Oholtzako haragietatik harago

  • Bertsolaritzan, literaturan eta beste arte-adierazpen batzuetan gertatu bezala, musikagintzara ere ari dira iristen, pixkana-pixkana, feminismoaren aldarriak, berdintasunaren aldeko ekimenak. Oro har, emakume musikarien jarduna ipini du erdigunean azken urteotako mugimenduak: dela horien funtzioa taula gainean, dela horien ikusgarritasuna hedabideetan… Musika, ordea, agertokian gertatzen dena baino askoz gehiago da, eta oholtzako haragietatik harago joan beharra azpimarratu dute zenbaitek.

Bikini Kill taldea Riot grrrl mugimenduko banda garrantzitsuenetarikoa izan zen. 1990eko hamarkadaren hasieran aldarrikapen feministak erdigunean jartzea lortu zuten eta mundu osora zabaldu zen haien eredua.
Bikini Kill taldea Riot grrrl mugimenduko banda garrantzitsuenetarikoa izan zen. 1990eko hamarkadaren hasieran aldarrikapen feministak erdigunean jartzea lortu zuten eta mundu osora zabaldu zen haien eredua.

“Musika ez da noten segida soilik”. Leire Ziluaga musika-kritikari eta zalearen hitzak dira, eta horretan behintzat, bat datoz doinuen artea ikuspegi kritikotik jorratu duten guztiak: musikak komunitatea sortzen du, identitate pertsonala eta kolektiboa eraikitzen laguntzen du, eta Euskal Herria ez da salbuespen.

Ziluagak gehiago dio: “Kontzertu bakoitzean komunitate txiki bat sortzen da, eta hor ezartzen eta birsortzen diren botere-harremanek eta jarrerek asko diote guri buruz, gure jendarteari buruz”. Saioetan ematen diren inertziek kezkatzen dute bereziki Ziluaga azkenaldian: nork hartzen du espazioa, eta nola? Kontzertu bat antolatzearen atzeko erreprodukzio-lanak –adibidez: musikari eta teknikarien afaria prestatzea– jasotzen al du behar duen aitortza?

Ikus-entzuleen kartografia

Egin dezagun so, hortaz, gure ingurura. Egin dezagun memoria-ariketa txiki bat. Egon ginen azkenengo rock edo punk kontzertuan non jarri ginen, aurrealdean ala atzeko lerroetan? Lehenengo ilaretan ba al zegoen genero-parekidetasunik? Eta emanaldiko ikus-entzule guztiak kontuan hartuta?

Ihintza Orbegozo Igartua musikazale eta kazetariak argazki argi bat egin du: “Punk, rock eta hardcore kontzertuetan, oro har, mutilak dira nagusi, baita lehen lerroetako pogoetan ere. Bestalde, egon badauden neskak gutxitan doaz taldean, gehienetan bizpahiru dira, mutil-talde handiago batekin”.

Bestelakoa da irudia azken urtean Getaria eta Zarautz inguruan antolatu diren punk kontzertu feministetan. Ziluaga: “Entzun izan dut emanaldi feministetara hainbeste neska joaten badira, eta besteetara ez, izango dela neska horiei ez zaielako musika benetan gustatzen. Seguru asko, kontua da kontzertu tradizionaletan ez direla eroso eta seguru sentitzen, baina onartzeko zaila da norberarentzat erosoa den espazio bat ez dela erosoa pertsona guztientzat”.

Aldaketa, muin-muinetik

Zertan izango litzateke ezberdin, ordea, musika-eszena feminista bat? Ainara Santamaria Barinagarrementeria kazetari eta ekintzaile feministaren ustez kantuen mezuak ez dira aski: “Talde bat feminista izendatzen denean izan ohi da emakumeen problematika –eta batez ere indarkeria matxista– aipatzen duelako. Bada hori, baina ez da hori bakarrik. Feminismoa bizi-ikuspegi bat da, dena aldatzen dizu: zure egoteko modua, diskurtsoa, jarrera…”.

Irudikatzen hasita, honako ezaugarri hauek okurritzen zaizkio Ziluagari: “Izan daiteke gorputz- eta identitate-aniztasuna daukan eszena bat, zaintzari garrantzia ematen diona, kontzertu bat antolatzearen atzean dagoen lana ikusgarri egiten duena, eta, oro har, oholtza azpian eta gainean sortzen diren askotariko botere-harremanak auzitan jarriko dituena”.

AEBetan Riot grrrl mugimenduak egindakoaren antzeko zerbait, alegia; kontzertuak ez hastea aurrealdea emakumez osatua egon arte, adibidez. Ziluaga ibilia da hango parajeetan, eta aldea nabarmena da: “Taula gainean askoz aniztasun handiagoa dago, eta jaialdietara doan jendeak beste egoteko modu bat dauka. Hori ez dator zerutik, hori gertatu da lan itzela egin dutelako, eta emakume musikariek oso argi daukatelako: gehienak feministak dira”.

Zorionez, berandu ez da beti beranduegi, eta, ildo horri tiraka, Zarautzeko MEFSST kolektiboa buru-belarri dabil duela hiru urtetatik, egoeraren irakurketa kritikoa egin eta musika errebolta feminista sustatzen.

Pertsonala eta politikoa

Izan ere, harrigarria da: musika bezalako esparru batean, Euskal Herrian politikarekin hain lotura estua izan duena, orain ari da loratzen kontzientzia feminista orokorragoa, eta nekez.

Kasu baterako, Santamariak argi ikusi du, musikagintza eta maitasun erromantikoaren arteko loturei buruz egindako ikerketan, pertsonala ez dela politikotzat hartzen, lelo hori izan arren feminismoaren oinarrizko aldarrikapenetako bat: “Entzuleei ez die kontraesanik sortzen maitasunaz aritzean betiko topikoak errepikatzen badira, nahiz eta musika talde berberak, gai jakin batzuei buruz, diskurtso kritikoa landu. Esparru publikotik eta politikotik at kokatzen da oraindik pertsonala, eta, gainera, maitasunaren kasuan, ez da ikusten eraldaketa gauzatu daitekeen eremu bat bezala”.

Ziluagaren ustez, auto-indulgentziarekin amaitzeko unea iritsi da: “Geure buruari galdetu beharko genioke ea feminismoarekin zer pasatu den hemen, batez ere musika bezalako eszena hain politizatu batean. Era berean, galdetu beharko genuke ea benetan eszena hain politizatua izan den, edo zer gertatzen den politika erretorika bilakatzen denean. Esanguratsua da feminismoa sartu ez izana erretorika politiko horren barruan, derrigor jorratu behar ziren gai-zerrendan”.

Abesti guztiak dira amodio-kantu

Santamariaren iritziz, arreta handia eskaini behar zaio maitasun erromantikoaren ideologiari, hain zuzen ere, bizi dugun gizarte-antolamendu desorekatuak indarrean jarraitzeko engranaje nagusietako bat delako: “Iruditzen zait, orokorrean, genero sistemaren zapalkuntza, gazte mailan, maitasunaren bidez haragiztatzen dela, batez ere. Horri gehitu behar diogu zer-nolako garrantzia daukan musikak kolektibo baten parte sentitzeko orduan”.

Baina zertan datza maitasun erromantikoa? Bikote harreman heterosexuala du eredu; betirakoa, monogamoa, idilikoa. Hori da harremanik garrantzitsuena, erdigunean jartzen dena. “Eredu horrek lotura zuzena du gizon eta emakumeen arteko mendekotasun harremanekin eta baita emakumeen kontrako indarkeriarekin ere. Bestalde, sistema ekonomikoari ez datorkio batere gaizki. Zer izango litzateke musika-industria osoa maiteminik gabe?”.

Edonola den, maitasun erromantikoaren ideologiak gai guztiak blaitu ditu, ez bakarrik harreman afektiboen ingurukoa. Santamaria: “Gatazkak, hala nazio gatazkak nola klasearenak, isla handia izan du euskal musikagintzan, eta hori guztia oso erromantikoki kokatu izan da: gudariaren figura, askatasunarena, herriarena... Adierazgarria da hori gertatu izana, eta horrek ekarri diona diskurtsoari eta iruditeriari: emakumea zaintzaile, gizona borrokalari”.

0 puntua: Eztabaida mahai gainera

Horren guztiaren aurrean, zer egin? Bat datoz elkarrizketatuak: duda plazaratzea da lehen pausoa. Santamaria: “Hasiko gara maitasuna eta pertsonala politikoki kokatzen, eta gero ikusiko dugu bakoitza noraino heltzen den. Baina oinarrizkoa da jakitea maitasunarena, adibidez, eraikuntza bat dela. Hori da 0 puntua eta hori gabe ezin da ezer egin”. Horrez gain, funtsezkoa da bestelako kultur erreferente batzuk sortzea, bestelako maitasun-eredu batzuei buruz hitz egingo dutenak.

Eta espazioak, nola eraldatu? Ziluaga: “Ondo legoke kontzertu-antolatzaileek eta aretoek gaiaren gaineko ardura hartzea, gizonek kontzertuetan betetzen duten espazioa zalantzan jartzea, eta guk espazioa geure egiteko estrategia konpartituak sortzea”. Ziluagaren arabera, errora jo behar da, eta zeharo naturalizatuta dauden jarrerak ere auzitan jarri, esate baterako: zergatik egin behar dira pogoak beti lehen lerroan? “Gero ez dakit zer akordiotara helduko garen, baina hasteko eta behin, hori dena eztabaidagai ipini behar da”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-03-24 | ARGIA
Korrika: 23 edizioetako kanten bilduma

43 urte igaro dira AEK-k lehenengo Korrika antolatu zuenetik 1980an. Lekukoak egindako ibilbideen, leloen, abestien eta omendutako pertsonen errepasoa jarraian.


2024-03-24 | Lander Arretxea
Musika iruditan (I)
Bideoklipei begira, lentearen beste aldetik

Mundualdi honen soinu-banda osatzen duten abesti gehien-gehienek propio filmatutako irudiak izan ohi dituzte: bideoklipak. Musikariengandik oso gertu, ikus-entzunezko egileen belaunaldi gazteago batek lan horretan aurkitu du zineman edo telebistan ez duen hori: trebatzeko... [+]


Anari Alberdi. Zazpigarren azalberritzea
"Nire eremua soziopoetika da"

Martxoaren 1ean elkartu gara Anarirekin, Giza zarata argitaratu eta biharamunean. Andoaingo poligono batean egin dugu hitzordua: han dauka taldeak entsegu-gela. Poster zaharrez eta instrumentuz inguratuta hitz egin dugu, alboko gelakoen erritmoez lagunduta. Larunbatean, hilak... [+]


2024-03-17 | Xalba Ramirez
'In' salto mesedez

Katuzaldia
Ezezez
Autoekoizpena, 2023

----------------------------------------------------

Inoiz ez dut jakin oso ondo zein den “rollo british” musikan, sekula ez naizelako bereziki zalea izan, akaso. Ezezez entzutean, ordea, ez dut dudarik zer esaten duten... [+]


Eguneraketa berriak daude