Dantza, plazatan ez, areto eta garitoetan

Anai arrebak

Anai arrebak

Bonberenea Ekintzak, 2015

Behin baino gehiagotan esan izan da Euskal Herrian eta bereziki Gipuzkoan ez dela dantzan egiten, eta are eta gutxiago gazteek. Salbuespena txanpinoiak bezala ugaltzen diren ska taldeek osatzen dute, baina hortik kanpo ezer ere ez. Horri buelta eman nahian, eta dantza plazatatik areto eta txoko guztietara eramateko asmoz, 2010ean Anai Arrebak taldea sortu zuten, Euskal Herriko panoraman ezuste atsegina. Gainera, erabat harritu gintuen proiektuaren sustatzaileak nortzuk ziren jakiteak. Honako hauek dira beraien curriculumean agertzen diren aurrekariak: metalari buelta eta erdi eman zion Jousilouli talde irudimentsua; doinu gogorrenak muturreraino eraman zituen Naizroxa; eta hardcorea eta punk-rocka batu zituen Trigger Travis, besteak beste.

Taldeak oso helburu argia finkatu zuen hasieratik: mundu guztia dantzan jarri eta disco musikari merezi duen balioa eta lekua ematea. Taldearen maketa confeti eta ostia txarrez betetako eztanda izan zen. New-wave, post-punk eta disco leherketa indartsua, vintagea eta aldi berean berritzailea. Rockeroak, gerorik, etorkizunik ez balego bezala, urgentziazko disco musika egiten.

Horren ostean egindako kontzertu ugariek balio izan zuten mozkor, abstemio, politoxikomano, punky, popero, metalero zein modernoen gerriak mugiarazteko eta, aspaldiko partez, askoren  barrenak askatzen laguntzeko. Nolabait, zuri-beltzezko garai hauei kolorea eman zieten eta berezkoa duten indarra dantzara bideratu zuten. 2012an lehen disko luzea kaleratu zuten, eta maketan batutako estiloez gain, soul, funk, pop eta erritmo latinoak ere gehitu zizkioten proposamenari.

Ohikoa duten moduan Portugal Txiki estudioan isilean lanean aritu ostean, taldearen bigarren lan luzea aurkezteari ekin berri diote orain. Taldeak propio duen energia sutsu hori baretzen ahalegindu dira eta barru-barruan daramaten pop­a azaleratzen, beti ere entzulea erritmo eta dantzaren eremuan sorgindu nahian.

Abesti bakoitzak detaile ugari ditu, atzeko lan ugari: instrumentazio eta konponketa lan izugarria dago. Elektronika, 80ko hamarkadako zigilua duten makinatxoekin egina, gero eta presenteago dago laukotearen eskaintzan. Funkyaren eremuan ere gero eta erosoago mugitzen dira; perkusioaz ederto baliatzen dira; eta disco­arenganako hurbilketak pasarte propioa merezi du: discoa beraientzat jaio zela askok uste badute ere, disco­a aldatzeko eta biziberritzeko etorri direla uste dut.

Pop­a bai, ahots eta melodia itsaskorretan; musika beltza, dantzarazten gaituen alfonbran; elektronika, erritmo eta bultzada gehigarri horretan; rocka, ezkutatu ezin den DNAn; eta taldekideen eta gauaren misterioa, soinu banda aproposak diren introetan.

Hit-ak dira kantu horietako zenbait, konturatu orduko harrapatu eta lelotuko zaituztenak. Gainera, ondo baino hobeto dakite melodia borobilei esker errazago aterako gaituztela pistara eta blaituko dizkigutela mezu garratz eta pozointsuek, beraien habitatean, gauean, jaio eta hazitakoak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Diskoak
2022-11-27 | Iker Barandiaran
Bizi(g)arria

Harritu nau –zentzu onean– proiektu berri honek. Adiera edo zentzu asko ditu hitzak eta Bergaran Aitor Aldanondok harri baten inguruan sortutako honek baditu hainbat. Urteetan hartutakoa –bizitakoa– nolabait atera nahi izan du lan honetan.

Ibilbide... [+]


2022-11-20 | Xalba Ramirez
Zintzo izatearen fantasia

Eñaut Elorrietaren inguruko dokumental bat egin zutela-eta, Tabakalerara gonbidatu ninduten orain bizpahiru aste. Gustuz hartu nuen lagunarteko estreinaldirako gonbita, baina zinema aretora hurbiltzean jende asko hasi nintzen topatzen; hor Paul eta Itziar, hor Sarri, hor... [+]


2022-11-06 | Iker Barandiaran
Katuek baino ertz gehiago

Batzuetan elementu asko elkartu behar dira aurreikusi ez duzun emaitza bat ateratzeko. Hori gertatu da nolabait Gernika eta Bermeo artean sortutako Feline taldearekin. Primeros Auxilios punk taldeko Iñaki Baini-k etxean elektronikarekin jolasteari ekin eta maketa batzuk... [+]


2022-10-30 | Xalba Ramirez
Gustuko lautadan nekerik ez

"Hemen, errebelazio bat bezala, espazioa eta denbora argiago ikusten dira". Miren Narbaiza bueltan da berriz, eta eskerrak. Eszenak eman duen kantugilerik berezienetako bat da Narbaiza. Kanta berriak nola gobernatzen dituen ikustea besterik ez dago.

Zeren, sortzaile... [+]


2022-10-16 | Iker Barandiaran
Bi altxor eta sorleku bakarra: Buenawixta

Asko poztu nintzen Artza anaiek diskoetxe berria abiaraztearekin bat Barrakos-en maketa –non erosiko nuen, Boga tabernan?– berreskuratu eta biniloan ateratzeko asmoa zutela jakitean. Izan ere, aipatutako maketa –1990koa– gure musika historian oharkabean... [+]


Eguneraketa berriak daude