Hizkuntza politikarekin katramilatu da Kultur Hiriburua

  • Bizikidetza bezalako printzipioak dira proiektuaren ardatza, baina Donostia 2016ko patronatuan lehiak agintzen du. Espainiako Kultura Ministerioak auzitara eraman du proiektua Kontseiluak antolatuko duen egitasmo batengatik. Zergatik sortu den halako ika-mika? Esplikatzen saiatu gara.

Donostia 2016ren egoitza barruko argazkia goian. Donostiako suhiltzaileen egoitza izandakoan giro zaileko bilera egin zuten joan den astean erakunde publikoek.Donostiasansebastian2016.eu

Istilu gutxi zituen bestela ere, eta otsailaren 11n Espainiako Kultura ministerioak jarritako demanda zibilarekin fronte berria zabaldu diote Donostia 2016ri. Jose Ignacio Wert buru duen sailak Donostiako lehen auzialdiko epaitegira eraman du Hiriburu Kulturala, Kontseiluarekin hitzarmen bat sinatzeagatik hizkuntza gutxituei buruzko goi-bilera antolatzeko.

Lehen kolpean, esplikatzeko ere zaila da: parte hartzen duzun erakunde baten kontra salaketa jarri? Albistea egunkarietan lehertu ondoren klima nahasian bildu ziren joan den asteazkenean proiektuan parte hartzen duten lau erakundeak –Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Kultura ministerioa bera–.

Ministerioak titular txikiagoak ere eman ditu martxoan, proiektua finantzatzeko erakutsi duen mizkinkeriagatik. Pablo Berasteguik hilaren 6an jakinarazi zuenez, kolokan dago Espainiaren ekarpen ekonomikoa, 12 milioi eurokoa izan behar zena; horietatik 4 baino ezin dira ziurtatu eta bulegoan gainontzekoa ez dela pagatuko pentsatuz ari dira lanean –eta horrek Europako beste hiriburuena baino aurrekontu apalagora kondenatzen du Donostiakoa–.

Trama judizialari eta ika-mika instituzionalari gehituz gero 2016aren inguruko edozein anekdota drama bihurtzeko jarrera mediatikoa, platerean dituzu datozen hilabeteetako osagaiak. Semaforoa pasa eta eskuinean daude udal hauteskundeak, eta badirudi egitasmoa izango dela Gipuzkoako hiriburuko gai izarretako bat –azken lau urteetan Kultur Hiriburuaren aginte organoetatik kanpo egon den PSE-EEk, berbarako, Ernesto Gasco alkategaiaren bidez Juan Karlos Izagirreren kontra kargatu zuen 2016ko patronatutik dimititu beharko lukeela adieraziz–.

Jaurlaritzak bestelako goi-bilera nahi du

Baina Kontseiluak 2016an parte hartzeari buruzko eztabaida lehenagotik dator, iazko irailaren amaieratik gutxienez. Eta orduan ez zen Espainiako Kultura ministerioa izan hizkuntza gutxituen goi-bileraren kontra egin zuena, Eusko Jaurlaritza baizik. Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak kritikatu egin zuen hitzarmena erakundeei aurkeztu zitzaien modua, besteak beste, bere esanetan bilera aurretik beharrezko dokumentazioa ez zitzaielako helarazi.

Forma kontuak aparte, urriaren 17an Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan, Muñozek gaitzetsi egin zuen Kontseiluaren egitasmoak izan zezakeen edukia, bere esanetan “zabaldu nahi zen diskurtsoak” euskara hiltzear zegoela adieraziko zuelako. “Ezin dugu heriotza saltzen ibili”, gaineratu zuen.

Patxi Baztarrika Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak antzeko adierazpenak egin ditu martxoaren 16an Ser irrati katean, baina edukietan sartu gabe, antolatzaileetan jarri du letra larria. Kontseilua bai, baina beste erakunde batzuk ere antolaketan sartzearen alde egin du, hala nola Jaurlaritza bera, EAEko unibertsitate guztiak, Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindia, Unesco Etxea…

Baina zer proposatu du Kontseiluak?

Antolatzaileek, edukiek eta formek dirudite eztabaidaren detonagailu beraz. Dena den, adierazpenok Kontseiluaren proposamena ezagutu baino lehen egin dituzte Jaurlaritzako ordezkariek, martxoaren 31n emango baitu horien berri euskararen gizarte erakundeak biltzen dituen organoak –azken asteetako tirabirek bestelakorik probokatzen ez badute behintzat–.

Joan den asteazkeneko bileran Kontseiluko kideek, beren burua aurkezteaz gain –euskalgintzako 40 eragile biltzen dituen organismoa dela esplikatu behar izan zuten–, aurrera jarraitzeko borondatea adierazi zuten.

Hizkuntza gutxituen goi-bilerak fase ugari aurreikusten dituela ere esplikatu zieten erakundeei eta, abiapuntua euskalgintzak jarriko lukeen arren, gerora lanketa zabalagoa aurreikusten dutela, baita beste agente batzuen parte-hartzea ere, betiere fokua gizarte zibilean jarrita.

Euskararen normalizazioari buruzko kontakizuna nork egingo lehian

Euskara auzi politikoa dela behintzat inork ez du zalantzan jarriko ikusitakoak ikusita. 2016aren beste korapiloak askatzen ari direla dirudienean, hizkuntzari buruzko kontakizuna nork eta nola egingo duen zehaztea bihurtu da Kultur Hiriburuaren gai zailenetako bat. Baliteke Jaurlaritza deseroso sentitzea bere hizkuntza politikak gizarte zibilaren testa pasatzeko aukeraren aurrean, non eta nazioarteko proiekzioa daukan bilkura batean.  

Ikuspuntuak eta antolatzeko moduak eztabaidatu daitezke. Baina, posible ote da hori soseguz egitea mahai berean esertzen diren erakundeek epaitegietan ere elkar ikusten baldin badute?


ASTEKARIA
2015eko martxoaren 29a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza politika
EAE-ko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua
Aukera galdua

Eusko Jaurlaritzak EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onartu du otsailean. Duela 27 urteko dekretua ordezkatu du. Euskalgintzako eragileen ustez, Jaurlaritzak ez du baliatu “jauzi ausarta” emateko. Dekretu berriak ez du... [+]


Hamabi hizkuntzatan banatuko du UEMAK Korrikari buruzko informazioa

23. Korrikaren atarian, udalerri euskaldunetako bizilagun guztiek Korrikaren berri izatea garrantzitsua dela iritzita, diptikoa banatuko du UEMAk hamaika hizkuntzatara itzulita.


2024-03-04 | ARGIA
Udalekuak egingo ditu UEMAk euskaraz bizi diren gazteentzako

Beste urte batez, uda garairako, Salto! udaleku ibiltariak antolatu ditu UEMAk. Udalerri euskaldunetako gazteak elkartuko dira aisialdiaz gozatzeko. UEMAren helburua da “euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu... [+]


Euskara Ipar Euskal Herrian
Azken sokatirak, hizkuntza politika eraginkor baten alde

2024 urte hastapenean adostuko du ondoko urteetarako hizkuntza politika Euskararen Erakunde Publikoak (EEP). Azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak eta EEPk 2050ari begira egindako aurreikuspenak esku artean, alarma gorria pizturik du euskalgintza sozialak: ezin da orain... [+]


Azkoitiko Udala UEMAko kide izango da

EAJren, EH Bilduren eta Azkoitia Bairen aldeko bozkekin hartu dute erabakia. Udalbatza osatzen duten hamazazpi zinegotzietatik hamaseiren aldeko botoa jaso du Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera (UEMA) sartzeko eskaerak.


Eguneraketa berriak daude