Txiste bizi naiz eta...

Antton Olariaga

Badoaz bi ehiztari basoan barrena, eta, halako batean, bietako bat ziplo erortzen da lurrera, konortea galduta. Besteak, izututa, larrialdietarako telefonora hots egiten du, eta telefonoa hartzen duenari esaten dio: “Uste dut nire laguna hilda dagoela. Zer egin behar dut?”. Telefonoz bestaldekoak honela erantzuten dio: “Aurrena, ziurtatu behar duzu zure laguna hilda dagoela”. Orduan, tiro bat entzuten da, eta segidan ehiztariaren galdera: “Bale, eta orain zer egingo dut?”.

Honaino, txiste zahar eta ezaguna. Txarra ez, baina ezta nire kuttunenetakoa ere. Hortik nire harridura, prentsatik jakin nuenean zer eta munduko txisterik onena omen dela.

 “Omen” esan dut, baina omena kendu beharko nioke (zalantza, alegia, ez izen ona), ikerketa zientifiko bezain serio, serio bezain luze eta luze bezain garesti baten emaitza baita ebazpen hori. Ez da, beraz, zu eta ni bezalako to eta no txotxolo ezjakinen lagunarteko usteketa ustela, zientziaren azken epai erabatekoa baizik. Munduan ahoz aho, paperik paper eta pantailaz pantaila dabiltzan txiste guztien artean parerik ez duen txiste paregabea da gure ehiztari parearena. Amen.

Aurreko paragrafoak garbi asko erakusten duenez, oso tarte txikia dago omenetik amenera, oso tarte txikia dagoenez. Bidea are laburragoa da, noski, kutsu akademikoa duten zertzelada batzuk ematen badira. Adibidez, psikologo bat dela ikerketaren zuzendaria (izena da gutxienekoa, alboan “katedradun” eta “university” bat aipatuz gero).  

Onenaren (txiste, kirolari, herrialde edo beste zernahitan onena denaren) peskizan, hala jarri nahi gaituztela, horra nire susmo beltza. Eta onena ez denean, beste superlatiboren bat aukeratu, eta hor hasiko zaizkigu hitzik edo kanturik edo hiririk politena izendatzeko lehian.

Eta kontuz, alferrik baita inposatu nahi diguten hori ukatzen hastea. Alferrik dela, alegia, txiste hoberik badela esatea, edo euskarazko kanturik onena ez dela Xabier Letek Xalbadorri eskaini ziona, edo gaztelaniazko hitzik politena ez dela “paz” (horraino iritsi zaizkigu eta).

Ez, botereak hitzez hitz dioenari kontra egitea ez da estrategia egokia, boterea gizendu baizik ez baitu egiten. Botereari kontra egiten diogulakoan, hark ezarri nahi dizkigun eskema eta parametroak onartzea da hori. Irakurri horretaz, mesedez, George Lakoff-en Don´t think of an elephant liburua, sarean eskura daitekeena (ingelesez eta gaztelaniaz dohainik, euskaraz ordaintuta ere ez noski, tamalez).

Hemen axola duena ez da txisterik (edo dena delakorik) onena zein den. Hemen kontua da “onena” kontzeptua irentsarazi nahi digutela, aurretik ezin bada atzetik sartuta. Kasu bakoitzean onena zein den eztabaidarekin entretenituta gauzkate, onenaren kontzeptua irrigarria ez ezik gaizto eta arriskutsua dela ohartu eta aldarrikatzen hasiko garen beldur.

Ilargia seinalatzen dion atzamarra ikustean ilargiari gabe atzamarrari begiratzen diona ergel tenteltzat hartu ohi da, baina hori da modu bakarra konturatzeko atzamar hori esku baten atal dela, eta eskua beso batena, eta besoa gorputz batena, eta gorputza pertsona batena, eta pertsona nola edo halako botereren batena, eta dena delako botere horrek gure nagusi izaten jarraitu nahi duela, morroi eta mirabe behar gaituela, zoriontsu plantako inozo.

Gehiago behar genituzke horrelako ergel tentelak, hartara munduak agian utziko lioke, halako batean, txiste txar bat izateari.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


2024-03-31 | David Bou
‘La xarxa ultra’

ARGIArekin azken kolaborazioa egin nuenetik lau hilabete igaro direnean, testu honen bidez nire iritzi-artikuluei berriro heldu diet, baina azalduko dizuet zergatik alde egin dudan denboraldi honetan aldizkari maitagarri honen orrialdeetatik.

Otsailaren 20an La xarxa ultra... [+]


Eguneraketa berriak daude