Feminizidioa


2015eko apirilaren 19an

Apirilaren 5a da, igandea. Aste honetan, Espainiako Estatuan sei gizonek emakumezko bikotekideak edo bikotekide ohiak erail dituzte. 29 urteko gasteiztar bat izan da azken biktima. Bere hiru haurtxoak umezurtz geratu dira. Feminicidio.net webguneak aurten hogei erailketa matxista zenbatu ditu hiru hilabetetan. Datu ofizialen arabera hamabi dira, Espainiko Estatuak genero indarkeria bezala zerrendatzeko hildakoaren eta hiltzailearen artean bikote harremana egon behar duelako.

Sare sozialetan feministok alerta egoera adierazi dugu; Espainiako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako buruek, ordea, ez dute kezkarik erakutsi. “Genero indarkeria Gasteiz lehendakari” hitzak tekleatu ditut Googlen. 2013ko albiste bat agertu da lehenengo emaitza bezala: Iñigo Urkulluk Emakunderen ekitaldi batean esan zuen genero indarkeria erauztea garrantzi handiko helburua dela berarentzat. “Erailketa Gasteiz Urkullu” Googlen idatzi dut ondoren. El Mundo egunkariko honako albistea agertu da lehen emaitzen artean: “Ertzaintza ‘yihadismo terroristari’ aurre egiteko guztiz prest dagoela ziurtatu du lehendakariak”. Data: 2015eko apirilaren 1a. Yihadismoaren mamuak indarkeria sexistaren errealitateak baino arreta politiko eta mediatiko gehiago jasotzen du. Berdintasunaren aldeko ekitaldi konkretuetatik kanpo, emakumeen erailketek ez dute deklarazio politikorik merezi.

Aste honetan bertan, Guardia Zibilak Twitterren bidez emakumeen kontrako tratu txarrak gizonen kontrako tratu txarrekin parekatzen dituen kartel bat hedatu du. Nire lagun ez feministek egoki ikusi dute indarkeria guztiak neurri berean salatzea. Berriro ere azaldu behar izan dut halako irudien helburua emakumeen kontrako indarkeriaren berezitasuna eta egiturazko izaera ukatzea dela.

“Etxeko indarkeria” kontzeptua erabiltzen dute askok oraindik ere. Espainiako Estatuko Genero Indarkeriaren kontrako legeak joera hori indartzen du, bere aplikazioa bikote esparrura mugatzen duelako. Indarkeria matxistak, ordea, hamaika aurpegi ditu. Sexu jazarpena, esaterako, kalean, lanpostuan, tabernan, gaztetxean edota autobusean bizi dezakegu. Erasotzaile matxistak ez dira izaki zoroak, patriarkatuaren semeak baizik, emakumeentzat bortitza den eta eraso sexistak normalizatzen dituen sistema honetan heziak. Hori esan nahi dugu genero indarkeria egiturazkoa dela azaltzen saiatzen garenean.

Baina erailketei buruz aritzeko “indarkeria matxista” kontzeptua erabiltzeak ere arazo bat dakar: icebergaren tontorra bakarrik izendatzea suposatzen duela. Hori dela eta, premiazkoa iruditzen zait Latinoamerikan oso hedatuta dagoen “feminizidio” kontzeptua gurera ekartzea. Hau da, emakumeak emakume izateagatik bikote esparruan zein beste esparruetan (gogoratu Nagore Laffage, esaterako) sistematikoki erailak garela azpimarratzeko. Emakumeak kontrolpean mantentzeko helburu duen indarkeria matxistaren adierazlerik odoltsuena dela argi uzteko. Eta, batez ere, estatuen konplizitatea salatzeko. Cear-Euskadi erakundearen hiztegiaren hitzetan, feminizidio kontzeptuak “indarkeriari aurre egiteko estatuak izandako borondate txikia eta eusten dituen egitura patriarkalen bitartez indarkeria iraunarazteko duen papera” adierazten du. Argi dago, gobernua ez da gai biztanleriaren erdiaren bizitza eta giza eskubideak bermatzeko. Beraz, feminizidioa ez da gertakari isolatuen multzoa, baizik eta emakumeen kontrako estatu-krimena.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude