Nola egin autokritika (jarraibide laburra)


2015eko apirilaren 05an
Antton Olariaga

Autokritika egitea ariketa osasungarri eta komenigarria dela ukatuko duenik ez duzu inon aurkituko. Gutxi dira hain ospe ona duten ariketa mentalak. Autokritika noizbehinka egin behar da, bizitzan behin gutxienez; baina oso arriskutsua ere izan daitekeenez, hona autokritikari trebatu gabeari aurkezten dizkiogun jarraitu beharreko aholku batzuk, autokritika egin eta onik ateratzeko.

1. Autokritika izena gorabehera, ez ezazu autokritika zeure kabuz egin. Multzoan egitea komeni da. Multzoak, dela alderdia, dela taldekide zaituen edozein komunitate, zehaztuko dizu autokritika egiten noiz hasi eta, batez ere, noraino. Autokritikak nola ez, bere mugak ere badituelako. Autokritikaren bide malkarrean aurrera zeure kabuz eginez gero, autobaztertzearen eremu mortuan amai zaitezke inpentsan.

2. Taldean autokritika egiten baduzu, ziur egon zaitez taldeak aldez aurretik, modu gutxi gorabehera esan gabean, ezarri duen autokritikaren emaitzaren helmuga zehatzen jabe zarela.

3. Autokritika egitea hagitz da erraza, ondokoari autokritika egiteko eskatzean baino ez datza.

4. Eska iezaiozu ondokoari autokritika egin dezan, berak zuri eska diezazun baino lehenago. Far Westeko arauak indarrean daude autokritikagintzan ere, pistola zorrotik lehenago ateratzen duenak bizirauteko aukera gehiago dauzka. Hurkoari –izan gogaide, izan etsai– autokritika egiteko eskatzen duenak mirariaz bereganatzen ditu autokritika egin izanari darizkion onurak. Ez du zer ondoriotara iritsi den erakutsi beharrik, ez du zertan aldatu duen frogaturik, nagusitasun moraletik ari zaigu zer bide jarraitu behar dugun erakusten.

5. Autokritika egitea hagitz erraza da (bis), autokritika egiteko eskatzen dizunak, eskaerarekin bat, askotan, ia beti, argituko dizu, puntuz puntu, orain arte zer egin duzun gaizki eta zer aldatu behar duzun.

6. Autokritika aldez aurretik –gehienetan zutaz kanpo den indar batek– zehaztutako estrategia aldaketa baten trantsiziozko fase baten iragarpena da. Autokritika egiten duenak ez du porrotik egin. Autokritika, dagokion unean –erne, hor baitago koxka!–, egitea ortodoxiatik ez ateratzeko bidea da. Zentzu horretan, errukarria, komeni edo behar denean, autokritikara makurtzeko egokiera ikusteko usaimena ez duena.

7. Autokritika ironikoaren adibide bat. Tel Aviveko museo batean harresi zati bat irudikatu dute, arte garaikide askoren kasuan bezala, gaurko errealitatearen zerbait salatzeko asmoz. Lanaren izenburura hurbildu eta BERLIN irakur daiteke –nahiz eta harresi zatiak pintadarik ez izan–. Benetako autokritika besteak autokritikatzetik hasten da. Hortik norbaitek haratagokorik ulertu nahi badu, libre da.

8. Autokritikak –eragindako kalteagatik– barkamena eskatzetik libratzen zaitu. Autokritika fenomeno proaktiboa, multidinamikoa, protopositibo –paratu hemen beste edozein modako adjektibo– eta, batez ere, etorkizunari begirakoa da. Hain da askotarikoa autokritikaren onuren zerrenda barkamenarena ere aurresuposatzen baitu. “Ez dut partidurako nahikoa entrenatu. Autokritikoa izan behar dut –hemen hobesten da zera gehitzea– neure buruarekin” esaten duenak, esaterako, ez die zaleei barkamenik eskatu beharrik, ezta hurrengoan gehiago zertan entrenatu.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude