Greyren 50 itzalak eta feminismo ortodoxoa

Facebooken bidez mezu hau hedatu da: “‘Greyren 50 itzalak gustuko dut...’. Feminista batek ez luke hori sekula esango”. Amorratu ninduen. Posible da feminista izatea eta Greyren 50 itzalak trilogiarekin gozatzea? Nik ez ditut liburuak irakurri, ezta pelikula ikusi ere, baina erantzuna argi daukat: bai borobila. Irakurri dudanaren arabera, rol sexistetan oinarrituta dago istorioa. BDSMa (bondage, lotzeko artea, nagusitasun eta mendekotasun jolasak eta sadomasokismoa) ez da berez sexista, arazoa da jolas erotikoen rolen eta eguneroko bizitzaren arteko jarraitasuna. Anastasia eta Greyren harremana zeharo desorekatuta dago: gizona nagusiagoa da, sexualitatean eskarmentu handikoa, botere ekonomikoduna; neska, ikaslea, birjina, txolina. Hortaz, Greyren paper dominantea ohetik haratago doa.

Feminista izateak berdintasun falta hori identifikatzea bermatzen du eta horrelako harremana eredugarria ez dela pentsatzea. Horregatik da hain garrantzitsua arrakasta duten kultura produktuen analisi feministak hedatzea. Ianire Estébanezek bikain egin zuen bere garaian Stephenie Meyerren Twilight nobela sorta egokitu zuten pelikulekin. Neska gazteek pelikula horiek ez ditzaten ikusi saiatu baino, lagun dezagun euren kritika gaitasuna garatzen. Hala, Twilight edo Greyren 50 itzalak ikusterakoan, ez dira Anastasia eta Bella-rekin identifikatuko; ez dute Grey edo Edward euren printze urdin bihurtuko; ez dute pentsatuko emakume izateagatik mendekotasun rola bete behar dutela eta gizonen fantasiak asetzea ez da izango euren xede erotiko nagusia. Arrakasta duten pelikula, telesail, liburu eta kantak aztertzea berdintasunaren aldeko sentikortzerako ariketa bikaina da, maitasun harreman toxikoei edota indarkeria sinbolikoari buruz hitz egiteko era eraginkorra.

Ez dut elitismo intelektuala gustuko. Jende gehienak best-sellerak eta zabor-telebista erabiltzen ditu garunari deskantsua emateko. Telesail tuntunak ikusten baditut, tuntuna naizela dioen epaia harroputza iruditzen zait. Gran Hermano VIP eta ¿Quién quiere casarse con mi hijo? bezalako saioek audientzia handia daukate, baita Hego Euskal Herrian ere. “Horren ordez dokumentalak ikusi itzazu” esan baino, eraginkorragoa litzateke saio horien kaltea ulertzeko gakoak ematea, eta beste arrakasta ereduak ere hedatzea, gazteen bizi helburua Mujeres, hombres y viceversako “tronista” bilakatzea izan ez dadin.

Bestalde, ortodoxia intelektual horren exijentziaren harira, nik kontraesanak aldarrikatzen ditut. Nire Twitter profilean, Emma Goldmani jarraituz, esaten dut: “Ezin badut perreoan egin, hau ez da nire iraultza”. Zaletasunak anitzak eta konplexuak dira. Egia da: reggaetoia dantzatzea gustuko dut, baita batxata, hip-hopa eta arin-arina ere. Horrek ez nau feminista edo musikazale kaxkarra bihurtzen. Reggaetoiaren erritmoa gustuko dut eta dantzatzeko era lotsagabe horrek euskaldunok gorputzarekin (gurea eta besteena) dugun harremana erlaxatzeko aparta dela uste dut. Feminista naizen neurrian, letra asko iraingarriak direla ohartzen naiz. Irtenbidea? Letra ez sexistak dituzten kantak aukeratu (egon badaude) edo kanta horiei iseka egin.

Eta burbuila ortodoxo batean bizi baino, pentsa dezagun Greyren 50 itzalak filmak zergatik sortu duen horrenbeste ikusmin. Esaterako, aprobetxatu dezagun BDSM feministak edota emakumeek sortutako pornografia ez sexista ezagutzera emateko. Ez dezagun feminismoa aparteko kluba bihurtu; gizartean errotutako mugimendu erakargarri bezala sendotu dezagun.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


ASTEKARIA
2015eko martxoaren 15a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude