2015eko abenduaren 31n telebista seinalea aldatuko da Mexikon, egungo seinale analogikoa digital bihurtuko baita.
Aldaketa horrekin batera, Mexikoko Gobernuak telebista digital bana jarriko du hamalau milioi etxebizitzatan. Ekimen interesgarri horrek ifrentzua du, ordea: zer egingo dute ordezkatuko diren hamalau milioi telebista analogikoekin?
Gobernuak ez du telebista zahar horiek birziklatzeko inolako asmorik agertu. Gero eta talde gehiagok azaldu dute kezka, batez ere telebistetan oso ohikoa den berun oxidoa dela eta; konposatu horrek kutsadura larria eragin dezake lurpeko ur geruzetan.