argia.eus
INPRIMATU
Inoizko obra publikorik luzeena: 26 mende
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2015eko otsailaren 26a
Korintoko kanalaren inaugurazioa 1893ko azaroaren 9an, proiektua diseinatzen hasi eta bi milurteko eta erdi geroago.

Korintoko golkoa (Grezia), K.a. VII. mendea. Greziako Zazpi Jakintsuetariko batek, Periandro Korintoko bigarren tiranoak, Egeo itsasoa eta Korintoko golkoa kanal baten bidez lotzea pentsatu zuen, Peloponesoko penintsula inguratu beharra saihesteko. Baina zailtasun teknikoak gainditzeko gaitasunik ez zeukala konturatu zenean, kanalaren ordez harrizko arrapala eraikiarazi zuen; egun, oraindik, arrapalaren arrastoak ikus daitezke kanalaren alboan.

Periandro ez zen izan kanala eraikitzea gogoan izan zuen greziar bakarra. K.a. III. mendean Demetrio I.a Mazedoniakoak ere proiektua bultzatu nahi izan zuen. Ondoren, erromatarrek hartu zuten lekukoa. Julio Zesarrek Laus Iulia Corinthiensis kolonia berrian kanala eraikitzeari egoki zeritzon, Kaligulak ere bai, baina azkenean Neronek abiarazi zuen proiektua. K.o. 67. urtean, suntsitzaile ospea daukan enperadoreak Korintoko istmoan kanala eraikitzeko agindua eman zuen eta 6.000 esklabo bideratu zituen obrara. Egungo politikaria bailitzan, obrak hasteko zeremonia moduko bat ere egin zuen Neronek: Greziako gobernadorearen eskuetatik urrezko pikotxa hartu eta lehen hiru kolpeak berak eman zituen.

Baina, urte horretan bertan, galiarrak matxinatu zirenean, Galiako Erreboltak bereganatu zuen enperadorearen arreta eta, ziurrenik, kanala eraikitzeko aurrekontuaren zati handi bat. Kontuak kontu, Neron lanak hasi eta urtebetera hil zuten, eta Galba enperadore berriak kanalaren obra bertan behera utzi zuen, garestiegia zelako.

Proiektua madarikatua ote zegoen ere zabaltzen hasi zen, kanalaren bultzatzaile nagusi gehienak indarkeriaz hil zituztela oinarri hartuta: Demetrio I.a, Julio Zesar, Kaligula, Neron bera... Kontua da garai hartan indarkeriaz hildako goi karguen portzentajea handia zela, eta kointzidentzia horrek zerikusi gehiago izango zuela horrekin, proiektuaren sustatzaileen aurkako ustezko madarikazioren batekin baino. Eta hala ere, proiektua mendetan ahaztuta egon zen.

1881ean berriro ekin zioten kanala zabaltzeko lanei, Ferdinand de Lessepsen proiektuarekin (Suezko eta Panamako kanalaren proiektuak ere frantziarrak egin zituen) eta Istvan Türr ingeniari hungariarrak zuzenduta. Hamabi urte geroago inauguratu zen kanala. Gaur egun Korintoko golkoa eta Egeo itsasoa lotzen dituen 6,3 kilometroko lerroa Neronen proiektuan marraztutako berbera da.