Ukraina mehatxu militar sinesgarrien gurpil zoroan

  • 2015eko otsail hondar honetan Ukrainak galdutzat jo ditzake bai Krimea eta bai Donbasseko eskualde zabal bat. 12 hilabete lehenago Euromaidan zen albiste Kieven. 5.500 hildako geroago, Ukrainako gatazkan korapilatu da AEBen, Errusiaren eta Europaren arteko elkarbizitza. Otsailaren 12an sinatutako itunak apenas piztu du bake itxaropenik.

Max Avdeev argazkilaria Slavyanski brigada errusiazalearen urratsean –miliziano boluntarioak Donbassekoak dira, ofizialak errusiarrak, dio Avdeevek– ibili da Logvinove inguruan, Debaltsevetik hurbil. Handik zerbitzatu dio gerrako argazki saila BuzzFeed News agentziari. “Horrific Images Capture The Sheer Brutality Of War In Ukraine” (Irudi beldurgarriak Ukrainako gerraren brutalitatea biltzen dutenak) bildumatik argazki odoltsuenak bazterturik, lerroon ondorako hautatuak ageri du herrixka bateko emakumea etxeko ataritik begira ke artean errenkan doazen tankeei. Azken hamabi hilabeteotan bai Novorossiaren aldeko miliziek eta bai Vladimir Putinek erakutsi dute soluzio militarretan behar den bezain urrun iristeko prest daudela, mehatxu militar sinesgarria erabiltzeko alegia. Krimea Errusiak bereganaturik, Dontsk eta Luhansk departamenduetako eremu bat de facto Ukrainatik berezita dago.

Minsk-II ituna sinatu arren,  sakonean ba ote da aukerarik une honetan Ukrainako gatazkan diplomaziak bolborari gaina har diezaion? Menturaz beldurra da esperantza bakarra. Europa barruan AEBen eta Errusiaren arteko gerraren garrak hedatzeari zaion izua. Europako zenbait buruzagi nagusi badirudi hasi direla kontutan hartzen gerra ezkutu eta agerikoez asko dakiten jendeen iritziak.

Otsailaren 16an, Minsken 12an hitzartutako su-etena zintzilik zeukanean Debaltseveko guduak, Britainia Handiko MI6 (atzerrirako espioitza) zerbitzuko buru nagusi izandako  John Sawersek esan zuen: “Mendebaldeak ikasi behar du Vladimir Putinekin bizitzen. Errusiarrak probokatzeak sakonago baizik ez du eginen oraintxe Europak daukan segurtasun krisia”.

King’s Collegen esan zien ikasleei: “Ukrainako krisia dagoenekoz ez da Ukrainaz, askoz krisi handiago bilakatu da, larriagoa, Errusiaren eta Mendebaldeko herrialdeen artekoa, Europako balore eta ordenaren ingurukoa. (...) Errusiako agintaritzan aurreikusi dezakegun edozein aldaketa okerragorako izango da. Datozen urteetan Errusiarekiko harremanen kudeaketa izanen da Europaren segurtasuna definitzeko arazo nagusia”.

MI6ko buruzagia ez da Ukrainakoak eragin duen arrisku geopolitikoaz ohartarazi duen bakarra. Beste bi oso nabarmen aipatzearren, hautu politikoen mapan bi muturretan bizi diren Noam Chomsky eta Henry Kissinger gutxitan azalduko ziren ados, baina hala ikusi dira Ukrainako gerraren mintzatzean.

Occupy mugimenduko ekintzailea eta aspalditik abokatu ezaguna den Kevin Zeesek bildu ditu Chomskyren eta Kissingerren iritziak Mint Press News gunean: “Chomsky And Kissinger Agree: Avoid Historic Tragedy In Ukraine” (Chomsky eta Kissinger ados: saihestu behar da tragedia historikoa Ukrainan).

Kissinger AEBen atzerri politikan factotum bat izan da, Sobiet Batasunarekiko Gerra Hotzaren azken urteak kudeatu zituen, Vietnamgo gerra, haurrek ere badakite munduko hamaika bazterretan estatu kolpe militarrak sustatu zituela amerikarren gogokoak ez ziren agintari hautatuak lurperatzeko.

Ukrainan AEBek eskua nabarmenago sartzeaz esan du Kissingerrek: “Arriskuari ezin diogu ez-ikusia egin. Gerra Hotza berpiztea tragedia historikoa litzateke. Gatazka saihestu baldin badaiteke, moraltasunean eta segurtasunean oinarrituta, ahalegindu behar da hura saihesten”.

Noam Chomsky Kissingerren antipodetan ibili da beti, AEBen inperialismoarekiko kritiko kupidagabe, Kissinger gerrako kriminala dela esan izan du. Baina Errusiako agintariekiko oso kritiko ere izan da beti, anarkista zorrotza denez. Ukrainakoaz kezkatuta agertu da: “Errusiako autokrazia [Vladimir Putinen diktadura] ez da inondik ere errurik gabea, baina lehen ere hondamenditik oso hurbil ibili ginen moduan berriro jolasean ari gara katastrofearekin. (...) Orain, Ukrainan krisia leherturik, eta Errusiarekiko mugen ondoan ‘misil bidezko defentsa sistema’ deitzen diotena ezarririk, egoera arrisku handikoa da”.                

Si vis pacem, para bellum?

Asko ote dira gerra hotzaren eta are larriagoa litzatekeen gerra beroaren arriskuez ohartarazi dutenak? Zenbat indar daukate? Dakiguna da Ukrainako gatazka bide baketsuetatik aterata 5.500 heriotzarainoko gerran eta potentzia handien gero eta esku hartze handiagoan murgildu bada izan dela interes handiek elikatu dutelako hautu hori.

AEBen Ukrainako demokrazia Errusian Vladimir Putinek ezarrita daukan diktaduratik babestu dadila oihukatzen ari direnak asko dira, eta gatazkak behar dituzten lobby indartsuek sustatuta gainera. Ordainetan, Errusian ez dute etsaien aurrean ahul azaldu nahi. Nazioarteko prentsan arakatuz, bai OTAN­en aldekoetan baina baita Putinen aldekoetan ere aurkitu daitezke datu kezkagarriak. Esaterako, Moskuko hedabide ofizialetan nola banalizatu den arma nuklear taktikoak erabiltzeko mehatxua, Ukrainakoa are gehiago nahaspilatzekotan eraso nuklear prebentiboa aldarrikatuz. Broma gutxi kontuokin.

Der Spiegel astekari alemanak berrikitan plazaratu duen analisi baten arabera, Angela Merkel bera ere duela gutxi sobietarren kontrako politiketan oilar agertzen zen. Spiegeleko zenbait kazetarik elkarlanean idatzitako “The War Next Door: Can Merkel’s Diplomacy Save Europe?” (Gerra atarian: Merkelek salbatu ote dezake Europa) xehetasun argigarriz erakutsi dute nola hurbildu den Merkel orain Ukrainarako aldarrikatzen duen real politik delakora.

Eki Alemanian sortua izanik errusiarrekiko mesfidati izateko fama daukan Merkelek oposizioan zegoela, 2003an, The Washington Posten idatzi gogor bat plazaratu zuen “Schroeder Doesn’t Speak for All Germans” (Schroeder ez da mintzo alemaniar guztien izenean), zeinetan gogor kritikatzen zion errusiarren kontrako mehatxu militarra baztertzea: “Ekintza militarra azken aukeratzat baztertzen duena ari da ahultzen diktadoreen kontra erabili behar den presio maila, eta horrekin ez du gerra urruntzen, hurbilagotzen baizik”. Mehatxu sinesgarria beharrezkoa dela, alegia.

Orain, Spiegeleko kazetariek diotenez, askok uste dute Merkel ahul ageri dela bere jokabidean. Batik bat AEBetako senatariek kritikatu diote Putinekin konponbidea bilatu nahia, aurpegiratu diote jokatzen ari dela beste batzuek 1938an Municheko itunarekin Txekoslovakia Hitlerri entregatu ziotenean bezala. Bigunkeriaz jokatuz ez dela gerra urrutiratzen, hurbilagotzen baizik.

Merkelek, ordea,  Minsk-IIko negoziaketetan Barack Obamari eskatu zion pazientzia Kieveko gobernuari armak bidali aurretik. “Behin eta berriro ahalegindu behar dugu, horretarako gara politikari” esan omen zion.

“Merkelek beldur dio –diote Berlingo iturri ofizialetatik edan duten Spiegelekoek– AEB eta Errusia diren potentzia nuklearrek Ukrainan ordezkari bidezko gerra pizteari”. Proxy war deitzen zaio horri: bi handiek elkarri gerra egiten diote baina aurretik morroiak bidalita, batzuek xaxatuz Kieveko gobernua, besteek Donbassen Novorossia eraiki nahi dutenak.

Lerrook irakurlearen begietara iristean artean indarrean egongo ote da Minks-II, Debaltsebeko guduak itunaren lehen puntua zalantzan jarrita? Donbassen jokatzen den xake aldian alde guztiek dirudite maniobratzeko tarte gutxirekin eta probokazioetan aurrera jarraitzera derrigortuta. Europar guztiok nozituko ditugu ondorioak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errusia
2024-03-18 | ARGIA
Putinek orain arteko emaitzarik onenak lortuta irabazi ditu Errusiako hauteskundeak

Errusiako hauteskundeetan, Vladimir Putin presidenteak botoen %87 lortu du eta agintean izango da 2030era arte. Putinek adierazi du Navalni trukatzeko ituna egina zuela oposizioko kidea hil baino egun batzuk lehenago.


ANALISIA
Ukraina EAEko kanpainan

Bi urte joan dira Errusiak Ukraina ofizialki inbaditu zuenetik eta denak adierazten du Errusiak lortu duela aurrea hartzea Ukrainari. Errusia gai izan da gerra industria baliatzen herrialdeko ekonomia haizatzeko, bere baliabide energetikoei beste aterabide bat bilatzeko eta... [+]


2024-02-23 | Gedar
Errusiari zigor gehiago ezarriko dizkio Europar Batasunak

Ukrainako gerra hasi zenetik bi urte betetzear direnean, Errusiaren kontrako hamahirugarren zigor-sorta adostu du Europar Batasunak. Orain arteko zabalenetakoa da, eta aurrenekoz barne hartzen ditu Txinako enpresak ere.


Gotorlekurik zaharrena

Siberiako taigan duela 8.000 urteko gotorlekua topatu dute Berlingo Freie Universitäteko ikerlariek, inoizko zaharrena. Gotorlekuak Iraultza Neolitikoarekin batera iritsi zirela uste izan da luzaroan, nekazaritzak komunitateak egonkortzea ekarri zuelako.

Baina duela... [+]


Eguneraketa berriak daude