Azeribuztan zahar

Rror-CC By SA

Gure munduaren sorrerako garaiekin lotzen da azeribuztanaren landare generoa (Equisetum). Paleozoikoko garai Devoniarrean, duela 400 milioi urte inguru, bere senideak bizi ziren. Geroxeago, Karboniferoan, duela 300 milioi urteren bueltan, basoetako nagusiak ziren azeribuztan erraldoiak, 30 metro artekoak. Gaur erre eta erre ari garen ikatzaren, petrolioaren eta gasaren sorrera baso horietako landareetan dago. Azeribuztanean ere bai.

Eta oraindik bizi dira haien ondorengoak, Equisetum genero horretakoak, alegia. Equisetum izena latineko equi (behorra) eta seta (zurda) hitzetatik dator. Bere formagatik buztanekin lotu izan da landare genero hau: astobuztana, mandobuztana, xagubuztana, arratoibuztana, muskerbuztana, mandabuztana, zamaribuztana, moxalbuztana, txerribuztana, zezenbuztana, behorbuztana... Buztan desberdin asko da gurearen inguruko hizkuntzetan.

“Tornularien buztana” ere deitzen diote gazteleraz. Lantegiko tornuan aritzen dena edo barrutegietako mojen etxeko tornuan dabilena, nor ote da izena eman dion tornulari hori? Auskalo!

Izen xelebre ugari du azeribuztanak. Beti bizi izan gara bere aldamenean, nor garenez gero. Behar izan dugunero hor izan da; azalean dituen silize kristalek mirariak, benetakoak, egiten baititu. Sendabelar arrunta da; kontuz erabili behar da, eta batez ere ongi identifikatuta: azeribuztan bat baino gehiago dago, eta denek ez dute, ezta gutxiago ere, eragin bera. Jaki ere bada: japoniarrentzat belar basaka estimatua da; Europa aldean udaberriko puja berri guriak zainzurien moduan jaten dira, baita arrautzetan pasatu eta frijituta olio-ozpinarekin ere, eta zopa eta saltsetan ere topa dezakezu. Kosmetikan lepo erabiltzen da, halaber: lepo aldean, belarri izkinan, ezpainen eta betazalen ertzetan eta nonahi sortzen diren zimurrak leuntzeko. Itxura nagusi; itxuraz, ehunetako kolagenoari eutsiz azalari tenteago eusten dio. Beste azal batzuen leuntzaile ere badarabilgu. Espartzu bezala landare zati bat hartu eta beirazko eta metalezko piezak igurzten dira. Ederki garbitu eta leuntzen ditu brontzea, kobrea, zilarra, eztainua eta abar. “Eztainu-belarra” deitzen zaio gurean, eta gazteleraz, limpiaplata. Luthierrek maitea dute, zura ere gozo leuntzen omen du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Barazkiak eta belarrak
2020-07-14 | ARGIA
Europar Batasuneko pestizida kontsumitzaile handiena da Espainiako Estatua

Emaitza oso kezkagarriak jasotzen ditu Ekologistak Martxanek aurkezturiko txostenak. Espainiako Estatuan komertzializatutako 2.711 elikagai aztertu dituzte eta %34ak plagiziden arrastoak ditu, tartean debekatutako substantziak. Frutak eta barazkiak bakarrik hartzen baditugu... [+]


Euskal produktu ez hain gureen historia

Euskal Herrian bertakotzat dugun baratzegintza eredua produktu historiko modernoa da guztiz. Oraintxe landatuak izango dituzten Ezpeletako, Ibarrako eta Gernikako piperrak; Tolosako babarrunak; Arabako patata; edo Duzunaritzeko arto gorria; guztiak dira 1492tik Amerikako... [+]


2020-01-26 | Jakoba Errekondo
Uzta eta lana aurreikusi, eta bilakatu

Datorren uztailean izango al dugu lanik? Izango al dugu labore uzta biltzeko lanik? Gure aldean, etorkizuna planifikatzeko eta antolatzeko gaitasun handia dute landareek; ia landare guztiek. Bere zikloa biziko den tokian gertatuko diren gorabeheretara egokitua izango da... [+]


Eguneraketa berriak daude