Mugetan galdez

Duela ez asko jakin dut: ba omen dut arbaso bat urrundik etorri zena. Liejatik –eskualde hura eskutik eskura ibili zen garaian–, eta zehazkiago, frantziarrek 1793an sortu zuten eta egun jada existitzen ez den departamendu batetik –Ourthetik, zeina 1814an, Napoleon erori zenean, holandarrek desagerrarazi baitzuten, lur haiek eskuratzearekin batera–. Merkataria omen zen Alduderaino etorritako nire arbaso hura. Gero, bere ondorengo batek Pirinioak zeharkatu, eta Zilbetiraino iritsiko zen, artzain.

Historia partikularra da hau, baina, historia partikularretan, interesgarriak dira historia kolektiboarekin, munduko emakume eta gizon guztien historiarekin, dituzten loturak. Historia partikularrek galde eta gogoeta ugari sorrarazten dute.

Liejatik etorritako arbasoaren historia partikularrari esker jarri naiz Liejaren historiari buruz arakatzera, eta jakin dut bertako mugen mugimendu ugarien berri. Mugak, mapetan lerro aldagaitzak balira bezala marrazturik aurkezten badizkigute ere, ez dira zerbait finkoa, zertzelada historikoen arabera mugitzen dira. Hala ere, normalean, ez gara horretaz ohartzen, eta ez zaigu bururatzen gauzak bestelakoak izan daitezkeenik. Horren harira… irudikatuta izanen dute independentista katalanek Espainiako mapa Kataluniarik gabe?

Ez zaigu otutzen, ezta ere, jendea asko mugitu dela beti (Liejatik Aldudera, 1.100 kilometrotik gora daude!), uste baitugu bidaiatzea –dela bisitari, dela etorkin gisara– oraingo kontua dela gehienbat. Nire arbasoarenak bidaiatzeko gizakiok ditugun arrazoiez pentsatzera bultzatu nau, eta, daturik gabe, ez dago jakiterik, baina erraza da imajinatzea migratzaile gehienen arrazoi printzipalak bultzatuko zuela hura ere segur aski, bizimodua hobetzearena alegia.
Nire arbaso hura, bestalde, mugalde eleanitz batetik beste mugalde eleanitz batera mugitu zen, eta ematen du orduan normala zela euskaldun egitea urrundik etorrita ere (nire birraitonak, haren ondorengoak, euskaraz baino ez zekien gero…), ez orain bezala, non ezohiko fenomenoa baitirudien  horrek.

Arbasoaren kontuak, batik bat, pentsarazi dit noraino den zentzugabea diferentziak egitea bertakoen eta kanpokoen artean. Mugak bezala, oso etiketa aldakorrak dira horiek, eta bertakoa edo kanpokoa izateak ez du inor jartzen beste inoren gainetik. Besteak beste, gaur kanpoko dena bihar bertakoa izan daitekeelako. Eta alderantziz.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude