argia.eus
INPRIMATU
Lehen hitza euskaraz
Malen Aldalur Azpillaga @malenaldalur 2015eko apirilaren 15

Ez da ezerezetik jaio 2015-2019 Euskara Plan Orokor Berria. 2013ko uztailean euskararen erabilerarako 5. Plana onartu zen; plan horren helburu nagusia herritar guztiei euskaraz artatuak izateko bermea eskaintzea da, bai eremu publikoan baita pribatuan ere.

Udalean ere euskaraz kanpaina abiatu zuten orain urtebete eta administrazioko langileek lehen hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartu zuten. Urte bereko udazkenean, Kaixo kanpaina jarri zuten martxan Donostiako zortzi auzotako hamaika kale komertzialetan: Dendan ere euskaraz, hemen ere euskaraz, tabernan ere euskaraz bezalako errotuluak jarri zituzten dendetan eta tabernetan,  gune horietan euskaraz egiten dutela jakinarazteko.

Aurten, martxoaren 11n, Donostian ere euskaraz kanpaina aurkeztu dute; administrazioan, merkataritzan, kultur azpiegituretan eta kiroldegietan bezala, egunerokoan eta espazio publiko zein pribatu guztietan ere euskararen erabilera sustatzeko asmoz.

“Dendara sartu eta horrelako errotulu bat ikusita lasai hasi zaitezke euskaraz hitz egiten, inongo estres linguistikorik gabe”, esan du Txapartegik. Izan ere, hark dioenez, euskararen erabilera sustatzeko lehen hitza euskaraz egitea ezinbestekoa da.

Egitasmoko establezimenduetako langileen erdiak bezeroa euskaraz artatzeko gai dira. Bestalde, merkataritza eta ostalaritza gune guztiak biltzen dituen mapa interaktiboa dago Donostia euskaraz atarian.

400 establezimendutik gora daude egitasmoan. Txapartegik dio oso pozik daudela emaitzarekin eta gero eta gehiago izatea espero dutela: “Dagoeneko Amara zaharrean, Antiguan, Ibaetan eta Igaran ari gara bisitak egiten”.