argia.eus
INPRIMATU
Harribitxia
Montserrat Auzmendi del Solar 2015eko apirilaren 14a
Usandizaga hil zenetik 100 urte bete dira aurten.

Usandizagaren ‘La Llama’ operaren berrestreinaldia. Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Juan Jose Ocón. Andra Mari Abesbatza. Zuzendaria: Jose Manuel Tife. Bakarlariak: Sabina Puértolas, Mikeldi Atxalandabaso, Damián del Castillo, Elena Barbé, Maite Maruri. Lekua: Gasteizko Principal Antzokia. Data: martxoaren 16a.

Jose Maria Usandizagaren heriotzaren mendeurrena ospatzen da aurten, eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak omenaldi polita egin dio bere azkeneko obra, La Llama izeneko opera berrikusi, berrestreinatu eta grabatzearekin. Askorentzako sorpresa izan da konpositore donostiarraren lan zoragarri hau, benetan oso gutxitan antzeztu baitzen: Donostian eta Madrilen 1918an eta Bartzelonan 1932an. Handik aurrera, auskalo zergatik, kasurik ez.

Horrexegatik, ideia ezin hobea izan da obra hau berreskuratzea eta publikoari eskaintzea, zinez lan distiratsua delako eta, beraz, beste ospe bat merezi duelako. Juan Jose Oconek egin du berrikuspen kritikoaren lana, eta, emaitza ikusita, lan txalogarria egin du, dudarik gabe. Horrez gain, berrestreinaldi honen zuzendaria izan zen, eta nabaritu zen lanaren ezagupen sakona, talde osoaren onena ateratzen jakin baitzuen.

Oso gaztea zen Usandizaga opera hau burutu zuenean, 27 urte besterik ez zuen –28 urterekin hil zen–, baina aparteko heldutasun musikala erakusten du partiturak. Orkestrazio koloretsua, harmonia klasikoa baina modernitate puntu bat duena, inpresionismoaren ukituarekin, folklorea eta klasizismoa uztartzen dituena dotoreziaz… hori guztia aurki dezakegu Usandizagaren musikan, eta bereziki opera honetan.

Berrestreinaldian interprete eraginkorrak aurkitu genituen. Sabina Puértolas soprano nafarrak Tamar pertsonaia elegantea egin zuen. Oso ahots malgua du, fina. Garrantzi handia ematen die ñabardurei eta horrek interesa ematen dio bere interpretatzeko erari. Bikain. Mikeldi Atxalandabasok, Adrianen rolean, intentsitatea adierazi zuen uneoro, pertsonaiaren alde dramatikoa nabarmenduz. Elena Barbé donostiarraren kantu delikatua oso ondo egokitzen zitzaion uraren izpirituaren pertsonaiari. Agian taxu pittin bat gehiago ondo etorriko litzaioke eta jestualitatea gehiago lantzea. Miren Urbieta Vegak paper txiki bat egin zuen, narratzailearena hain zuzen ere, baina denbora gutxian garbi utzi zuen bere kantu distiratsua. Eta gainontzeko bakarlariek, Damián del Castillo, Fernando Latorre, Maite Maruri eta Xabier Anduaga gazteak, kalitate bokala eskaini zuten. Andra Mari Abesbatzak, ohi bezala, biribiltasuna eman zion osotasunari. Ea hemendik aurrera gehiago entzuten dugun obra xarmangarri hau.