Urumeak eta Ebrok uholdez ospatu dute Lurzoruaren Urtea

  • Gero eta ugariago gertatzen diren uholde handiak ez dira soilik klimaren aldaketaren ondorio. Mundu osoan ari da oso fite hondatzen lurzoruaren kalitatea, nekazaritza industrialaren eraginagatik eta, are larriagoa dena, hiriek beren handitzean gero eta lur eremu handiagoak artifizialtzen dituztelako, etxez eta azpiegituraz.     

Etxebizitzen salerosketarako Mitula zerbitzuak interneten jarritako argazkian, Donostiako Loiolako Erriberak auzo berria. Urumea ibaiak itsasoan hil aurretik egiten duen azken bihurgunean, Cristina-Gladys Enea parke famatuaren eta EUTG-Deusto unibertsitatearen aurrez aurre, duela hamar urte arte ibaiaz honantzako hektarea horiek erribera izan dira mende luzez, Urumeak gainezka zetorrenean azpian harrapatzen zituen baratze eta larreak. Ikusi argazkian nola 1970eko hamarkadan egindako Bilbo-Behobia autopista ere eremu honetan zutoin gainean eraiki zuten, uretik aske egon zedin. Odon Elorzaren aginte aldi luzearen amaiera aldean ibaiaren kontra-kontran horma handia eraikita bazter hauek guztiak betelanez estali ziren: autopistaren eta ibaiaren artean ikusten diren eraikinak oro azken dozena bat urtekoak dira. Horietan urik sartu ez dadin, errioan goraxeago daudenak ito behar.

Politikoon lana da: konpondu itzazue herritarron arazoak, horretarako ordaintzen ditugu zergak. Hori entzun dute kolore guztietako agintariek urak harrapatutako jendeak ikustera joan direnean.

Baina askotan agintariek benetan konponbideak urri dauzkate adabakietatik harago heltzeko, ezarri litzaketen konponketak oso garestiak dira, eta batzuei arazoa gainetik kentzeko beste herritar batzuk izorratu behar dituzte.

Hilabete laburrean bigarrenez egin du gainez Gipuzkoan Urumea ibaiak otsail hondarrean; duela lau urte ere gainez egina zen. Ebrok, berriz, Nafarroatik hasita Kataluniaraino eragin dituen kalteak historian markatuta geratuko dira.

Uholde bakoitzak dauka beti berezitasunen bat, Urumeakoan aipatu da Añarbe inguruan jauzitako euri kopuru harrigarria, Ebrorenean elurte handiak, baina fenomenoa gero eta sarriago errepikatzen da Euskal Herriko eta munduko arroa guztietan. Ziklikoak direla egia da, baina uraren kudeaketan  gertatzen ari da igelaren esperimentu famatu hartakoa: igela botatzen duzu irakiten ari den uretara eta salto egiten du, aldiz, ur epeletan utzirik lasai onartuko du berotuz joatea... egosita hil arte.

Uriola etxeko sukaldean, tailerrean edo bulegoan sartu zaionak ura madarikatzen duen arren, lurraldearen eta lurraren kudeaketan dago gakoa urarenean adina edo gehiago. Baliatu beharko genuke Nazio Batuen Erakundeak 2015. urtea Lurzoruaren Nazioarteko Urte izendatu izana orain arte egindakoaz gogoeta egiteko eta datozen hamarkadetarako aurreikusita dauzkagun astakeria berriak gelditzeko.

Lurzorua arazo? Begiratu Urumeari. Hasteko dago ibaiari arroan zenbateko zabalera murriztu zaion ziklikoak diren eta ugaritzen ari zaizkion salbuespen egoeretarako –hori baizik ez dira uraldiak–. Donostiako bokaletik hasita Hernanik Epelan daukan industrialderaino... zenbat metro kubikorentzako ahalmena galdu du bailarak 1960tik hona?

Urteotan etxe, industriagune, autobide sorta, AHT, erreken bideratze eta istorio eraikitzeko ibarrari ostutako eremuen inbentarioa egin beharra dago. Ibaiak kolpe berezi horietan dakartzan urek nonbaitetik pasa behar dute. Bestalde, eraikin berri guztiak aurrekoak baino goragoko mailan antolatzen dira, zaharragoak uraren mendera kondenatuz, eta zorua inpermeabilizatuz.

Loiolako edo Martuteneko herritar asko urpean aurkitu diren arte ez dira ohartu Donostiako Udalak bezala goragoko Ingurumen agintari guztiek baimenduta Loiolako erriberetan eraiki zuten etxe sailarekin errioari antolatu zaion inbutuaz. Astigarragako biztanle asko orain ohartu diren moduan Urumea Berri urbanizazioa zein burugabea den, eta zein kaltegarria mailaz azpirago geratu direnentzako.

Kaletarrek dutenez agintariengan presio ahalmen handiena, ibaien kalteentzako adabakiak antolatzeko lanek orain erdiz-erdi harrapatuko dituzte aspalditik bertan lasai bizi zirenak: zenbat etxe eta baserri ez dute bota edo bota beharko errioa bideratu nahi eta ezinean?   

“Stop al Consumo di Territorio”    

Ibarrari kendutako metro kubikoen handiaz gain, lurzoruaren artifizializazioa bera da arazo larria. Milaka urtez sortutako lurzoru aberatsa, landareak hazteko, aireko karbonoa finkatu eta euri urak xukatzeko gai dena, geruza bizi hori ordezkatzen da hormigoiz edo asfaltoz. Dinamika ez da asko aldatzen eskuinak agindu edo ezkerrak: agintariak pasatzen dira baina arkitekto eta ingeniariak ez eta hirigintza planifikatzen dutenak berezituak daude lur emankorrak antzutzen.

Honek ere uholdeekin zuzeneko lotura dauka. Eraikitako metro koadro bakoitza da euririk irensten ez duen metroa. Plangintza egileek dena egiten dute lekuetatik ura azkar bidaltzeko, ez lekuan gelditzeko. Bidetik edo kaletik estolderiara, hemendik errekara. Fuera zuhaitzak, urak atxikitzeko eremuak, ur-kolpeak arintzeko zabalguneak...

Munduan anitz lekutan oso kritikatuta dago lurra eta ura kudeatzeko molde hori. Leku batzuetan neurri zuzentzaileak jartzen hasi zaizkio, parkingetan ura xurgatzen duen zorua ezarri, autopista bazterretan euriak pilatzeko putzuak,  bide bazterreko erretenak ez daitezela betonezkoak izan... Baina honetan ere Hego Euskal Herria oso da Espainia eta gure plangintza egile gehienak enteratu ere ez dira egin. Hormigoia jainko.

 “Stop al Consumo di Territorio” kanpainak hori salatzen du Italian. Oraindik hormigoiztatu gabeko lurraren aldeko mugimendua antolatu dute: “Azken 15 urteotan hiru milioi hektarea inguru, nekazaritzako lurrak izanak, asfaltoz eta betonez estali dituzte”.

Frantsesezko Wikipediak badauka Artificialisation izeneko sarrera (horregatik baimendu diogu geure buruari Xuxenek onartu ez arren euskaraz artifizializazioa erabiltzea) zeinetan dioen: “Frantzian 2011n lehengo Ekologia ministro N. Kosciusko-Morizeten arabera egunero bataz beste 165 hektarea lur galtzen da, hots, 1.650.000 m2 lurzoru natural eta laborantzarako gai, etxebizitza, errepide eta jarduera industrialetarako”. Euskal Herrian zer?

Hemengoaz daukagu EHUn Geografia sailaren eskutik Eugenio Ruiz Urrestarazu eta Rosario Galdos Urrutiak 2013an plazaratutako ikerlana: “La pérdida de los espacios agrarios, la artificialización del suelo y forestación en España y el País Vasco”.

EAEn 1999tik 2009ra hamar urte laburretan euskaldunok egin dugun triskantza beldurgarria deskribatu dute: 1999tik 2009ra artean EAE osotasunean harturik artifizializatutako eremua %21 handitu da, laborantzarako edo basotarako zeudenak etxebizitzarako edo jarduera industrial nahiz komertzialetarako bilakatuta. Hamar urtetan ia laurden bat gehiago izan bada, datozen hamarretan...

Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak (FAO ingelesezko sigla ezagunetan) 2015.a Lurzoruaren Urte izendatu du, hil ala biziko lehengai honetaz mundu osoko herritarrak kontzientziatzeko: “Lurzorua baliabide ez berriztagarria dela esaten da, ez baita gizakiaren denboraren eskalan aski fite berritzen.  Izatez, zentimetro bat lurzoru sortzen zientoka milaka urte joan daitezke”.      Europar Batasunak berak alarmaz aztertuta daukan artifizializazioak bioaniztasunarentzako, elikagaien ekoizpenerako eta abar dauzkan ondorioez gain zoruaren inpermeabilizazioa ere dakarkion kaltea.

Hemen, ordea, aipatzen da erreka eta errioak zulatu, hesitu eta gehigo artifizializatzea. Ez dute min gehiago baizik ekarriko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Uholdeak
2023-08-28 | Ilargi Manzanares
Duela 40 urteko uholdeei emandako erantzun herritarra omendu dute Bilboko Konpartsek

Elkarlan Uholdea kanpainaren ekitaldi nagusia egin dute larunbatean. Elkarlanari eustera deitu dute, Lurraren beroketaren ondorioz ugaritu litezkeen muturreko klima gertakarien aurrean.


Alfredo Ollero Ojeda
“Ibaiak haien ibilguetan gero eta sakonago hondoratzen ari dira”

Euskal Herria zeharkatzen dutenen artean ibairik handiena da Ebro. Haren ertzean mintzatu gara, Ollero bizi den Zaragozako sarreran, lertxunaren ibili geldoa, txorien kanta zoroa eta ibaiaren emari barea lagun, udaberria 33 gradura lehertu den arratsaldean, zorionez arbolen... [+]


Ereñotzuko eta Pagoagako inguruak ere hondamendi eremu izendatzeko eskatuko dute

Urnietako eta Hernaniko alkateek eta Ereñotzuko ordezkariak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bilera bat egiteko eskatu dute. Bestalde, Bera, Lesaka eta Arano ere hondamendi eremu izendatzeko eskaria onartuko du asteazkenean Nafarroako Gobernuak.


2022-08-29 | Leire Artola Arin
Ekainetik gutxienez mila pertsona hil dira Pakistango uholdeen eraginez

Eurite handien ondorioz Pakistango 110 udalerri urak hartu ditu, eta lehen ministro Shehbaz Sharif-ek ohartarazi duenez, herrialdeko biztanleen %15ak pairatu ditu uholdeen kalteak: 33 milioi pertsonak.


Eguneraketa berriak daude