argia.eus
INPRIMATU
Grezia bidea erakusten ari da
Juan Mari Arregi 2015eko martxoaren 11

Espainia eta Portugaleko gobernuek euren terminal mediatikoak erabiliz kexa agertu dute Tsiprasek agerian utzi dituelako. Arrazoia: greziarrek azaldu dute gobernu horiek euren plan alternatiboa hondatu nahi izan zutela Europako Batasunak egindako bileretan. Hain justu, Espainia eta Portugal Troikari fidel izan dira eta austeritate politikak ezarri dituzte euren herrialdeetan. Greziako Gobernuak aldiz erakutsi du badaudela beste alternatiba politiko eta ekonomikoak austeritateari aurre egiteko, EBko gainerako herrialdeen presioa jasan arren, Alemaniarena nagusiki.

Zentzu horretan, “gure esperantza” zen Grezia berria, herritarrekin hartutako konpromisoak betetzen ari da. Hala, herritarrak erreskatatzen hasi da bankuak erreskatatu beharrean. Jadanik abian jarri ditu lehenengo legea onartzeko tramiteak, “krisi humanitarioari” aurre egitea helburu duena. Pobrezian dauden 300.000 familiaren egoera hobetu nahi dute elektrizitatea doan emanez, etxebizitzen alokairurako laguntzak eskainiz eta elikadura bonoak banatuz. Planak 2.000 milioi euroko kostua du eta funts europarrekin eta zerga-bilketaren hobekuntzarekin finantzatuko da.

Greziako Gobernua erakusten ari da badakiela EBrekin negoziatzen funtsezko helburuak alboratu gabe. Modu horretan, aurreko gobernuaren austeritate neurriak ezartzeari uko egin dio. Gutxieneko soldata handitu egin da –Espainiako Estatukoaren gainetik, bide batez esanda–. Etxeko kontuetan erabakiak hartu ahal izateko nazio subiranotasuna berreskuratu da. Orain ez da beharrezkoa izango hazkundea %4,5ekoa izatea, Syrizak proposatu bezala %1,5ekoa baizik. Eta azkenik, zorra kitatzea lortu ez bada ere, dirua itzultzeko baldintzetan hobekuntza handia izango du hemendik aurrera Greziak, epeak eta interesak kontuan hartuta. Hori guztia Troikaren aurrean belauniko jarri gabe, Espainia eta Portugal ez bezala. Horregatik egin dute zaunka Greziako Syrizaren kontra, bidea erakusten ari delako merkatuen Europatik aldendu eta Europa sozial baterantz egiteko.