Desberdintasunen aroa

Azkenaldian asko zabaldu da desberdintasun ekonomikoen gaineko kezka. Ekonomialari ezagun ugarik –Thomas Piketty delarik horien arteko ikur mediatiko gorena– beren azterketen ildo nagusia arlo horretara bideratu du. Gaur egun, errentaren eta aberastasunaren desberdintasunek duten goranzko joera nabarmena eztabaida ekonomiko eta politikoaren erdigunean dago.

Desberdintasunen igoera aparta ematen ari da Europar Batasuneko hegoaldean, batik bat 2008an krisi ekonomikoa lehertu eta bertan errezeta ekonomiko ortodoxoak indarrean ipintzen hasi zirenetik. Erreskateen ordainetan ezarritako austeritate politiken ondorioz herrialdeok aspaldian ezagutu gabeko zentzugabekeria sozialak ezagutzen dituzte egun. Espainiako Estatuaren kasua da aipagarrienetarikoa, izan ere, bertan eman da EBko desberdintasunen igoerarik handiena krisiaren testuinguruan, eta gaur egun 28 estatuen artean bigarrena da errenta desberdintasunen tarteari dagokionean, Letoniaren atzean eta Grezia, Portugal eta Irlandaren aurretik. Desberdintasunak neurtzeko erabiltzen den Gini koefizientea igo da Estatuan 2006ko 0,313 izatetik 2013ko 0,350era, eta garai horretan bertako biztanleriaren %20 aberatsena eta %20 txiroenaren arteko errentaren tartea 6,3 bider handiagoa izateraino heldu da, horretan ere Espainiako Estatua “txapelduna” da EBko herrialdeetan, Eurostaten arabera.  

Espainiako Estatuko desberdintasunen irudi kaskarra areagotu egiten da aberastasunaren banaketa aintzat hartuta, alegia ondare ekonomikoa oinarri duen neurria, zeina egokiagoa dena herrialde bateko desberdintasunen argazkia egiteko Pikettyren esanetan. Global Wealth Report 2014 txostenak hauxe dio: Estatuko %1 aberatsena estatuko ondarearen %27aren jabe da, eta %10 aberatsenak ondare guztiaren %55,6 eskuratzen du. Beste muturrean %30 txiroenak aberastasunaren %2,3 soila baino ez dauka.

Interesgarria da Espainiako Estatuko klase ertainaren uzkurtzea bistaratzen duen datua: errenta maila ertaina duen biztanleriaren %40 aberastasunaren %20 eskasaren jabe da.

Errenta desberdintasunek, Estatukoak baino lausoagoak diren arren, Hego Euskal Herrian ere handitzeko joera hartu dute krisi garaian. EAErako Jaurlaritzak egindako 2014ko Gizarte Beharren Inkestak 2008 eta 2014 aldian bertako %10 aberatsenen batez besteko sarrerak %1,1 igo ziren eta, aldiz, errenta apaleneko biztanleriaren %30aren ekonomia sarrerak %4 jaitsi ziren. Beraz, hegoaldeko hiru lurraldeotan biztanleriaren zati esanguratsu bat beheranzko higidura nozitzen ari da krisiarekin. Gini indizeak ere joera aldaketa erakusten du EAEn, izan ere,  2012 urtean beheko marka izan ondoren (0,253), artean beheranzko joera izan arren, ondoren igotzen hasten da 2014ko 0,271raino. Espainiako Estatuko zenbakitik oso atzean egon arren, arduratzekoa da aspaldiko partez joera aldaketa egotea.

Laburbilduz, austeritate politikek ekonomi desberdintasunak indartu egin ditu Europako hegoaldean, modu berezian Espainiako Estatuan eta, leunago bada ere, baita euskal lurraldean ere lehen aldiz. ELGAk (OECDk) onartzen du errenten desberdintasunen igoerak Europan zerikusi zuzena duela “barne debaluazioaren” prozesuarekin, soldaten banaketa are desberdinagoa ekarri baitu horrek. Gainera Estatuaren birbanaketa gero eta atzerakorragoa bihurtzen ari da murrizketa gogorrak direla tarteko. Azken buruan, austeritate politikak kohesio sozialean pitzadura sortzen ari dira europar “eredu soziala” koloka ipintzeraino.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude