Euskaraz bai, baina ondoan gaztelania badu

  • Jo dezagun herriko biztanleen %80 euskalduna dela. Udalak bere jarduna euskaraz egitea lortu du, gaztelaniari aurrea hartuta. Ez da erraza izan, baina herritarrak ohitu dira udalarekin duten harremana euskaraz izatera. Orain badator Carlos Urquijo, Espainiako Gobernuaren ordezkaria EAEn, eta dio euskara hutsean ez dagoela aritzerik. Ez ditu eraman epaitegietara gaztelania hutsean ari diren administrazioak.

Kontseiluak eta UEMAk otsailaren 28rako manifestazioa deitu dute Donostian, “Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara!” lelopean.
Kontseiluak eta UEMAk otsailaren 28rako manifestazioa deitu dute Donostian, “Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara!” lelopean. Gari Garaialde / Argazki Press

Aritzeak arazoak dakartza. Carlos Urquijok lan asko dauka, urte luzez gogor aritu direlako beharrean udalak. Euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzeko neurri eraginkorrak hartu dituzte eta Espainiako Estatua ate ondoan da galga jartzeko.

Gobernu ordezkariak era guztietako eskakizunak egin dizkie udalei. Erabilera planak, hizkuntza irizpideak, kontratazio irizpideak, elebitasun eskaerak, diru-laguntzak... nola ari diren egiten galdetu die. Gaztelania hiztunen eskubideak urratu direla iruditu bazaio, epaitegietara eraman ditu udalak.

Euskararen Legea makulu

Espainiako Gobernua Euskararen Legearen irakurketa zurruna ari da egiten. Udalek ele bitan aritu behar dutela dio. Euskal Autonomia Erkidegoko errealitate soziolinguistiko anitza kontuan hartuta, zenbait udalerritan aurrerapen ederra litzateke udal administrazio jarduna euskaraz eta gaztelaniaz egitea, tokitan delako euskara egoera horretatik. Carlos Urquijoren helburua ordea, ez da euskal hiztunen eta gaztelania hiztunen, guztien, eskubideak babestea. Hala balitz, oporrak hartzeko betarik gabe aritu beharko luke EAEko administrazioei helegiteak ipintzen, euskal hiztunen eskubideak etengabe urratzen direlako.

1982an onartu zen Euskararen Legeak bazuen atal bat zeinaren arabera gune euskaldunetan administrazioak euskara hutsean aritzerik izango zuen. Konstituzio Auzitegiak ordea, atzera bota zuen. Gaur egun, udal euskaldun asko ia euskara hutsean ari dira lanean eta Euskararen Legearen irakurketa murriztaileak epaitegietara eraman ditu. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok hala dio: “Pandoraren kutxa zabal daiteke orain. Teorian, Urquijok printzipio konstituzionalak defendatu behar baditu, euskararen ofizialtasuna ere defendatu beharko luke. Baina ari gara ikusten nora jotzen duen: esan digu zenbat udalek ez duten errespetatzen Euskararen Legea, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kideei egin dizkie eskakizunak”. Euskararen Legea du makulu. Hala ere, Bilbaok gogorarazi du Eurokartari begira diezaiokeela Espainiako Gobernuak, hark dioenaren arabera, administrazio dokumentuek euskaraz balio osoa izango bailukete.

Eta orain zer?

Itxura onik ez du. Zarauzko eta Lasarte-Oriako udalek aldeko epaia izan dute –hizkuntza irizpideetan eta kontratazioetan, hurrenez hurren–, baina Lekeitioko Udalak badu kontrako epaia udal erabakien agiriak Gobernu ordezkaritzara euskara hutsez bidaltzeagatik. Kontseiluko eta UEMAko ordezkariek ez dute itxaropen handirik. Auzitegiak ez dira oso euskaltzaleak.

Eusko Jaurlaritzari udalok babestea egokitzen zaiola azpimarratu dute UEMAk eta Kontseiluak. Bilbaoren ustez, orain bi gauza egin daitezke: Euskararen Legea eskuan epaitegietan defendatzen saiatu, eta horrek aurrerabiderik ez badu Legebiltzarrera eraman. “Jaurlaritzak uste badu Euskararen Legearen irakurketa zurruna egiten ari direla, baina lege horrek berak aukerak ematen dituela, epaiketetan egon beharko luke udalerrien defentsan. Kontrako epaiak egon daitezkeela aurreikusita B plana ere eduki beharko luke. Hau da, baloia Legebiltzarrean utzi behar da eta pentsatu zein moldaketa egin behar zaizkion legeari halako gauzak saihesteko”.

Udal Legeak ekar lezakeena

Udalei hainbat eskumen emateko aukerak sortzen ditu Udal Legeak, eta bide horretan euskaldunen eskubideak babesteko. Udalek euskara sustatzeko eskumenik ez dute, teorian, baina praktikan egin egiten dute. Udal Lege proposamenak aurrera egiten badu, udalek euskara bultzatzeko eskumena izango dute. Adibideren batean garbi jasotzen du hainbat agiri mota euskara hutsean egin ahalko dela. Zirrikituak zirrikitu, lege zurruna idatzi dutela uste du Miren Segurola UEMAko koordinatzaileak: “Adibidez, hizkuntza paisaia udal denek ele biz eduki behar dutela dio, ez du interpretaziorako aukerarik ematen. Kataluniako legeak dio ‘gutxienez katalanez’ egongo dela. Legea onartzeko gehiengoa edukita, ez onartu bihar bertan gure kontra erabiliko den legea”.

Udalak epaitegietan

Udalerri euskaldunetako udalek, euskara hutsean ari diren horiek, epaitegietan galtzeko arrisku handia dute. Lekeitioko Udala da aurrekaria. Ezin dute bat eginda borrokatu eta udal asko txikiak dira. Esan dute ekonomikoki epaiketei aurre egitea ezinezkoa izango zaiela. Beraz, aurrera jarraitzea erabakitzen badute babesa eta laguntza beharko dute, eta atzera egitea hautatuz gero itzulpen lanetan hasi beharko dute. Alabaina, euskaraz daukaten guztia gaztelaniara eramatea ez da doan. Dena dela, itzulpen gastua ez litzateke urtetako euskararen normalizazioan emandako atzerapauso nagusia. Udalarekin batik bat idatzizko harremanak normalizatzeko urte asko behar izan dira, eta badakigu, eremu formalean, ele bitan aritzeko aukera emanda zein erraza den gaztelaniazko testuetara jotzea. Bi hizkuntzetan hastea atzerakada handia litzateke.

Bilbaoren ustez, erabaki irmoa hartu duten udaloi aitortza eta babesa erakutsi behar zaie: “Ez diot zentzu paternalistan, egiten ari direna txalotzen dugu. Esan behar diegu ez daudela bakarrik, eta ez direla bakarrak”. Kontseiluko komunikazio buru Saioa Rodriguezek ondorengoa gaineratu du: “Orain udalei egokitu zaie erantzukizuna, baina ez da beraiek bakarrik kudeatu behar duten kontua, ardura politikoa duten horiek guztiek dute erantzukizuna”.

Hau ez da Urquijoren eroaldia

Ez da Espainiako Gobernuaren ordezkariaren apeta, Espainiako eta Frantziako Estatuek Euskal Herriko hizkuntza neurrietan esku hartzeko duten politika baizik. Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak (Carmen Albak) ez du Urquijok duen osperik, hainbesterainoko lanik izan ez duelako. Haren ordez, Nafarroako Gobernua bera ari da. Adibide ona da Baztango Udalarena. UEMAk erabilera planak udalbatzarretara ez eramatea aholkatu zieten udalei, Olaztiko aurrekaria baitzuten. Udalerri hartako hizkuntza irizpideak errekurritu zituen Nafarroako Gobernuak eta epaia kontrakoa izan zen. Baztanen udalbatzarrera eraman dituzte hizkuntza irizpideak, eta Gobernuak helegitea jarria du. Beste udalerrietako hizkuntza irizpideak ere udalbatzarrera eramango balituzte patu bera izango lukete.

Frantziako Gobernuak ere garbi utzi du zein den Estatuko hizkuntza. Bi adibide ematearren, Estatu ordezkari Patrick Dallennesek helegitea ezarri zion Hendaiako Herriko Etxeari, ikastolari eraikin bat uzteagatik, eta Uztaritzeko Herriko Etxea ere epaitegietara eraman du Dallennesek berak, udalean euskara hizkuntza ofizial izendatzeagatik.

 

Miren Segurola, UEMAko koordinatzailea: "Herrian lau erdaldun daudelako dena ele biz egiteak ez du zentzurik"

Orain arte nola moldatu dira UEMAko udalerriak euskara hutsez?

Urquijorik ez zebilen. Orain etorri da [barrez ari da]. Katalunian ere lege bera dago. Han mila zirrikitu baliatu eta askoz aurrerago ailegatu dira. Guri ez digute lagatzen.

Nahiz eta Espainiako Gobernuaren esku-hartzerik ez izan, neurriak hartzen zituzten.

Adibidez, udal batek erabilera plana onartzen duenean Eusko Jaurlaritzaren aldeko txostena behar du. Legelariak esaten du plan hori legala den ala ez. Gure negoziazioak horren baitan izan dira, urtetan. Hasieran jartzen genuena jartzen genuela aldeko txostena egiten ziguten. Gero, “euskara hutsez” baino, “euskaraz” jartzeko esaten hasi ziren. Ondoren, “euskaraz, baina hizkuntza eskubideak errespetatuz” ipintzeko. Bestelako beherapenak ere izan ditugu. Azkeneko gomendioa “euskaraz ere” jartzeko izan da. Hori ez dugu onartuko. Nora goaz “euskaraz ere egingo da” esanez, gauza asko eta asko euskaraz baino ez garenean ari egiten?

Euskararen Legeak ele bitan egitea eskatzen du.

Ez da euskararen legea. “Euskaraz ere” egiten uzten du, baina “euskaraz” tamainan. Dena gaztelaniaz egiten den eremuan “euskaraz ere” egitea urrats bat izan daiteke, baina erabat euskaraz bizi den udalerrian? Azpeitiko Udalean euskaraz eta gaztelaniaz jardutea, gaztelaniaren mesedetan aritzea da.

Gaztelania hutsez lasai ederrean funtzionatzen dute hemen medikuek, poliziak, suhiltzaileek. Zerbitzu publikoen ehuneko handi bat oraindik gaztelania hutsez ari da. Euskara hutsez egitea da delitua. Horixe diferentzia.

Bi hizkuntzetan egiten hasteak zein ondorio izango lituzke?

Ekonomikoki, itzulpen lan izugarria egin beharko litzateke. Normalizazioaren ikuspegitik, akats larria da. Beti gaztelaniaz ikasi duen belaunaldia adibidez, ohitu da euskaraz irakurtzera, dela aldizkaria, dela udaleko bandoa... Dena ele biz egingo balitz, jendearen joera, bereziki belaunaldi zaharrenena, gaztelaniaz irakurtzea da. Euskara hutsez egiteak ez du esan nahi erdaldunei hizkuntza eskubideak urratzen zaizkienik. Arazoak badituzte, bitartekoak jartzen dira konponbidea aurkitzeko. Ez du zentzurik ordea, herrian lau erdaldun daudelako dena ele biz egiteak.

Lau erdaldun dauden herrian euskaldunen eta erdaldunen hizkuntza eskubideak errespetatzeko adibide bat azalduko?
Herriko festa programa euskara hutsez dago, eta oharra dator, esanez norbaitek gaztelaniazkoa behar badu udaletxean galdetzeko. Han eman egiten zaio. Nonbait hizkuntza eskubide guztiak errespetatzen badira udalerri horietan da. Guztiei erantzuteko prestatuta daude, beste asko ez bezala. Pediatrarekin gaztelaniaz egin behar, epaitegian beste hainbeste. Urquijok ez du horrelakorik errekurritzen.

Nork babestu behar ditu udalak?

Goi administrazioak. Eskumena Eusko Jaurlaritzarena da. Bitartekoak jarri beharko lituzke Euskararen Legea hobetzeko, euskararen normalizaziorako izan beharrean, oztopo bihurtzen ari den guneetan behintzat.

Udalerri euskaldunentzat lege babes berezia behar al da?

Udalerriok hizkuntza politika bereziak behar dituzte eta politika horiek legalak izan daitezen lege babes berezia behar dute. Eusko Jaurlaritzak ulertu behar du Barakaldoko eta Azpeitiko hizkuntza politikak ezin direla berdinak izan, errealitate soziolinguistikoa oso bestelakoa delako.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: UEMA
EAE-ko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua
Aukera galdua

Eusko Jaurlaritzak EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onartu du otsailean. Duela 27 urteko dekretua ordezkatu du. Euskalgintzako eragileen ustez, Jaurlaritzak ez du baliatu “jauzi ausarta” emateko. Dekretu berriak ez du... [+]


Hamabi hizkuntzatan banatuko du UEMAK Korrikari buruzko informazioa

23. Korrikaren atarian, udalerri euskaldunetako bizilagun guztiek Korrikaren berri izatea garrantzitsua dela iritzita, diptikoa banatuko du UEMAk hamaika hizkuntzatara itzulita.


2024-03-04 | ARGIA
Udalekuak egingo ditu UEMAk euskaraz bizi diren gazteentzako

Beste urte batez, uda garairako, Salto! udaleku ibiltariak antolatu ditu UEMAk. Udalerri euskaldunetako gazteak elkartuko dira aisialdiaz gozatzeko. UEMAren helburua da “euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu... [+]


Azkoitiko Udala UEMAko kide izango da

EAJren, EH Bilduren eta Azkoitia Bairen aldeko bozkekin hartu dute erabakia. Udalbatza osatzen duten hamazazpi zinegotzietatik hamaseiren aldeko botoa jaso du Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera (UEMA) sartzeko eskaerak.


hizkuntza politika auzitegietan
Gaztelaniaren nagusitasuna bermatzeko beste zartako bat

Uliazpi Fundazioa, Laudio, Barakaldo, Irun, Erandio... Edo beste era batera esanda: hizkuntza eskakizunak, Udal Legearen 6.2 artikulua, kontratazioetako klausulak... Sektore publikoaren euskalduntzea urrunegi joan dela esaten ari zaizkigu. Horretara dator oldarraldi judiziala... [+]


Eguneraketa berriak daude