Tabuziris Magna aztarnategi arkeologikoan, Alexandriaren hego-mendebaldean (Egipto), Dominikar Errepublikako arkeologo talde batek idazkunak dituen harlauza topatu du. Mamdouh Al Damati Egiptoko Antzinate ministroak adierazi duenez, aurkitutako piezak 2.200 urte inguru ditu, eta beraz, Rosetta harriaren garai berekoa da, Ptolomeo V.aren erregealdi ingurukoa (k.a. 204-180).
Rosettarekin duen antzekotasun nagusia da hieroglifikoez gain bestelako alfabetoetan idatzitako testuak jasotzen dituela. Kasu honetan, alfabeto demotikoan, herritar xeheek erabiltzen zuten idazkeran idatzitako bost lerrotan jasotzen da hieroglifikoen edukiaren itzulpena. Edo hori uste dute adituek, testuak ez baitituzte oraindik erabat dezifratu.
Harria metro pasatxo luze eta 65 zentimetro zabal da, eta Rosettarekin duen alde nagusia da harlauza berriak ez duela grezierazko itzulpenik. Gainera, Rosetta askoz lehenago aurkitu zuten, eta funtsezkoa izan zen idazketa hieroglifikoa dezifratzeko. Ikusteko dago testu berriak zenbaterainoko ekarpena egingo duen zentzu horretan.