Nork egingo du orain?

Elkarri 1992ko abenduan sortu zen eta ilusioa ekarri zuen euskal gizarteko sektore zabaletara,  batez ere ezker abertzalearen baitara. Bost urte lehenago sinatutako Ajuria Eneko Ituna bere eragina izaten ari zen gizartean: ezker abertzalea politikoki eta sozialki baztertzea zen itunaren helburu nagusia eta isolamenduaren zirimiriak esparru sozial hori blai utzi zuen apurka, ia oharkabean.

Ezker abertzaleak indartsu ikusten zuen bere burua 80ko hamarkadaren amaieran eta nekez irudika zezakeen Estatuaren eta gainerako indar politikoen presioa horren eraginkorra izango zenik. Erresistentzia irabaztea zen orduan. Hamarkada bat geroago iritsiko zen ilegalizazioaren zutoinak ere sasoi hartan finkatu ziren.

Testuinguru horretan sortu zen Elkarri, elkarrizketaren eta akordioaren aldeko gizarte mugimendua. Hilabete gutxitan berehala irudikatu zen haren eginbeharra ez zela txantxetakoa izango. Giro hartan, gizarte mailan hain ahul ziren elkarrizketa eta akordio politikoaren kultura sustatzea basamortura ureztontziarekin abiatzea zen. Baina tanta han tanta hemen, gatazka politiko bat bideratzeko elkarrizketaren eskaera gizarte aldarrikapen bihurtu zen apurka. Gaurdaino iraun du.

ETAk 1993an bahitu zuen Julio Iglesias Zamora eta Bakearen Aldeko Koordinadorak lazo urdina atera zuen kalera bahiketa arbuiatzeko. Lazo urdina eta ezker abertzaleak bultzatutako “Bai Euskal Herriari” kanpainak aurrez aurre egin zuten Euskal Herriko kaleetan, manifestazio eta kontramanifestazio itxuran.

Enfrentamendu testuingu horretan egin zituen lehen urratsak Elkarrik: abertzaletasunaren mundutik sortua, ezker abertzaleko jende asko bildu zuen, baina ezker abertzaleko egiturekin gero eta harreman tirabiratsuagoa izango zuen. Ajuria Eneko Itunaren erabateko mesfidantza ere bazuen: ezker abertzalearen aurpegi atsegina zen haren begietara. Bake konferentzia han, akordioa hemen eta zubigintzaren ingeniaritzan ondo koipeztua, elkarrizketa eta bake prozesuaren ideiak gaur eguneraino ekartzeko garrantzitsua izan zen Elkarri. 2006an desagertu zen, bere helburu gorena bete barik, etsipen usainean, baina azken kartutxoa erre gabe oraindik.

Lokarri zen azken kartutxo hori eta Jonan Fernandez eta Victor Aierdiren itzalean hezitako Paul Rios ezezagun bat barku berriaren gidaria. Lau txakur handi ere ez ziren ordaintzen haren etorkizunagatik. Bitartekoetan txikira besterik jokatu ezin zuenak, handira jardun gura zuen helburutan, Elkarrik han-hemenka utzitako herritar multzo txikiekin. Gehiegi.

Zerbait alde bazuen, ordea, mugimendu berriak: Loiolako porrotaren errautsetan piztu izana eta Elkarriren bitartekaritza sare osoa eskueran izatea. Zorte pixka bat ere izan zuen, tematzeak une klabeetan behar zen lekuan egotea ekarri ziolako geroxeago.

Akordioaren, kontsultaren eta berradiskidetzearen aldeko herritarren sare gisa definitu zuen Lokarrik bere burua. Pozik utziko du bere jarduna orain, helburua lortu delakoan. Eta asko lortu da,  ETAk amore ematean, gatazka armatuaren fasea amaitu delako   euskal gizartean. Hori bai, aldebakartasunez. Estatuak ilegalizazioen amaiera besterik ez du onartu, 1988an Ajuria Eneko Ituna egin zenean ezker abertzaleak zuen jardun politikorako estatus bera. Ituna bultzatu zutenen asmoen kontrara,  aldiz, gatazka armatuaren logikan garaitua izan den mugimendu politiko zabala indartua atera da bere zokoratzetik.

Akordioa, kontsulta eta berradiskidetzean urrats handiak behar dira oraindik. Gizarte mailan, nor borrokatuko da horien alde orain?

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


Energia berriztagarrien zabalpen masiboaren iruzurra

EH Biziriketik sarritan salatu izan dugu energia berriztagarrien zabalpen masibo honen atzean   ezkutatzen   den   eredu   ekonomikoa.   Hazkunde   ekonomikoa   ezinbesteko baldintza duen eredu ekonomikoan... [+]


Eguneraketa berriak daude