Euzkadiren askatasuna amets, nazien kontra borrokan

  • Gernika Batailoiak Pointe de Grave naziengandik askatu zuela 70 urte bete dira. 1945eko apirilaren 14an Kepa Ordoki komandantearen agindupean abiatu zuten oldarraldi epikoa euskal soldaduek; hiru aste geroago Berlin errenditu zen.

Gernika Batailoiko kideak Medoc inguruko hondartzetan, San Andres batailoia zenaren ikurrina eurekin dutela.

Soulac-sur-Mer eta Le Verdon-sur-Mer herriak Medoc ardogintza eskualdeko Landetan daude kokaturik. Turismo gune garrantzitsua da Soulac, nagusiki udaran. Izatez, Donejakue Bidearen pasa-leku ere bada, eta horri zor dio bere gaskoierazko izena Soulac-eko XIII. mendeko Nòsta Dama de la Fin de las Tèrras basilikak. Gizateriaren Ondare deklaratuta dago beste monumentu sorta batekin. Eliza hau, alabaina, ez da apika inguruetan dagoen eraikin ikusgarriena. Soulac-era iritsi eta berehala, oso agerikoak dira hurbileko iraganaren parte diren "blockhaus" delakoak, Akitaniako kostaldeko beste leku batzuetan baino gehiago. Herri horren eta ondoko Le Verdonen artean, betoizko 350 babesleku inguru eraiki zituzten naziek.

Girondako estuarioa aitzinako garaietatik izan da kokaleku estrategikoa, itsaso bidezko Bordelerako sarrera baita. Normandiako lehorreratzearen ostean, 1944ko abuztuaren 28an askatu zuten Bordele Aliatuek naziengandik. Baina De Gaullek berak idatzizko oroitzapenetan adierazi zuenez, "irailaren 17an urduritasuna sumatu nuen Bordelen. Alemaniarrak bertatik erretiratu ziren, baina inguruetan jarraitzen zuten, Royan eta Pointe de Graven lubakituak, porturako sarbidea eragotziz eta itzultzeko mehatxupean". Hain ziren egundokoak alemaniarren gotorlekuak, Aliatuen aginteak horiek gainditu eta nolabait atzean uztea erabaki baitzuen.

Nazien kapitulazioa baino hiru aste lehenago, Frantzia ez zegoen oraindik guztiz askatua, beraz: Dunkerquen, Saint-Nazairen, La Rochellen, Re eta Oleron uharteetan, Royanen eta Pointe de Graven Alemaniako soldaduen nolabaiteko poltsa bakan batzuk geratu ziren. Isolatuak egonagatik, ordea, ez zioten gogor borrokatzeari utzi.

Gernika Batailoiaren sorrera

Gernika Batailoiaren sorrera eta garapena Kepa Ordoki irungo igeltsero eta gudariari zor zaio, nagusiki. EAE-ANVko militantea eta ELA-STVko kidea 1936ko Gudan borrokatu zen Euzko Gudarosteko San Andres Batailoian, 1937. urtean faxistek atxilo hartu eta Duesoko kartzelan (Kantabria) preso sartu zuten arte. Bertatik ihes egin eta Ipar Euskal Herrira jo zuen, baina Gurseko kontzentrazio-esparruan giltzapetu zuten berriro, Biarnon. Handik ere ihes egitea lortu zuen irundarrak, eta Baionan bizi izan zen errefuxiatu gisa, erresistentzian sartu eta hainbat ekintzatan parte hartu zuen arte.

1936ko Gudatik ihesi, hainbat euskal herritarrek parte hartu zuten erresistentzian eta makietan. Asko eta asko PCEren inguruko Unión Nacional Española (UNE) delakoan  aritu ziren. Victorio Vicuña lasartearra izan zen gerrila honetako buruetako bat eta Bidasoatik gertu kantonatutako brigada bateko komandante. UNEren asmoetako bat Euskal Herrian ekintza armatuak burutzea zen, eta horretarako gudari euskaldunak ezinbestekoak zituen. Horregatik jarri zen harremanetan Kepa Ordokirekin. Azken honek, alabaina, Pirinioetan eta Landetan sakabanatutako euskal gerrillariak batu eta batailoi bat sortzeko agindua jaso zuen, Eliodoro de la Torre kontseilari abertzalearekin Baionan elkartu ostean. 140 bat gudari elkartu zituen Salbaterra Bearnon.

Erbesteko Eusko Jaurlaritzaren aginduz, ordurako sortua zen Gernika Batailoia UNEtik banandu zen. Jesus Maria Leizaolak Frantziako Armadarekin izandako negoziazioen ondorioz, Gernikako 200 kideak Bordele inguruetara eraman zituzten eta 8. Erregimentu Misto Marokoar Atzerritarrean lekukotu ziren, Jan Chodzko komandantearen aginduetara. Gernika Batailoiarekin batera Libertad izenekoa ere abiatu zen, Federazio Anarkista Iberiarreko Manuel Santos komandantearen agindupean. Izatez, Gernika batailoiak gutxi zuen batailoitik eta apenas iristen zen konpainia izatera.

“Beneragarri” operazioa

1945. urteko apirilaren 14an, azkenik, borrokara deitu zituzten Gernika Batailoieko gudariak, “Beneragarri” (Vénérable) bezala izendatua izan zen operazioan. Royan eta Pointe de Graveko gordeleku naziekin akabatzeko asmoz, airetik, lurretik nahiz itsasotik bonbardatu zituzten lehendabizi alemaniarren kokalekuak. Gernikarekin batera, Libertad batailoia eta Gerrillari Espainolen Brigada abiatu ziren Soulac-era bidean.

Guda zelaia txikia izan arren –25 kilometro zabal eta 20 luze– tropa alemaniarrak indartsu gotortuta jarraitzen zuten Soulac-eko inguruetan. 4.000 soldadu, 110 kainoi, 800.000 mina eta bestelako hainbat defentsa zeuzkaten. Gainera, Britainia Handiko zerbitzu sekretuen arabera, Bilbo eta Portugaletetik iritsitako bizigaiez horniturik zeuden, Martinez Campos general frankistaren bitartez. Askatzaileen aldetik, berriz, 500 hegazkinek, 13.000 soldaduk eta 40 gerra-gurdik hartu zuten parte orotara.

Apirilaren 14ko goiz hartan, Louis Soully kapilaua soldaduak animatzen saiatu omen zen, euskaraz eta gaztelaniaz hitz bat bera ez zekien arren. Ondoren banatu zuten cognac-ak, seguruenik, kapilauaren hitzek baino eragin handiagoa izango zuen gudariengan. Soldadu euskaldunek "40 Kota" delakora iristea zuten helburu, Montalivet herriko sarreran.

“Borrokatzeko garaia heldu da. Jakinarazi Frantziako herriari euskaldunek badakitela askatasunaren alde borrokatzen eta hiltzen. Hartu Euzkadiko heriotzen mendeku. Durangon eta Gernikan heriotza eragin zuten alemaniar berak dira. Ez ahaztu Frantzia zuen erakusbideaz harro egongo dela… Gora Euzkadi Askatuta!”. Horiek izan omen ziren Kepa Ordokiren hitzak, iturri ezberdinek jasotakoaren arabera.  Arratsaldean ekin zioten erasoari.

Dirudienez, aginte frantziarraren argibideak ez ziren oso zehatzak izan eta misioa suizidatzak hartu duenik ere izan da. “40 Kota” delakotik 800 metroko mina zelai batek eta gurdien aurkako lubanarro batek banatzen zituen; gainera, nazien kokalekua altuagoa zen eta 4 arma automatiko eta 160 soldadu inguru zeuzkaten kota defenditzen. Lehenengo saiakera horretan Gernika Batailoiko 4 gudari hil ziren eta beste 35 lagun zauritu zituzten.

Hurrengo egunean, batailoiak etsaia berriz erasotzeko agindua jaso zuen, baina berehala ezerezean geratu zen, ordurako naziek atzera egin baitzuten eta marokoarren erregimentuak aurrera. Azkenik, apirilaren 15ean erori zen “40 Kota”, eta hurrengo egunean Gernika Batailoiko kideak Montalivet-en sartu ahal izan ziren, hainbat soldadu alemaniar preso hartuta.

Apirilaren 19an Carnot brigadak Soulac hartu zuen eta 20an Pointe de Graverantz abiatu ziren; Arros-eko baterian topatu zuten nazien erresistentzia bortitzena. Gernika Batailoia, 2. Dibisio Blindatuarekin batera, Arros-eko bateriako azken bunkerrari oldartu zitzaion. Oldarraldiari apenas aurre egin gabe, eraikineko ofizialak bere buruaz beste egin eta berehala errenditu ei zen goarnizio osoa.

Carlos Iñiguiz tenienteak bandera nazia kendu eta ikurrina paratu omen zuen haren ordez, baina 2. Dibisio Blindatuak ez zuen espero hain azkar garaituko zituztenik, eta erasoari eutsi zion nahasmenaren erdian. Ustekabeko aliatuen sua jaso zuten orduan eta ofizialki batailoi honetan zauriturik eragin ez zuen arren, iturri batzuen arabera hildakoren bat ere izan zen.

Mikel Rodriguezek Memoria de los vascos en la II. Guerra Mundial liburuan jasotako lekukotasunen arabera, soldadu alemaniarrek beldur handia zieten tropa frantziarrei eta haien balizko errepresaliari. Gernika Batailoiko gudariak beren uniforme eta kaskoengatik bereizten ziren besteengandik, eta dirudienez soldadu nazi askok internazionala abestuz edo “moi polonais” (“ni poloniarra”) esanez entregatzen omen zitzaizkien euskaldunei. Lekukotasunen arabera, frantziarrek gehiegikeriaz tratatu zituzten atxilotuak maiz. Euskal gudariek, ordea, gupida zieten soldadu alemaniarrei eta horietako gazteenak ezkutatu eta babestu zituzten, batailoiko kidetzat hartuz.

Orotara, Gernika Batailoiko 5 soldadu hil ziren Medoc-eko gudazelaian. 29 urteko Juan Jose Jausoro Sasia sarjentua –Alonsotegikoa eta PSOEkoa–, 32 urteko Felix Iglesias Mina sargentua –Atarrabian jaiotako errenteriarra, komunista eta Larrañaga Batailoiko ofizial ohia–, 37 urteko Antxon Lizarralde –durangarra eta EAE-ANVkoa–, 18 urteko Anton Mujika –Tolosakoa eta EAJ-PNVkoa– eta Prudencio Orbiz –gipuzkoarra eta EAJ-PNVkoa–. Goarnizio alemaniarrean 600 hildako izan ziren eta Frantziako Armadan 300 inguru.

Promesak eta ametsak

Charles de Gaulle generalak berak errebista pasa zien euskal soldaduei Grayan-go aerodromoan, ikurrinaren eta Libertad batailoiaren bandera errepublikar espainolaren aurrean agur militarra eginez. Gernika Batailoi txikiak Medoc-en egindakoa, ezintasun guztiak gaindituz, oso goraipatua izan zen beste konpainia eta batailoietako burkideen artean, “40 Kotaren” konkistan eta Pointe de Graveko aitzinaraztean erakutsitako kemenagatik bereziki. De Gaullek agurtu zuen ikurrina 1936ko Gudako Saseta Batailoiko San Andres konpainiarena zen, hain zuzen ere.

Pointe de Grave askatu zuten egun berean hasi zen Berlineko bataila, apirilaren 20an. Eta maiatzaren 8an eman zen amaitutzat II. Mundu Gerra, aliatuek Alemania naziaren baldintza gabeko errendizioa onartu zuten egunean.

Jose Antonio Agirre lehendakaria apirilaren 19an iritsi zen Parisera Amerikako Estatu Batuetatik, eta Medoc-era abiatu zen handik gutxira, Gernika Batailoiko kideak omentzera. Maiatzaren lehenean, Chodzko komandanteak guda gurutzea izeneko domina eman omen zion ondokoa esanez: “Zure herria askatzera goazenean, itzuliko didazu Gernikako arbolaren azpian”.

Maiatz hartan, Gernika Batailoiko 100 bat kide Paris inguruko Rothschild izeneko gaztelu batera eraman omen zituzten, isilpean.  Bertan, AEBetako Armadaren trebakuntza jasoko zuten hainbat hilabetez, etorkizuneko balizko Euskal Herri independente bateko polizia izango zenaren ustezko hastapenetan. Aliatuei emandako laguntzaren truke, Francoren diktadurarekin amaitzeko babesa jasoko zuten itxaropena zuten, antza, erbesteko Eusko Jaurlaritzako agintariek, Leizaolak, Irujok nahiz Agirrek. AEBetan izandako aldaketa politikoaren ondorioz, alabaina, agintari euskaldunek Washingtonekin ustez hitzartu zutena bertan behera geratu zen. Guda irabazita, estatubatuarrek bestelako buruhausteak zeuzkaten, eta frankisten aurkako eraso hori ez zen inoiz ailegatu. 1945eko irailaren 30ean Gernika Batailoia behin betiko desagerrarazi zuten.

Apirilaren 22an, Grayango aerodromoan errebista pasa ondoren, brindis moduko bat antolatu omen zen. Kepa Ordokik berak Argiari 1988. urtean eskainitako elkarrizketa batean adierazi zuenez, “naftalina usaina” zerion bilkurari, eta handik alde egitea erabaki zuen komandante irundarrak. Halako batean, baina, De Gaullek deitu zuen eta ondokoa esan omen zion: “Komandante, Frantziak ez ditu sekula ahaztuko euskal herritarrek geure herria askatzeko egindako ahalegin eta sakrifizioak”. Baina jakina da zertan geratu zen, Ordokik gogorarazi zion astekari honi: “Ikusi duzu hitz haiek haizeak norat eraman dituen”. Hainbat Guda Gurutze eskaini omen zizkieten euskal gudariei, baina norbanako gisa hartu beharrean, eroritakoei eta ikurriñari eskaini omen zizkieten. Handik egun batzutara Bordelen desfilatu zuten, batailoiaren argazki ezagunenetako batean ikus daitekeen bezala.

Gaur egun, hainbat oroigarri daude sakabanatuta Gernika batailoiaren balentria gogorarazteko. Montaliveteko “40 Kota” delakoan hildakoen oroimenez eraikitako gunea dago, eta Soulac-Sur-Mer-en ere eroritakoen monumentuaz gain metalezko hainbat xafla-oroigarri eta museo txiki bat, Medoc Iparraldeko Gotorlekuaren Oroimenezko elkarteak kudeatuta. Gertakariaren urteurrenean, Sancho de Beurko elkarteak eta Frantziako beste erakunde batzuk borrokaren omenezko ekitaldia antolatu izan dute. Gernikan bertan ere, Pasealekuko Eskola Publikotik gertu, badago batailoiaren omenezko eskultura eta idatzi bat, eta Gernikako Batzarretxean batailoiak erabili zuen ikurrina dago gordeta. Oroigarri guztietan deigarriena, ordea, Medoc-en zutik dirauten porlanezko eraikin erraldoi horiek dira, ezin izan baititu haizeak eraman, De Gaulleren hitzak bailiran.


ASTEKARIA
2015eko apirilaren 05a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: II. Mundu Gerra
2024-04-08 | ARGIA
Gurseko kontzentrazio esparruan egondako presoak omendu dituzte, tartean 6.000 euskaldun

Urtero bezala, Terres de Mémoire(s) et de Luttes elkarteak Gurseko kontzentrazio esparruan egondako presoak omendu ditu. Horietako asko Euzko Gudarosteko eta armada errepublikarreko kideak ziren. Francoren aurka aritutako beste hainbat, eta Hitlerren eta Mussoliniren... [+]


Missak Manouchianen lorratza
Euskal partisano komunistak nazien kontra

Otsailaren 21ean Missak Manouchian eta Melinée Assadourian senar-emazte armeniarren gorpuzkiak Pariseko Panteoian sartuko dituzte ohore guztiekin. Poeta eta partisano komunista, Manouchianek ekintza ikusgarriak gidatu zituen Bigarren Mundu Gerran okupaturiko Frantzian,... [+]


2024-02-12 | Jakoba Errekondo
Indi gaztainondoaren gerrateak

Zuloan sartuta egotea ez duk txarrena –esan zion Manuk–, txarrena duk ez jakitea noiz aterako haizen, edo inoiz aterako haizen ere. Lander Garroren Gerra Txikia nobelan, non gerra bateko iheslarien gorabeherak azaltzen dituen, pertsonaien artean, Anna Frank dakarte... [+]


Frankismoko bunkerrak
Hormigoizko orbainak Pirinioetako mugan

1936ko Gerra amaitzear zela, Franco diktadoreak Pirinioetan milaka bunker eraikitzea agindu zuen. Mendian horiek ikusten aspaldi ohituak gaude, baina ez genekien defentsarako lerro erraldoi bat osatzen zutela, eta azken urteetan berreskuratzeko ekimenak jarri dira abian. Izan... [+]


Adolf Eichmann: errugabea sentitzen zen nazia

Aurten 60 urte bete dira Hannah Arendtek Eichmann Jerusalemen liburua kaleratu zuenetik. Urte bat gehiago pasatu da Adolf Eichmann funtzionario nazia, Holokaustoaren "arduradun logistikoa", Israelen urkatu zutenetik. Eichmannen epaiketaren jarraipen... [+]


Eguneraketa berriak daude