, saltokia, prezioa… “Faktore horiek guztiak kantatzen den mezua bezain garrantzitsuak dira. Eta baliteke ondorio horretara heldu izana, atal horien artean desoreka handiak nabaritu izan ditudalako”.

Iritzi berekoa da Morau. “Sortzaileok, pertsona publiko gisara, mezu politikoa jarreretara eraman behar dugu. Ezin du lubakirik egon kantatu, esan eta egiten dugunaren artean”. Mursegok ere erabaki txiki horien bidez ematen dio zentzu politikoa bere jardunari: diskoak argitaratzeko eta zabaltzeko modua, prezioa, zuzenekoetan transmititzen duen energia, lanarekiko konpromisoa... erabaki politikoak, guztiak ere. Zer politika motakoak diren, ordea, entzuleak erabaki behar du, Rodriguezen ustean: “Musikariaren erabakiek interpretazio asko izan ditzakete, baita hasieran zituen asmoen guztiz kontrakoak ere. Argi dudana da prozesu osoak duela eragina irakurketa horiek egiterakoan, musika ez baita noten eta soinuen kateatze hutsa”.

Musikalki eraldatu

Hitzak garrantzitsuak direla dio Morauk, baina gehiegitan gutxiesten dela kantuaren beste osagarri nagusia: musika. “Musikarena, ordea, oso hizkuntza abstraktua da, eta zailagoa da haren gaineko diskurtso politikoa formulatzen”. Hala ere, nabarmena iruditzen zaio Euskal Herrian musikalki egiten den diskurtso kontserbadorea. “Kantagintzaren eduki politikoa pobretzen du horrek, eta pena da, indar eraldatzaile handia suma daitekeelako musikarien artean”.

Gizarte gaiez ez hitz egiteak ez du zertan haiek saihestea esan nahi, Pottors ta Klitokoen arabera. Kantu bat izan daiteke, adibidez, estetikoki apurtzailea. “Zer da Mikel Laboaren Baga, biga, higa, aliterazio hutsa, ala harago doa?”, galdetzen dute. Mursegok ere antzera pentsatzen du: “Egun gustukoen ditudan euskal taldeek ez dute, oro har, gizarte arazoei buruz hitz egiten. Lehengoek bai: Dut, Bap!, Anestesia, Balerdi Balerdi, Ciclos Iturgaitz edo Joseba Tapiak bazituzten aldarrikapen kantuak”.

Euskanta eredu

Rodriguezi bururatzen zaio zein den euskal munduko apusturik eraldatzaileena: Euskanta, Erromako hainbat ikastetxetan martxan den egitasmoa. Bertako haurrek poema bana idazten dute italieraz, eta Alex Mendizabal musikari eta Associazione Culturale Euskarako kideak euskaratu egiten ditu. Ondoren, musika tresna bana hautatzen dute umeek, eta hura joaz, zati instrumentalak grabatzen dituzte. Azkenik, ahots doinuak inprobisatzen dituzte zati instrumentalaren gainean, euskaratutako poemetako hitzak baliatuz.

Rodriguezen ustez, Euskantak ederto erakusten du hitzaren balioa zein izan daitekeen, zein indartsua eta zein ahula aldi berean. Italieraz sortzen dute, eta euskaraz kantatu, euskaraz jakin ez arren. “Esanahi lausokoak izaten dira kantu gehienak, umeen jolasak. Baina Euskal Herriko hezkuntza sisteman haurrek ez dute kantu bakar bat ere sortzen. Ez al da iraultzailea?”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-21 | Iker Barandiaran
Amorrazioa, jarrera eta kantuak

Madrilgo queer mugimenduan kokatzen nuen taldea, eta orain gutxi bere esentzian –zuzenekoan– ezagutzeko aukera izan nuen. Orduan jakin nuen Argentinan jaio baina gaztetan Madrilera joandako Belenek (ahotsa eta gitarra) sortu zuela taldea, eta Mariarekin (bateria eta... [+]


2024-04-14 | Iker Barandiaran
Errekak ez du planeatzen

Garai batean, buruz genekizkien The Dark Knight filmeko Jokerren esaldi guztiak, “kaosaren agentea” zenez gero. Horrelakorik zuen, esaterako, bere jokabidea azaltzeko: “Plan bat duen tipo bat al dirudit? Badakizu zer naizen? Autoen atzetik korrika doan txakur... [+]


Eguneraketa berriak daude