argia.eus
INPRIMATU
Aliatuek milioitik gora alemaniar bortxatu zituzten
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2015eko martxoaren 25
Soldadu aliatua, zehazki sobietarra, Reichstag suntsituaren parean.

Miriam Gebhardt historialari alemaniarrak Als die Soldaten kamen (Soldaduak etorri zirenean) lana argitaratu du. Bertan dio Bigarren Mundu Gerra amaitutakoan soldadu aliatuek milioi bat inguru emakume eta neskato alemaniar bortxatu zituztela. Gutxienez 860.000 izan zirela dio Gebhardtek, baina iturri batzuek kopurua bi milioiraino igotzen dutela.

Izugarrikeria horiek sobietarrek soilik egin zituztela zabaldu izan da, baita nolabait justifikatzen saiatu ere: Stalinek ahalik eta min gehien egiteko agindua eman omen zuen, mendekua xede. Baina Gebhardtek dio bortxaketak sistematikoak izan zirela eta britainiar eta estatubatuarrak neurri berean izan zirela erantzuleak.

Biktimen %10 bortxatu ondoren hil zituzten eta zehaztu gabeko beste portzentaje bat haurdun geratu zen. Hurrengo hilabeteetan sekula laguntzarik eta babes ofizialik jasoko ez zuten milaka haur jaio ziren.