Irabaziak banatzea debekatzen duen kooperatiba egitura sortu dute eta diru hori proiektua indartu edo berriak sortzeko erabiltzea adostu, etekina beharrean bideragarritasuna baitute helburu. Egilea: Peru Iparragirre

KATAKRAK

Kokapena: Iruñea, Kale Nagusia 54.

Jarduera: Liburu salmenta, ostalaritza, eta kultur eskaintza.

Kide kopurua: 11.

Sukaldaria da Xabier Maeztu, baina ez du sekula igande eta jaiegunetan lanik egin behar izaten. Ez berak, eta ezta bere lankideek ere. Informatikaria izateko ikasketak egin zituen arren, praktikaren bidez eta pixkanaka ikasi du ofizio berria. Dena dela, labana eta mantala albo batera utzi eta ordenagailu edo konexio arazoak konpontzea egokitzen zaio maiz; ez baita ohiko jatetxe bateko sukaldaria, kantinaz gain liburudenda eta erabilera anitzeko aretoa ere badituen Iruñeko Katakrak “enpresa politikoko” kide baizik.

Hamaika dira guztira kooperatiba osatzen dutenak, eta Katakraken bertan egiten dute lan denek: liburu saltzaile gisa batzuk, sukaldean edo zerbitzari jardunetan besteek. “Uste dugu interesgarria dela ekimen hau modu profesionalean eta lanpostuak sortuz aurrera eraman ahal izatea”, dio Maeztuk. Lan ordainduarekin, baina asanblada bidez eman diote forma Iruñeko Alde Zaharreko Kale Nagusian gorpuztu duten proiektuari. Erabaki garrantzitsuenak astearteroko bileran hartzen dituzte, kide guztien iritzia aintzat hartuta.

Urtebete eskasean erreferentziazko bilgune bilakatu da Katakrak, eta “harrera bikaina” ari dira izaten. Hitzaldi, prentsaurreko eta abarretarako erabiltzen duten aretoa zein kantina jendez gainezka izaten da maiz. Zaila da ordea arrakasta hori ulertzea proiektuaren jatorria zein den jakin gabe. 2006an, Iruñeko herri mugimenduetan zebiltzan zenbait lagunek La Hormiga Atómica sortu zuten, liburuen bidez hiriko politikan eragiteko asmoz. Paperaren bueltan hasi zenak, kafetegi eta zentro sozial tankera hartu zuen laster, eta bost urteko ibilbide “emankorra” egin zuen, bidean kooperatiba bihurtuz.

Orduko balio eta egiteko modu bertsuetan oinarrituta sortu dute Katakrak ere, lan-talde, lokal eta erronka handiagoekin. Bidean ez dute herri mugimenduekin loturarik galdu, eta horrek berak ahalbidetu du hasierako asmoak gauzatu ahal izatea. Izan ere, proiektua martxan jarri ahal izateko gaur egungo lokala erosi behar izan zuten, inbertsio handia eginez. “Diruaren zati bat banku etiko bati eskatutako maileguarekin lortu genuen; beste zati bat ordea, lagun, senide eta abarren mailegu pertsonalek eta crowdfunding bidezko ekarpenek osatu dute”.

Finantzazioa bezain aipagarria da euren eguneroko dinamika. Lan-orduen banaketa asanbladan erabakitzeaz gain, errotazio sistema bat ere badute. “Lankideen beharra nolakoa den ezagutzea garrantzitsua da euren azalean jarri ahal izateko”. Horregatik erabaki dute asteburu eta jaiegunetan ez irekitzea. Maezturen arabera: “Liburudenda igandez irekitzea konpetentzia desleiala litzateke, eta hori itxita mantenduz gero, besteek ere jai izatea da bidezkoena. Halako egunak onak izaten dira taberna edo kantinarentzat, baina gure balioak diruaren gainetik daude”.

“Hau dena aldatu nahi genuke” dio Kale Nagusira begira dagoen erakusleihoko estalkiak. Bide horretan, lan egin, lan-harremanak izan eta ekimen bat aurrera eramateko bestelako moduak badaudela frogatu dute dagoeneko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txanponaren beste aldeak
2016-02-07 | Lander Arretxea
Nori baino, norekin deitu

Bestelako kontsumo ereduak aipatzen hasi eta normalean lehenengo sektorea etortzen zaigu burura: kontsumo taldeak, bertako produktuak… Baina kontsumo kritikorako neurriak ez dira jan-edanera mugatzen. Azpiegitura erraldoiak behar dituen teknologia eta telekomunikazio... [+]


2016-01-03 | Lander Arretxea
Emantzipazioa okupazioaz harago

35.466 etxebizitza huts Nafarroan, haietako 13.199 Iruñerrian. 2013koak dira datuak, baina ez dirudi hori asko aldatu dela pentsatzeko motiborik badagoenik. Eta bitartean, milaka lagun etxebizitza bat izateko aukerarik gabe: gurasoen etxea utzi ezin duten gazteak batzuk,... [+]


2015-12-06 | Lander Arretxea
Bi aldiz errentagarria den finantza erakundea

Aspaldi da han eta hemen finantza erakunde erraldoien kontrako iritziak entzun eta errepikatzen ditugula. Direla hipotekatako iruzurrak, direla preferenteak, ustelkeria kasuak… Baina hala ere, herritarron gehiengoak bertan gordetzen ditugu gure sosak eta aurrezkiak, kasu... [+]


Lakari bat babarruna

Ordenagailu aurrean nagoen honi Zarautzen irekitzera zihoazen dendaren izena aditzean barre txikia egin zitzaion. Gure etxean lakari txitxiei eta ipurdi ederrei deitzen baitzaie. Eta pentsatu nuen, zein kuriosoa izena elikadura osasungarrirako denda baterako. Ezjakina ni... [+]


2010-11-07
Antxeta Irratia. Akuilu soziala Bidasoan

Irun, Hondarribia, Hendaia, Biriatu eta Pausu auzoa (Urruña) hartzen ditu Antxeta Irratiak. Mugak ezabatzen hamar urteko zubi lana egin du, banantzen gaituena baino, elkartzen gaituena gehiago dela erakutsiz. Hedabideaz gain, elkarte eta eragile sozial

indartsua ere... [+]


Eguneraketa berriak daude