Nolako Errusia da Vladimir Putinek buruan darabilena?

  • Putin anti-modernoa da, kontserbadorea eta inperialista. Mendebaldea eta nabarmenago Europa gainbehera datozela sinetsirik, eredu politiko eta sozialtzat “bide errusiarra” aldarrikatzen du. Hori dio Michel Eltchaninoff filosofo frantsesak, politikariaren erreferentzia teorikoak azterturik 'Dans la tête de Vladimir Poutine' liburuan.     

RIA Novosti agentziarentzako Alexey Rikolskyk egindako argazkiak Vladimir Putin erakusten du 2014an iristen Neguko Olinpiar Jokoak burutu behar ziren Sotxira. Aurrean dauka, berari begira, Vladimir Yakunin Estatuaren trenbide konpainia nagusiaren lehendakaria eta Putinen hurbileneko laguntzailea, Eltchaninoffen aburuz. Yakuninek Mendebaldearen kontrako mintzo bortitza erabiltzeaz gain, urtero joaten da Jerusalemera erromes eta Errusian santuen erlikien tourneeak antolatzen ditu: Errusiaren berpizkunde erlijiozko eta moralaren abangoardia izan nahi du Yakuninek. Eragin handia omen daukate Putinen aita konfesorea den Tikhone Chevkounov apezak eta Nikita Mikhalkov zinegileak. Denek ere berenganatzen dituzte atzerrian hil zen Ivan Ilyne filosofo ultraeskuindar eta antikomunistaren ideiak, zeinaren testuak gero eta sarriago agertzen omen diren ikasleek eskoletan egin beharreko lanetan.

Hainbat liburu arrakastatsu  plazaratua du Michel Eltchaninoffek, tartean telezaborra analizatzen zuen “L’Experience extreme” polemikoa. Philosophie Magazine hilabetekariaren zuzendariorde da. Fenomenologia eta pentsamendu errusiarrean berezitua, Dans la tête de Vladimir Poutine argitaratu du, bere ustez Errusiako liderrak darabiltzan ideien deskribapena. Gizarte zientzietako liburuez informazio eta elkarrizketa aberatsak eskaintzen dituen La Vie des Idées gunean elkarrizketatu dute. Hona han esanen pasarte hautatuak.

Sobietar aroaren oinordekoa da Putin, bere  lehenengo berrogei urteak Sobietar Batasunan bizi izan ditu. Ondo erantsi zaizkio orduko balioak, abertzaletasuna, militarismoa, potentzia handiaren konplexua. Lan egin du bere ustez nazioaren elitea biltzen zuen KGBn, 1991n FSB bihurtua. Aldiz, badirudi ez duela inoiz sinetsi Estatu ekonomiaren eredu komunistan edo klaserik gabeko gizartean. Ondorioz, 1999an agintera iritsi denetik sobietartasuna ezarri nahi izan du berriro. Hala ere, berak aitortu du asmoa duela uztartzeko tsarismoaren eta komunismoaren herentziak.

2000tik 2004rako aginte aldian profil liberal bat eskaini zuen Putinek. Mendebaldeko sistemen estandarretara biltzen da, eta aldarrikatzen du Errusian egonkortasuna eta hazkundea berreskuratzea, mundu mailako prestigioarekin batera.

Baina 2004tik aurrera Beslango triskantzak ebaki zion modernizazioaren aldeko hizkera. Kaukaso aldean Beslan herriko eskolan militante txetxeniarrek ikasle, irakasle eta gurasoak bahiturik, Errusiar Armadaren indar bereziek egindako eraso kaotikoan 346 pertsona gertatu ziren hilik. Biharamunetik Putinek diskurtso politikoa arras aldatuko zuen.

Hamabost egunen buruan jakinarazi zuen eskualdeetako buruzagiak Moskutik izendatuko zirela, bertako jendeek hautatzeko ordez. Eta Moskuko patriarka ortodoxoarengana jo zuen Putinek, Errusia Elizaren laguntzarekin askatzeko jende basatien hatzaparretatik. Georgiatik (2003) Ukrainara (2004) Sobiet Batasun ohian ugaritu ziren koloretako iraultzak haserre hartuko zituen, zer esanik ez Baltiko itsas bazterreko herrialdeak OTANen eta Europar Batasunan sartzea.

Gertakizun hauekin jabetu da Putin Mendebaldeko potentzien etsaigoari egin beharko diola aurre.  Dimitri Medvedeven 2008tik 2012a arteko agintaldiaren ondotik, berriro lehendakaritzan jarrita areago nabarmenduko ditu Vladimir Putinek aurreko bi agintaldietako ezaugarriak: kontserbazionismo dekadentean erori eta sustrai kristauetatik urrundu dela uste duen Mendebaldearen kontra ekin dio; “bide errusiarra” aldarrikatu du Mendebaldearen etsaigoari kosta ahala kosta aurre egiteko; Eurasia deitu proiektua bizkortzen ahaleginduko da.

 Eurasia, “lehorreko inperioa”    

Vladimir Putinen erreferentzia ideologikoetan hiru nabarmendu ditu Eltchaninoffek. 2005etik hona sarritan aipatu du Ivan Ilyne (1883-1954) filosofo errusiar atzerriratua, antikomunista eta antidemokrata, Franco eta Salazarren mireslea. Kontserbazionismoa oinarritzeko formulak hartzen ditu Nicolas Berdiaev (1874-1948) eta Constantin Leontieven (1831-1891) idatzietatik. Eta teoria eurasiarra sustengatzen du Lev Goumilev (1912-1992), ideologo  sobietarraren gainean.

Errusia Handiaren historian konpondu beharreko gai nagusi bat beti izan delarik –Eltchaninoffen ahotik ari gara– nola uztartu herrialdearen batasuna bere baitan dituen nazio eta kultura hain ezberdinen arteko elkarbizitzarekin, maila praktikoan Putinek burdinazko ukabila erabili du, Txetxenian hasita. Bortizkeriarik odoltsuenaz baketu zuen Txetxenia, han agintzen ipiniz gaur jaun eta jabe dirauen Kadirov. Txetxenian hasita Kaukaso osoan gero, bukatu ziren autonomia eta gainerako ameskeria lokalak, horren ordez ezarriz aginte bertikal deitu zaiona.

Maila teorikoan, ordea, tartekatzen ditu batean Errusiaren izate kristau ortodoxoa eta hurrengoan  nazioaren etnia anitzeko eta kredo ezberdineko izaeraren apologia, harro aldarrikatuz Errusiak 15 milioi musulman dauzkala bere eremuan. Eurasismoa deitu denaren teorikoak ahalegintzen dira erakusten Europa eta Asia artean hirugarren kontinente bat dagoela, Eurasia, koherentzia bat omen daukana klima, landaredi, hizkuntza eta paisai aldetik, horietan elkarrekin bizi baitira eslaviar ortodoxoak, turkofono musulmanak eta baita budistak ere.

2013ko hitzaldi batean Putinek esan zuen Errusiak biltzen duela lehorreko inperioa, gai den aurre egiteko itsasoko inperioa dena Euroatlantidari. Errusiaren alderantziz, Europar Batasunak porrot egin du: ez da gai ez bere herritar guztien ongizatea bermatzeko, ez nazioartean bere burua indarrez azaltzeko.

Europa zabalik egonik klase guztietako etorkinei, ez du asmatu islamismoaren pozoiari aurre egiten. Herritarrei dagokienez, europarrak bururik gabeko kontsumista bilakatu dira, azalekoak, abertzaletasun eta ideia handi guztiekiko zentzu oro galdu dute.

Erlatibismo horren kontra, kulturazko gainbeheraren, politikoki politaren, amnesiaren, masokismo demokratikoaren eta minoriekiko ahuleziaren aurrean, Putinek sustatzen du hezkuntza morala oinarritua kristautasunaren balioetan, kultura klasiko eta liburutarrean, abertzaletasunean, militarismoan eta hierarkiarekiko errespetuan. Konplexutasun loraberrituaren teorikoa den Constantin Leontievi jarraiki, Putinek uste du Europa gain behera datorren bezala Errusia bere historiaren gorako fasean dagoela.

2011ko protesta handien ondoren hartu duelarik berriro agintea, Putinek bi ardatzetan oinarritu du herritarrak bereganatzeko diskurtsoa: ama Errusiaren handitasuna eta etsai erasokorrez inguratuta gotorturik bizitzearen kontzientzia.

Krimea bereganatzeko hitzaldian esan zuenez, 2014ko martxoan, XVIII. mendetik ari dira Mendebaldeko potentziak Errusia hesitu nahian. “Baina denak du bere muga. Eta Ukrainari dagokionez, mendebaldarrek marra horia pasa egin dute. Baldar, axolagabe eta modu ez profesionalean jokatu dute”.

“Errusiarren gehiengo izugarriak –amaitu du Eltchaninoffek– Putinen hitz anti-mendebaldetar eta espantsionistak ontzat ematen ditu antza. Baina egoera ez egonkorretan iritzi publikoa aldakorra izan ohi da. (...)  Ikusi beharko da Putinen hitzek noiz arte liluratuko dituzten errusiarrak. 2015 gogor bat nozituko dute petrolioaren merkatzeak eta, neurri txikiagoan, Mendebaldeko zigor ekonomikoek ekarritako krisiagatik”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errusia
2024-03-18 | ARGIA
Putinek orain arteko emaitzarik onenak lortuta irabazi ditu Errusiako hauteskundeak

Errusiako hauteskundeetan, Vladimir Putin presidenteak botoen %87 lortu du eta agintean izango da 2030era arte. Putinek adierazi du Navalni trukatzeko ituna egina zuela oposizioko kidea hil baino egun batzuk lehenago.


ANALISIA
Ukraina EAEko kanpainan

Bi urte joan dira Errusiak Ukraina ofizialki inbaditu zuenetik eta denak adierazten du Errusiak lortu duela aurrea hartzea Ukrainari. Errusia gai izan da gerra industria baliatzen herrialdeko ekonomia haizatzeko, bere baliabide energetikoei beste aterabide bat bilatzeko eta... [+]


2024-02-23 | Gedar
Errusiari zigor gehiago ezarriko dizkio Europar Batasunak

Ukrainako gerra hasi zenetik bi urte betetzear direnean, Errusiaren kontrako hamahirugarren zigor-sorta adostu du Europar Batasunak. Orain arteko zabalenetakoa da, eta aurrenekoz barne hartzen ditu Txinako enpresak ere.


Gotorlekurik zaharrena

Siberiako taigan duela 8.000 urteko gotorlekua topatu dute Berlingo Freie Universitäteko ikerlariek, inoizko zaharrena. Gotorlekuak Iraultza Neolitikoarekin batera iritsi zirela uste izan da luzaroan, nekazaritzak komunitateak egonkortzea ekarri zuelako.

Baina duela... [+]


Eguneraketa berriak daude