argia.eus
INPRIMATU
Benetako partida, bi hilabete barrukoa
Fermin Erbiti 2015eko martxoaren 04a

Osasunaren hamaikako bakarra dakit buruz, oso aspaldikoa: bigarren eta hirugarren dibisioaren arteko joan-etorrietan zebilen garaikoa. Memoria apetatsuari orduko irudi bat eskatuz gero, Bosmediano ikusten dut. Zelai erdian baloia harturik, ezker hegaletik gora doa, ziztu bizian. Aitzina egin ahala, harmailetako orroaren oihartzuna handitzen doa, Ostibar ere area txikian sartu baita kanariarraren erdiraketari buruz erantzuteko asmoz.

Aita eta anaiarekin Sadarren eginiko igande arratsalde urrun haiek puruen usainari daude loturik; arbitroaren aurkako oihuak ere gogoan dauzkat, bai eta norgehiagoka amaitu bezain laster tabernetan banatu ohi zuten La goleada berri paper mehea, arratsaldeko emaitza eta sailkapenekin.

Fermin Ezkurra zen Osasunako orduko presidentea. Iruñeko Kutxako arduradun, kutxak berak jarria zuen postuan kluba erreskatatu ondotik, zorra kobratzeko berme hoberena zelakoan. Diputazioan Amadeo Marco errekete zaharra zegoen, eta Uranga zen Nafarroako Kutxako burua, Diario de Navarrako zuzendariaren anaia. Nafarroa arragoan kolore iluneko jauntxokeria nagusi, bistan denez.

Urteen joan-etorriak aldatu egin ditu elkarren arteko harreman estua duten hiru instituzioetako arduradunen izenak: Sanz-Barcina Gobernuan (eta Caja Navarran), Izko-Artxanko Osasunan, Goñi kutxan. Izanetan aldaketa handirik ez dugu ezagutu, ez onerako behintzat. Orduko jauntxokeriari aberats berriek dirua xahutzeko duten joera gehitu zaio, guztion kalterako. Momentuz, Kutxa pikutara joan da, Osasuna bide beretik doa eta agintarien kudeaketa ekonomiko arduragabeak kili-kolo utzi du Nafarroaren bidegarritasuna.

Osasunako arduradunak erreskate eske joan zirelarik, Nafarroako Parlamentua bi zatitan banatu zen. Klubari hirurogei milioiko zorra pilatzen utzi dion UPN, sozialistak eta PP tratua berehala sinatzearen alde agertu ziren. Oposizioko taldeek, ordea, lehenbizi kontuak argitu behar zirela azpimarratu zuten.

Berriki jakin dugunez, hura argitzea zaila zen, dena kakaztuegi zegoelako. Gobernuak irabazi zuen bozketa, ordea, oso argigarria izan zen, maiatzeko partidaren gakoa islatzen baitu. UPN-PSN-PP hirukoteak 26 parlamentario lortzen baditu, egina dago gobernua. Bestela, abertzaleek eta Podemosek hartuko dute Diputazioaren jauregia. Esan beharrik ez dago: hori erabateko hondamendia litzateke batzuentzat; bestentzat, berriz, Nafarroa arragoa haizearen ibiltoki zabal, hesirik gabe bihurtzeko aukera.