"Ihesaldi baten berri duzunean, sinpatia sentitzen duzu protagonistarekiko"

  • Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak izenpean, hamar lagunen ihesaldiak edo ihes-saiakerak batu ditu liburu batean Josu Martinezek (Bilbo, 1986), Tene Mujika bekaren laguntzarekin. Hamaika behar zuten hasieran, baina hamaikagarren istorioko protagonistak zain duen auzia ebatzi arte bere ihesaldia ez argitaratzeko eskatu zion. Liburua memoriaren berreskurapenerako ekarpen txikia dela dio, “irri batekin irakurtzeko liburua.

Hitzaurrean aipatzen duzu arreta deitu dizula beti ze literatura gutxi idatzi den Euskal Herrian gertatutako ihesaldien inguruan.

Hala uste dut, 50 urte hauetan indarkeria-gatazka delako hori hain bortitza izan da alde guztietatik, mila historia daudela literatura, zinema edo beste egiteko. Gehiena kontatu barik dago eta kartzelako ihesaldiak karamelua dira. Egongo da gauza bera gertatzen ez zaion bateren bat, baina ihesaldi baten berri duzunean, sinpatia sentitzen duzu protagonistarekiko, bihurrikeria bezala hartzen da. Ez da asko idatzi horri buruz, beharbada gatazka oso presente egon den bitartean gaia tabu izan delako. Baita ihesaldiena ere: oraindik preso ugari egonda, izango du bere arriskua.

Kontatu duzun azken istorioa 2009koa da, baina gehienak denboran urrunago daude. Iraganean geratu da kartzelatik ihes egiten saiatzea?

Datu objektiboa da orain preso gutxiagok egiten dutela ihes. Liburuan saiatu naiz gaur egunetik gertuago daudenak ere sartzen, baina errealitatea inposatzen zaizu: ihesaldi gehienak 1970 eta 1980ko hamarkadetan eman ziren. Arrazoi ezberdinengatik izango zen, baina orain ihesaldirik ematen ez bada, ez dut uste presoak saiatzen ez direlako denik. Segurtasun neurriak asko zorroztu dira. Gainera, orain ihes egiteko saiakera bat egongo balitz, askok bake prozesuaren aurkako ekintzatzat ikusiko lukete.

Beste tonu bat erabili duzu liburuan, umoretik idatzi dituzu.

Istorioek horrela eskatzen zidatelako egin dut, hauteman ditudan bezala idatzi ditut. Ez da umorezko liburua. Kontatzen dena oso serioa da, baina irribarre bat onartzen duten istorioak dira, beren gogortasunean.

Idazkera teknika ezberdinak erabili dituzu, batzuetan gertuago kazetaritza-kronikatik, fikziozko eleberritik besteetan.

Gauza horiek askotan idatzi ostean arrazionalizatzen dira. Istorioak hala eskatuta erabili dut modu bat edo beste. Batzuetan nire burua ere sartu dut kontakizunean, komikotasun puntu bat gehitzeko, niri zerbait gertatu zaidanean istorio horrekin.

Zinearekin duzun lotura ikusita, zergatik ez pelikula? Alegia, zergatik liburua?

Liburu hau pelikula eran egitea 30 bat aldiz gehiago kostatuko litzateke dirutan. Ihesaldi bat oso gauza zinematografikoa izan daiteke, baina istorio bat baino gehiago “laburki” kontatzeko formatu ona iruditzen zitzaidan liburuarena. Ez dut hainbeste begiratzen idatziz edo irudiz, garrantzitsuena istorioa kontatzea da. Fikziozko hamar pelikula eder egon daitezke liburuaren baitan, baina ez ditut nik egingo.

Protagonistei bizitakoa kontatzeko nahia antzeman diezu?

Hamar istorio hamar pertsonaia dira eta denetarik dago; zenbaitek xehetasun guztiekin dena kontatu nahi dizute, baina badago garrantzia kendu edo kontatu nahi ez duenik. Jende askoren deiak edo gutunak jaso ditut haien ihesaldia kontatzeko desioarekin, baita liburua argitaratu ostean ere.

Iñaki Pikabea Pitiri galdetu diozu liburuan: Zer esan nahi du preso batentzat ihes egiteak?

Ihesaldi saiakera egoera traumatiko batetik sortzen den zerbait da, haustura bat, ondo edo gaizki atera. Beti gelditzen da hor, baina norberak bere erara digeritzen du. Horrek ere ematen dio aniztasuna liburuari, bestela istorio guztiak berdinak lirateke.

Ihesaldi ezagunagoetan bestelako ikuspuntu bat lantzen saiatu zara?

Bai, esaterako, Segoviako ihesaren kasuan, ez duzu pelikula kontatu nahi. Denek dakiten istorioan, hainbeste ezagutzen ez den zerbait kontatzen saiatu naiz, ihesaldian parte hartu zuten katalanen istorioa kontatuta.

1985eko Martuteneko ihesa kontatzeko, aldiz, Sarrionandiak huts egin ostean jo zenuen Pitirengana.

Ez da dena sinetsi behar, gauza batzuk literatura izango dira agian. Gustatuko litzaidake Sarrionandiak inoiz kontatu ez duena lehen aldiz niri kontatzea, baina beste alde batetik, liburuan ere badiot, zintzoki uste dut berak bere autobiografian idatzi beharrekoa dela. Pertsonaiak duen garrantzia kontuan hartuta, pena litzateke hamar istorioko liburu batean, bost orri inguru baino ez eskaintzea horri. Berak idatzi dezala.  

Dena den, Sarrionandiak hitz-atzea idatzi du liburuan, Filosofia apur bat ihesaren inguruan. Ze ekarpen egiten dio?

Oso ondo borobiltzen du liburua. Preso egon eta ihes egitearen alderdi filosofikoagoa lantzen du, nik, tonu jostariarekin, alde batera utzi dudana. Hortaz preso egon den norbaitek idatz dezake ondo.  Sarrionandiak liburuaren eskuizkribua irakurri zuenean, agindu zuen hitzaurre bat egingo zuela, baldin eta liburuaren tonu umoretsuari eustea lortzen bazuen. Azkenean askoz testu sakonagoa idatzi zuen, orduan hitzaurrea baino epilogo gisa jarri genuen.

Kontatu dituzun hamar istorioen artean baduzu kuttunik?

Denak idazten dibertitu naiz eta plazera izan da protagonistei entzutea. Bat aukeratzekotan, ordea, IK-koena hartuko nuke. Antolakuntzari dagokionez, apartekoa iruditzen zait, baita pelikula eder baterako ere. Tiro bat bota gabe kartzelara sartu eta bi kide [Maddi Hegi eta Gabi Mouesca] nola atera zituzten espetxetik. Maddi Hegi hilabete gutxira zen kanpora irtetekoa, baina ihesaldian parte hartu nahi izan zuen. Bukaera tragikoa izan zuen, ordea; ihes egin eta gutxira, jendarmeria atxilotzera joan zenean, jendarme bat atzetik korrika zuela, errail batean lotuta geratu ziren eta trenak biak eraman zituen. Uda hasten den egunean gertatu zen, ekainaren 23an, eta poetikoena da Maddi Hegiren guda izena “Uda” zela. Guztiz ezezaguna da istorioa, gainera Maddik ahaztua izateko ezaugarri guztiak zituen: iparraldekoa, emakumea eta IK-koa.

 


ASTEKARIA
2015eko martxoaren 01a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Iaz gehien mailegatu zen euskarazko liburua, Nerea Ibarzabalen 'Bar Gloria'

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako liburutegietan 2,7 milioi mailegu egin ziren 2023an, 2018an baino 100.000 inguru gehiago.


Otsoa dator!

Gizakiak istorio kontatzaileak gara, hainbeste, ezen esan ere egin daitekeen narrazio gaitasuna dela gizaki egiten gaituen ezaugarrietako bat. Kontakizunak behar beharrezkoak zaizkigu geure burua eta errealitatea eraikitzeko, eta bereziki aipatzekoa da ipuin klasikoek horretan... [+]


Uxue Alberdi. Hamarkada bi idazten (I)
Aulkitik aulkira, euli-giro eta Jenisjoplin, kontrako eztarritik dendaostera

Uxue Alberdiren lanari begira jarriko gara oraingoan. Lehenengo artikulu honetan helduentzako idatzi dituen ipuinak, eleberriak, saiakera eta kronika hartuko ditugu kontuan. Bigarren artikulu batean ilustratutako anekdotez, istorioez, filosofia liburuez eta idatzizko bertsoez... [+]


2024-02-12 | Jakoba Errekondo
Indi gaztainondoaren gerrateak

Zuloan sartuta egotea ez duk txarrena –esan zion Manuk–, txarrena duk ez jakitea noiz aterako haizen, edo inoiz aterako haizen ere. Lander Garroren Gerra Txikia nobelan, non gerra bateko iheslarien gorabeherak azaltzen dituen, pertsonaien artean, Anna Frank dakarte... [+]


Eguneraketa berriak daude