argia.eus
INPRIMATU
Kulturaniztasuna
Diskriminaziorik gabeko Gasteiz ospakizun
  • Helburua lortu du Gora Gasteiz ekimenak: interes alderdikoiek bultzatuta mezu xenofobo eta arrazistak zabaltzen ari zirela-eta, diskriminaziorik gabeko hiria aldarrikatzeko jaio zen, joan den azaroan. Apirilaren 18an bukatu du bere ibilbidea, gasteiztarren atxikimendu handiak babestuta.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2015eko apirilaren 21
Gora Gasteiz!

Prestazio sozialak jasotzen dituztenei buruz Javier Maroto Gasteizko alkateak esandakoen ostean, eskubide eta aukera berdintasunaren defentsan sortu zen Gora Gasteiz, eta lau hilabete hauetan xedea soberan bete dutela adierazi dute arduradunek, kolektibo eta lagun askok aldarrikapenarekin bat egin baitu, eta bide horretan hiri ireki eta plurala diseinatzen ari direla baitiote, bizikidetza oinarri.

“Gorrotoari gorrotoarekin erantzun geniezaiokeen. Baina gizarte honek ez duela merezi erabaki genuen. Ez du merezi gatazkarik, tentsiorik, eraso eta defentsaren dinamikarik. Eta zuri eta beltzari koloreen bidez egin diogu aurre, gatazkari elkartasunez, uniformizazioari aniztasunez, eskubideen murrizketari eskubide gehiago eskatuz, irainari musikaz”, azaldu dute hainbat kidek.

Jai erraldoia, aniztasunaren alde

Apirilaren 18ko jaiak eman dio amaiera jardunari: aniztasunaren eta eskubide sozialen alde, milaka lagunek egin zuten bat egun osoko festan. Gizarte mugimenduen txokoa, haur jolasak, musika, dantza… izan ziren, eta eguerdiko kalejirak “Gora Gasteiz! Stop Arrazakeria!” izan zuen lelo nagusia. Azken hilabeteetan gertaturiko “erabateko arduragabekeria” horren aurrean, “auzo-lotsa sortzen duten bakoitzean, gasteiztar harrotasunez erantzungo dugu, elkarrekin, indarrez eta kolorez!”, nabarmendu zuten antolatzaileek.

Aurpegi ezagunek babestuta

Asko dira mugimenduarekin bat egin duten herritarrak. Tartean, izen ezagun ugari: Bernardo Atxaga, Iñaki Iriondo, Irati Anda, Karmele Jaio, Karra Elejalde, Katixa Agirre, Mikel Urdangarin, Oihane Perea, Igor Gonzalez de Galdeano, Izaskun Moyua, Unax Ugalde, Iban Zaldua eta kultur, kirol zein gizarte alorretako beste hainbat lagun.