Nork hil zuen Dag Hammarskjold NBEren burua?

  • 1961eko irailaren 18an Nazio Batuen Erakundearen idazkari nagusi Dag Hammarskjold zeraman hegazkina lehertu zen gaur Zambia den eremuan, Kongo independizatu berriko barne gerra nola geldiarazi negoziatzera zihoala. “Istripu misteriotsu” gelditu zena ikertzea erabaki du NBEk, benetan eraso militarra izan zelakoan.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2015eko apirilaren 19a
Los Angeles Timesen artxiboetako argazkian, ezkerretan Patrice Lumumba eta eskuinean Dag Hammarskjold. 1960ko uztailaren 25ekoa da. Urte horren bukaeran Joseph Desire Mobutuk bota zuen boteretik Lumumba, ondoren bere etsairik handiena zuen Moise Tshonberi entregatzeko; honek torturatu eta hilko zuen 1961eko urtarrilean. Irailean eroriko zen Hammarskjold idazkari nagusia. Lumumba mitikoa akabatuta gero ere Tshonbek guduka segitzen zuen Katangatik, Mendebaldeko potentzien –batez ere belgikarren– babesarekin eta haiek bidalitako mertzenarioen laguntzarekin. Zenbait dokumentaziok erakutsi du Tshonbe prest zegoela Hammarskjoldek proposatu su-etena onartzeko, baina britainiarrek eginarazi ziotela atzera. Katangako mertzenarioen kontra Hammarskjoldek erabakitako Morthor operazioak biziki haserrarazi zituen britainiarrak bezala Joseph F. Kennedy amerikarra.

Imajinatu Ban Ki-moon Irak   aldera doala hango gatazka korapilatsua baretzeko asmoz bertako liderrekin elkarrizketatzera eta Nazio Batuen Erakundearen lider nagusia daraman hegazkina tirokatuta lurreratzen dutela.

Tamaina horretako magnizidioa zen gertatu 1961eko irailaren 18an Kongoko gatazkaren erdian, gaur erretretan izateko adinean diren irakurleak agian oroituko direnez. Hala ere, Dag Hammarskjold izenaren berririk ez dauka XXI. mendeko herritar jantzi gazteak, harekin haserre omen zegoen Joseph F. Kennedyren hilketaz mila erreportaje ikusi eta Marylin Monroek oheratzekoan zein perfume maite zuen ikasia duenak.

Mende erdi beranduago ezagutuko dugu Hammarskjold. Eta NBEk idazkari nagusi 1953tik 1961era arte eduki zuen diplomatiko suediarraren akabera argitzen bada, Afrikako deskolonizazio prozesuaren zenbait xehetasun deseroso azaleratu daiteke 54 urte geroago. Potentzia handiek Afrikako lehengaiak kontrolatzeko egindako gerra eta klase guztietako ahaleginak, alegia.

Dag Hammarskjoldek  bi gatazka multzo handi kudeatu behar izan zituen NBEren buruzagitzatik. Alde batetik AEBen eta Sobiet Batasunaren arteko Gerra Hotzak eragindako tentsioak. Bestetik, Europako potentziek Afrikan eta Asian zeuzkaten kolonien askapen prozesuak. Hauen artean bat oso konplikatua, Belgikak kontrolatzen zuen Kongorena.

1960an, formalki independentzia eskuratuta eta estatu gisako egiturak antolatzeko ahaleginetan murgildurik zebiltzan Kongoko buruzagi eta indar politiko ezberdinak, hiriburutzat lehengo Leopoldville gero Kinshasa bilakatua zeukana –ez nahastu  ibaiaz beste aldeko Kongorekin, hiri nagusi Brazzaville daukanarekin–. Belgikako metropoliarekin adostutako agendaren arabera, Kongoko lehen ministro gazte eta karismatikoa zen Patrice Lumumba ezkertiarra, Herrialde Ez Alineatuen mugimenduaren buruzagi ezaguna ere bazena.

Baina Belgikako indarren laguntzarekin Kongoko hegoaldean Katangako errepublika aldarrikatu zuen Moise Thsonbek. Eta herrialde sortu berria borroka odoltsuetan murgildurik zegoen: kolono zurien eta hauen ondasunak berenganatu nahi zituzten beltzen arteko tira-birak, Katangako errepublikaren aldekoak, Kinshasako aginte eta indar berrien arteko liskarrak...

Osagai berdintsuak ikusi dira, neurri ezberdinetan, Afrikako garai hartako askapen prozesuetan,  Aljerian esaterako, baina baita askoz geroago ere Angolan edo Mozambiken Gerra Hotzaren akabera aldean, edo berriro ere Kongon duela gutxi.

Azkenean AEB eta Europako potentziek lortu zuten Lumumba 1960 amaieran agintetik kentzea, gero Afrikako diktadurarik luzeena ezarriko zuen Joseph Desire Mobutu sarjentua botean paratuz. Honek, torturatu ostean, Lumumba entregatu zion Moise Tshomberi, zeinak gehiago torturatu eta fusilatu baitzuen, ondoren Lumumbaren arrasto guztiak desagertarazteko.

Katangarekin menia prestatzera

Katangako gerrak zalaparta handia eragiten zuen bere sarrasakiekin 1960 haietan; zerbaitengatik eman zitzaien Katanga ezizena etorkinez betetako auzoei Hernanin bezala Iruñean eta munduko beste hiri askotan. Agintean Mobutu jarriagatik Tshonbek segitzen zuen Katangatik gerran Kinshasako gobernuaren kontra. Hasiera hartan sobietarren alde jokatzen zuen Mobutuk, Mendebaldeko potentzien eta meatzeetako korporazio handien alde Tshonbek.

Katangako matxinoarekin irtenbide negoziatu bat lotzera abiatua zen 1961eko irailaren 17an NBEren idazkari nagusia. Lau motoreko bere hegazkina lurrera erori zen arte sutan Ndola hiritik gertu.

Egia ofizialtzat geratu den arren Hammarskjold eta SE-BDY matrikuladun Douglas DC-6 haren 16 eskifaiak istripuz hil zirela, politikariaren memoria zaintzen duen fundazioak eta zenbait ikerlarik jarraitu dute mende erdi honetan gertakizunaren xehetasunetan arakatzen.

Londresko unibertsitatean irakasten duen Susan Williamsek 2011n plazaratu zuen anitz argitasun “Who Killed Hammarskjöld?” liburuan. Bertan bi lekuko oso bereziren oroitzapenak bildu zituen, AEBetako inteligentzia zerbitzuetako bi agenterenak.

Gaur 80 urte dauzkan Charles Southall Zipren zegoen egun haietan irratizko mezuen jarraipena egiten. Hegazkin bateko ahotsa grabatu zuen: “Ikusten dut garraiozko hegazkin bat iristen. Argiak piztuta dakartza. Bai, Transair DC-6 bat da. Hori da hegazkina”. Ondoren tiro hotsak eta: “Jo dut. Sutan doa. Erortzen ari da. Lehertu da”. Henry Abramek, gaur 73 urte, Greziako amerikanoek Heraklionen zeukaten kasernatik jarraitu zuen eszena bera.

Baina Susan Willimansen lana bezain garrantzitsua izan da Goran Bjorkdahl suediarrak egindakoa. Kooperazio zerbitzuetan lan egiten eskualde hartan ibilitako aitak piztu zion Hammarskjolden kasua ikertzeko harra. Lekuan bertan aireplanoa sutan erortzen ikusitako lekukoen xehetasunez gain, Bjorkdahlek bestelako informazioak ere bildu ditu, gertatuaren testuingurua hobeto azaltzen laguntzen dutenak.

Funtsean Bjorkdahlek zera demostratu du: Hammarskjolden hegazkina beste batek tirokatu zuela, militar ingelesek oztopatu egin zutela istripuaren ikerlana, hegazkineko eskifai bat bizirik atera zutela baina hiltzen utzi,  Hammarskjoldek susmatzen zuela diplomatiko britainiarrek saboteatu nahi zutela Tshonberekin lortzear zen su etena, eta NBEren idazkari orokorrak berak hil aurretik baimendua zuela Katangako mertzenarioen kontrako eraso bat kasko urdinek egina, nahiz eta horrekin haserrarazi AEB eta Britainia Handiko agintariak.

Hari hauei guztiei tiraka, 2011ko abuztuan The Guardian egunkariko Julian Borger eta Georgina Smithek ustezko istripua gertatu zen Ndola herrian aurkitu zituzten dena bertatik ikusi zuten lekukoak. Bitxia iruditu arren, 1961eko ikerketan istripua pilotuak trakets jokatu zuelako gertatu zela erabaki zutenek ez baitzieten bertako baserritarrei galdetu kazetariek aipatzen duten Goran Bjorkdahl iritsi arte.

The Guardianek 2011n izen abizenez aipatu zituen hegazkina tirokaturik eta sutan erortzen ikusi zuten laborari ikazkinak: Dickson Mbewe, Custon Chipoya, Safeli Mulenga, John Ngongo...  50 urtez ez zien inork ezer galdetu. Kongok lurpean  mineral gehiegi zeukan gorderik. Hala dauka oraindik.

Kanal hauetan artxibatua: Nazio Batuen Erakundea  |  Kongo

Nazio Batuen Erakundea kanaletik interesatuko zaizu...
2017-10-31 | Unai Brea
Giza eskubideak nazioarteko merkataritzaren gainetik: oztopoz betetako helburua

Urriaren 23tik 27ra Genevan egin da hirugarren lan saioa –2015 eta 2016koen ostean– transnazionalen giza eskubideekiko erantzukizuna arautzeko. Helburu hori betetze aldera, itun lotesle bat sortzeko NBEren agindua du gobernu arteko lantalde batek; ez da erronka erraza, besteak beste Europar Batasuna prozedura zango-trabatzen ari delako. Lantaldearen bileran izan zen Erika González, OMAL multinazionalen behatokiko (OMAL) ikertzailea, eta hark eman digu Genevako saioaren berri.


2017-09-19 | ARGIA
Rohingyen aurkako sarraskian duen ardura zuritu du Myanmarreko Gobernuak

Amnesty International (AI) elkarteak gogor kritikatu du Aung San Suu Kyi, Myanmarreko Estatu Kontseilariak –legez presidentea ez izan arren hark du benetako boterea herrialdean– rohingya etnia jasaten ari den erasoei buruz esandakoak. Myanmarreko armadak giza eskubideen zapalkuntzan duen erantzukizunaren aurrean ez ikusiarena egitea aurpegiratu dio AIk Aung San Suu Kyiri.


NBEko kide diren zortzi herrialdek LGTBI pertsonei heriotza zigorra aplikatzen diete

LGTBI komunitateak mundu osoan bizi duen egoerari buruzko txostena kaleratu du Gay, Lesbiana, Bisexual, Transexual eta Intersexualen Nazioarteko Erakundeak (ILGA). 72 herrialdetan homosexualitatea debekatuta dagoela eta hamabitan heriotza zigorra aplikatzen dela aditzera eman dute.


2017-04-25 | ARGIA
Polizien biktimen EAEko legeak nazioarteko araudiarekin bat egiten du, NBEren arabera

Fabián Salvioli NBEko Giza Eskubideen Batzordeko presidente ohiaren esanetan, poliziaren gehiegikerien biktimei ordaina emateko iazko uztailean EAEn onartutako legea guztiz bat dator nazioarteko araudiarekin. Eusko Jaurlaritzak legeari buruzko txostena eskatu zion Salvioliri iazko udazkenean, Espainiako Gobernuak haren aurkako helegitea jarriko zuela iragarri eta gero, Konstituzioa urratzen duela argudiatua.


Munduko hiru emakumetik batek jasan ditu erasoak

Munduko emakumeen %35ek jasan ditu erasoak, Nazio Batuen Erakundeak emakumearen aurkako indarkeria ezabatzeari buruzko adierazpena ezarri zuenetik 23 urtera.


2016-11-06 | Unai Brea
Nazioarteko araudi loteslearen bila, urrats txikiz

Joan den astean amaitu zuen bigarren lan saioa enpresa transnazionalen giza eskubideekiko erantzukizuna finkatzeko zeregina duen NBEko lantaldeak. Iazkoak bezala, adituei entzun eta informazioa jasotzea beste helbururik ez zuen aurtengoak, datorren urterako nazioarteko hitzarmen lotesle baten zirriborroa prestatze aldera. Biltzarrean aditu modura parte hartu duen Juan Hernandez Zubizarreta EHUko irakasleak azaldu digu NBErengandik zer espero daitekeen, eta herri mugimenduak zer eskatzen duen.


2016-09-13 | ARGIA
Ibon Iparragirre preso gaixoak zigorra etxean betetzeko eskaria aztertuko du NBEk

Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak tramiterako onartu du Torturaren aurkako Profesionalen Topaketak –Euskal Herriko eta Argentinako juristak eta bestelako profesionalak biltzen dituen elkarteak– egindako eskaria, Ibon Iparragirre preso ondarroarrak etxean bete dezan zigorraldia amaitzeko falta zaion denbora. Hiesa du Iparragirrek, eta gaixotasuna oso aurreratuta dago. Hori dela-eta hiltzeko arriskuan dagoela argudiatu dute eskatzaileek.


2016-08-31 | ARGIA
Burkinia ez debekatzeko eskatu die NBEk Frantziako udal agintariei

Giza Eskubideen Bulegoaren aburuz “ezin da genero berdintasunik lortu emakumeek soinean eramatea erabakitzen duten janzkera arautuz". Frantziako Estatu Kontseiluak burkiniari betoa kentzeko agindu dio udalerri bati; zenbait tokitan, ordea, jakinarazi dute galarazten jarraituko dutela.


“Bangladesh-eko sarraskitik hiru urte igaro dira, eta hemen ez da ezer aldatu”

2013ko apirilean, 1.100 langile baino gehiago hil ziren Blangadesh-eko arropa enpresa batean. Benettonek, El Corte Inglesek, Mangok eta Primarkek azpikontratutako langileak ziren. Hiru urte igaro dira sarraskitik, eta Juan Hernandez Zubizarretak eta Pedro Ramirok LaMarea.es hedabidean idatzitako artikuluan salatu dute multinazionalen jarduna kontrolatzen duen mekanismo eraginkorrik ez dela sortu oraindik.


Deuseztatu daiteke enpresa transnazionalen inpunitatea?

Globalizazio neoliberalak ekarri duen agertokian enpresa transnazionalek gero eta botere handiagoa metatzen dute, dela euren dimentsio ekonomiko handiagatik, dela gobernuetan eta nazioarteko finantza erakundeetan eragiteko duten gaitasunagatik. Botere hori inpunitatearen arkitektura juridikoaz osatzen da; arkitektura horri esker, enpresa transnazionalek eskubideak urra ditzakete lege-ondorio handirik jasan gabe, eta aldiz haien interesak erabateko segurtasun juridikoak babesten ditu.

 


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude