Zer den, halere, norberak bere burua konbentzitzea ez dela gai izanen. Beharra sentitzea, baina etsipenaren parean amore ematea. Zer den sentitzea giharrak gai direla behar den indarra egiteko, baina ahul usteko, mugitu gabe gelditzea. Zer den depresioa, zer den konfiantzarik eza. Zer den parekoak maitasunez eskua luzatzea eta ez ikustea. Zer den geroa ilun ikustea.
Ez dakit zerk egiten duen etsipena, ez dudalako ene larrutik bizi. Baina badakit –eni bederen– zerk ematen didan autokonfiantza. Besteak, taldeak, komunitateak. Badakit zerk konbentzitzen nauen gai izanen naizela. Badakit zerk itotzen duen etsipena. Badakit zerk egiten duen lotura mugitu nahiaren eta giharren artean. Zerk ematen didan konfiantza: besteak, maitasunez eskua luzatzen didanak. Eta herri ttipi honetan badakigu besteak eskua luzatuko digula.
Sinetsi nahi nuke auziperatu orok, badakielako bere egoerak berak garaipen keinuak dituela, ez duela etsipenera jotzen, baina dudak baditut halere. Aldiz, sinesten dut taldeak ematen diela konfiantzarik handiena.