argia.eus
INPRIMATU
Lemoatxako miliziano errepublikarra, iluntasunetik argira
  • 1937ko borrokaldian hildako Hilario Blanco Reguero barakaldarraren hezurrak senideei itzuli dizkiete. Soinean zeraman txaparen bidez identifikatu ahal izan dute.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2015eko otsailaren 26a
Goian, Milagros Blanco, Lemoatxan hildako anaiaren gorpuzkina eta objektuak jasotzeko unean.

1937ko ekainaren hasieran Lemoatxan izandako borrokaldietako batean hil zen Hilario Blanco Reguero barakaldarra. Bere hezurrak eta hainbat objektu pertsonal senideei itzuli dizkiete 78 urteko iluntasunaren ostean.

Ekitaldia Lemoako udaletxean egin zuten otsailaren 21ean eta bertan izan zen hildako milizianoaren arreba Milagros: “Ni jadanik seguru nengoen ez genuela inoiz aurkituko”, esan zuen 90 urtetik gorako emakumeak.

Lemoako Udaleko gazte teknikari Mikel Garciak Argiari azaldu dionez, gorpuzkinak 2014ko urriaren 25ean atera zituzten, Lemoatxa inguruan egiten ari diren berreskurapen lanen barruan.

Arazandiko kide Alberto J. Sampedrok metal-detektagailu batekin Euzko Gudarostearen gerriko-belarria topatu zuen lehenik. Ondorengo indusketetan pertsona baten hezurrak azaleratu zituzten, baita beste hainbat objektu ere: larruzko poltsa, bizarra egiteko makina, idazteko luma eta txapa zenbakiduna.

Txaparen datua Euskadiko Artxibo Historikoko informazioarekin alderatu ostean jakin zuten hildakoa Hilario Blanco Reguero barakaldarra zela, UGTko kidea eta 28. batailoiko milizianoa. Seguruenik granada batek jota hil zen eta ahal zuten moduan lurperatu zuten.

Hezurrak senideei emateko ekitaldian izan ziren Saioa Elejabarrieta Lemoako alkatea, Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernando, eta Pako Etxeberria Aranzadiko auzitegi-medikua. Baita UGT sindikatuko ordezkariak eta makina bat herritar ere.

Ez da lehen aldia Lemoatxan soldadu errepublikar baten gorpuzkinak azaldu direna. 2012ko urtarrilean beste gudari batenak aurkitu zituen Aranzadik, baina kasu horretan ezin izan zuen bere nortasuna zein zen argitu.

Lemoako memoria

Aurkikuntza horiek ez dira kasualitatea izan. Erakunde publikoak eta Lemoatx 1937 elkarteak urteak daramatzate mendi hartan 1937an izan zen borrokaldiko lubakiak azaleratzen auzolandegien bidez. Besteak beste harrizko lubakiak, zolak, balak eta metraila zatiak aurkitu dituzte. Horrez gain, muinoaren gainean dagoen ermita eta gurutze frankistari beste esangura bat eman nahi izan diote.

Lemoatxan borrokaldi gogorra izan zen 1937ko maiatza amaiera eta ekaina hasieran, Bilbo inguratzen zuen “Burdinazko Gerrikora” iristeko postu estrategikoa baitzen muino hura. Faxistak atzera eta aurrera ibili ziren, errepublikarren kontraerasoen ondorioz. Ehunka hildako izan ziren bi aldeetan, horietako asko abiazio naziaren bonbapean. Lemoatx 1937-k orduko gertaerak bizi izan zituztenen testigantzak bildu ditu Lemoako Memoria dokumentalean.