"Beldurra lekuz aldatuko dugu!"

  • Sagardotegi garaian jazotzen diren (eta eragiten dituzten) eraso sexista, baboseo eta oro har jarrera matxistak salatu eta kaleak emakumeek berreskuratzeko manifestazioa egin dute martxoaren 14an Hernaniko kaleetan.

Ordua ez zen ohikoa, egoera ohikoa ez den bezalaxe. Ilunak kale basatiak hartu zituenean hasi zuen manifestazioak martxa. Ehunka emakume azaldu ziren, antolatzaileek eskatu gisan, beltzez eta aurpegiak estalita. Sentsazio urduria nabari zen parte-hartzaileen artean, izan ere ondo zekiten zer espero zuten taberna arteko kale giroan, emakume hernaniar eta ez hernaniarrak ohituta baitaude urtean zehar jada hain emakumezkoenak ez diren kaleak sagardotegi garaian nola desjabetzen dizkieten ikustera.

“Ez gara probokazioetan eroriko. Helburua manifestazioa bukatzea da, eta arazorik izanez gero, abisatu alboetan izango dituzuen segurtasun arduradunei”. Bazirudien, une batez, gerra hastera zihoala, baina hainbat urtetan garai hauetan aldarri feministak txertatzen ibili denak ederki daki zer datorkion gainera.

Batukadak gidatuta martxak Andre Kaletik hasi zuen bidea, egun osoan zehar tragoa esku artean lasai ibili zutenen harridurarako. Askok ongi ulertzen ez bazuten ere, nabari zuten ez zela hain kontu ludikoa danborren atzetik zetozen horiena, eta oihuak hasi ahala argitu zitzaien manifestazioaren zioa. “Ez, ez, ez, erasorik ez!”, “kaleak, gauak, geureak dira”, “matxirulo, entzun, pin, pan, pun!” eta halakoekin hartu ziren lehen kaleak.

Borroka feministaren aldeko oihuak ere ez ziren falta izan, baina edonola ere, oihuak ez ziren behingoagatik oihu etsituak ezta leloa jarraitu beharragatik errepikatutakoak. Nabari zen ozen eta garrasika aritzeko beharra, eta hala, minutu gutxitan, sagardotegi garaian kaleek izan ohi duten itxura erabat aldatu zen.

Izan ere, eraso sexistez gain, bada espazioaren erabileran desoreka handi bat, jai-giro, taberna edota kaleak bi taldetan banatzen baitira halakoetan: “Ezin kabitu” dabiltzanak eta zuzenean, lekurik ere ez dutenak. Joan den larunbatean, lekurik ez izateaz nazkatutakoek ere erdigunea lortu zuten, une batez bada ere, eta kabitu ezinek pauso bat atzera egin behar izan zuten tarte batez.

Oro har manifestazioak lasai egin zuen bidea, eta antolatzaile eta parte-hartzaileen artean sentsazio gozoa nabari zen jasanezina den giro ezagun hori minutu batzuez desitxuratu izanagatik behintzat. Kaleak berreskuratzeak ematen duen ahalduntze sentsazio horrekin ekin zieten amaierako hitzei, eta argi egin zuten autodefentsa feminista erabiltzearen aldeko deia, eta beldurtuta bizitzeaz eta ibiltzeaz nazkatuta zeuden emakumeen oihuak argitu zuen etorkizuna: “Beldurra lekuz aldatuko dugu!”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-24 | Estitxu Eizagirre
'Zenbat lo' liburua aurkeztu dute Asteasun
Kartzelako hormak zeharkatzen dituen ama-alaben arteko harremana hitz eta iruditara eramana

Nekane Txapartegi Suitzako kartzela barrutik eta alaba kanpotik, elkarri hamaika modutara maitasun mezuak helarazten. Horra Txalaparta argitaletxeko Zenbat lo liburuak jaso duen historia, Iraitz Lizarragaren hitzetan eta Izaro Lizarragaren ilustrazioetan. Iragan hurbileko... [+]


Eguneraketa berriak daude