Sahararen eta Amazoniaren artean milaka kilometro daudenez, ez dirudi bien artean harreman handirik egon daitekeenik. Baina Maryland-eko Unibertsitateko (AEB) ikerlari talde batek, NASAko satelite baten laguntzaz, erlazioa uste baino estuagoa dela frogatu du.
Calipso sateliteak 2007 eta 2013 artean laser bidez egindako neurketak aztertuz heldu dira ondorio horretara. Antza, urtero 182 milioi tona hauts ateratzen da Saharatik, eta 2.600 kilometro egin ondoren, 132 milioi tona heltzen dira Hego Amerikara. Horietatik 37 milioi inguru Amazoniako oihanean lurreratzen dira, euriaren eraginez.
Hauts horretan hainbat mineral garraiatzen dira. Horien artean fosfatoak dira garrantzitsuenetakoak, landareentzako ongarri eraginkorrak baitira.
Baina Saharako hautsaren eragina ez da hor gelditzen. Ozeano Atlantikoan eta Karibe itsasoan itsasoratutako hautsak fitoplanktona elikatzen du, eta horregatik dira hain aberatsak bertako ekosistemak.