Nola bihurtu zinema zahar bat kulturgune berri

  • Zarauzko Udalak orain ia bi urte eta erdi hartu zuen alokairuan Modelo zinemaren eraikina. Ordudanik, kultur eredua errotik aldatuz, erabilera anitzeko areto moduan funtzionatu du, herritarren parte-hartzea oinarri. Orain, Udalak eraikina erosi ostean, herriko kulturgune dinamiko eta garrantzitsuenetarikoa bilakatu da.

2012an itxi zuten Modelo zinema eta desagertzera kondenatua zirudien, baina kultur jardueretarako berreskuratu da.zuzarautz.info

Herriko erdigunean dagoen ia ehun urteko eraikina 2012ko neguan itxi zuten jabeek, negozioa gainbeheran zela-eta. Nostalgikoak kenduta, zarauztar gehienek inguruko herrietako zinemetara joateko ohitura zuten ordurako, Modelo hotz, zahar, deseroso geratu zitzaielako. Horrez gain, Lizardi antzokia ere eraitsi egin zuten, etxebizitzak eraikitzeko. Udal Gobernu berria agintera iritsi eta berehala, beraz, azpiegitura kulturalei buruzko hausnarketa egin zuen, herriak zituen hutsuneei erantzun ahal izateko.

“Ez dugu ahaztu behar, gainera”, dio Gari Berasaluzek, Zarauzko kultura zinegotziak, “aurreko legegintzaldietan polikulturala lehenetsi zutela. 21 milioi euroko aurrekontua zuen, eta herriko kultur azpiegituren gabezia guztiak aseko omen zituen, bertan aurreikusi baitzituzten zinema, antzokia, musika eskola… Gure ustez, ordea, proiektu hori Zarautzen beharretatik oso urrun zegoen. Oskola lehenetsi zuten, mamia ahaztuta, eta horrek Udala eta herri mugimenduak nabarmen urrundu zituen”.

Herriaren eskaerari erantzunez

Parte-hartze prozesu bat jarri zuen martxan Udalak legegintzaldi honen hasieran herriko kultur azpiegituren inguruan. Bilera horietan zenbait ondorio atera ziren eta, besteak beste, Modelo zenaren eraikina berreskuratzearen beharra plazaratu zuten herriko zenbait kultur eragilek. “Historikoki garrantzia duen topagunea dela, herriaren erdigunean dagoela, eta eraikina bere horretan erortzen ezin genuela utzi adierazi zuten askok”, dio Berasaluzek. Udalaren planetan lehenetsia ez zegoen arren, gobernuak kontuan hartu zuen askoren iritzia zena,  eta jabe ohiei alokairuan hartu zioten eraikina. Arriskua beren gain hartu zuten: eraikina kudeatzen hastea, kultur eredu berri, herritar eta dinamikoa martxan jarrita.

2012ko azaroan berriz irekita, haren kudeaketa nola egin pentsatzen hasi ziren. “Bilera batean, antolamendu berria planteatu genuen, hiru taldetan banatuta. Batetik, Kultura sailak eta Udalaren beste sailek  antolatuko ekitaldiak. Bestetik, herriko eragileek kudeatutako ekitaldiak, programazio iraunkorrak eta puntualak bilduko zituen multzoa: Bidelagunak. Horiek, baldintza zehatz batzuk beteta (soinu teknikariak, atezainak... ) erabili ahal izango zuten eraikina, modu ia autogestionatuan. Azkenik, Modeloren bidelagun izan gabe, ekintza puntualetarako aretoa erabili nahi zuten enpresak edo kolektiboak; horiek alokairua ordaindu beharko zuten”, dio Berasaluzek.

Hiru taldeetatik, bigarrenari eman zioten garrantzi handien; eta bi urte eta bost hilabetez martxan egon ostean, helburua hein handi batean lortu dutela esan daiteke. “Udalak zine komertziala bere gain ez zuela hartuko esan zuen, adibidez,”, dio Berasaluzek. “Horren aurrean, herritar talde batek Modeloren Lagunak elkartea sortu zuen, aretora film komertzialak ekartzeaz arduratuko zena. Horiek hileko bigarren eta laugarren asteburuetan eskaintzen dituzte pelikulak”.

Gainerako asteburuetan, aldiz, antzerkiarentzat edo musika kontzertuentzat gorde izan da eraikina. Astean zehar, azkenik, hitzaldiak eta dokumentalak antolatu ohi dituzte. Aretoak irekita daraman denboran lortu diren emaitzek euren kabuz hitz egiten dute: 350 bat ekitaldi eta 38.000 ikusle bildu dira guztira.

Guztiz eraberritzeko bidean

Errentan hartu eta gutxira ohartu zen Udala esku artean zuen proiektuak mami sendoa zuela eta eraikina eskuratuz gero, mugimendu gaitasun handiagoa edukiko zuela berrikuntzak egiteko. Berehala hasi zituen erosketarako negoziazioak jabeekin, 2013an. Denbora luzea igaro ostean, 2015. urte hasieran erosi  dute 1,5 milioi eurotan.

“Modelo aretoa jada herriarena izanda, harekin etorkizunera begira zer egin planteatzen hasi ginen”, dio kultur zinegotziak. “Orain arte, alokairuan hartutako eraikin zahar bat genuen, eta ahalik eta zuku gehien atera diogu. Baina beste hainbat gauzatarako desegokia zela ikusi genuen. Argi genuen berritu beharra zegoela ”.

Orain, berriz ere herriaren parte-hartzea oinarri hartuta, Modelo guztiz eraberritzeko proiektua hasi dute. “Lehenbiziko bileran Udalak aretoa eraberritzeko proposamena aurkeztu du: zer egin? Nola egin edukiera handiagoa izan dezan? Bigarren eta hirugarren solairuetan zer? Bigarren bileran, herritarrek ekarritako proposamenak bilduko dira, arkitektoek eta teknikariek zehaztutako baldintzekin erkatuz. Hirugarrenenean, azkenik, egin nahi denaren eta ahal denaren arteko aukerak ikusi eta erabakiko da.

Zer egin argi edukita, lehiaketa publikora aterako dute proposamena, proiektua idazteko. Kalkulatzen dute 2016rako hasiko direla eraberritze-lanak, eta aretoa urtebetez-edo itxita egon ostean, Zarautzek behin betiko kulturgune batez gozatzeko aukera izango du.

Kultur Mahaiak eman dituen fruituak

Modeloren biziberritzea ez da zarauztarrek azken urteotan sortzen ikusi duten kultur egitasmo bakarra. Udal Gobernuak Kultur Mahaia sortu zuen 2014an, Zarautzen dagoen kultur mugimenduari balorea eta oihartzuna eman nahian, bateko eta besteko eragileak elkartu eta saretu nahian, ordura arte erabat atomizatua baitzegoen. “Kultur Mahaiak hiru azpibatzorde finko ditu: agenda eta komunikazioa, jaiak, eta kultur ondarea eta azpiegiturak. Horrez gain, kasuan kasuko eztabaida eta hausnarketei erantzuteko bilgune bereziak ere baditu; Modelo aretoari buruzkoa horietako bat da, esaterako”.

Zarauzko Udalaren Kultura Sailaren beste berrikuntzetako bat malekoian zabaldu zuten Sortaldea Kultura Eremua da. Udan liburutegi ireki bezala funtzionatzen du (alegia, liburuak libreki hartu eta uzteko lekua), hitzaldiak, kontzertuak eta sormen tailerrak antolatzeaz gain. Urte osoan, sortzeko eta sortutakoa erakusteko espazio autogestionatua ere bada. Guneak mugimendu handia sortzen du, batez ere udako hilabeteetan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Azpiegitura kulturalak
Bizkaiko Diputazioak abiatu du Urdaibaiko Guggenheimarentzat lursailak erosteko prozesua

Muruetan 32.000 metro karratu erosteko asmo dauka Bizkaiko Diputazioak, besteak beste Urdaibain Guggenheim museoa eraikitzeko.


2024-02-28 | ARGIA
Urdaibaiko Guggenheim proiektuaren aurkako ekimenak ez dira eten

Urdaibaiko Guggenheimen proiektua bi urtez etengo dutela iragarri zuten urtarrilean Lakuak eta Bizkaiko Aldundiak, baina museoa eraiki ez dadin borrokan jarraitzen dute ekintzaileek. Futuro Vegetal aktibista klimatikoen azken ekintza eta Guernica Gernikara taldeak antolatu duen... [+]


Ogi-apurrak Afrika espoliatuarentzat

Ghana, 1823. Ashanti Inperioaren eta britainiarren arteko lehen gerra hasi zen. Guztira lau gerra izan ziren bien artean, eta gatazka 1901 arte luzatu zen. Lehenago, europarrek herrialdeko Urrezko Kosta kontrolatzen zuten. Baina 1807ko esklabotzaren abolizioaren ondorioz,... [+]


“Kable bilketa” gisa definitu du EH Bilduk Guggenheim Urdaibai proiektua bi urtez gelditzeko erabakia

Busturialdea eskualdeko hainbat alkate eta zinegotzi bildu ditu EH Bilduk Gernikan emandako prentsaurrekoan. Idurre Bideguren senatariak adierazi du neurria EAJren “kudeaketa eredu zaharkituaren beste adibide bat” dela.


Eguneraketa berriak daude