argia.eus
INPRIMATU
Diru publikoaren arpilatzaileak
Juan Mari Arregi 2015eko otsailaren 26a

Sumatzen zen ustelkeria bazegoela bizitza politiko, sozial eta sindikalean. Orain zenbait kasu azaleratzen ari dira. Baina nekez urtuko den izeberg izugarri baten punta baino ez dira. Interes asko dagoelako hori eragozteko. Kasu gehienak Espainiako Estatuan gertatu dira. Jakin dugu, esaterako, CCOOren bankuetako federazioak 2008 eta 2012 artean 8,3 milioi euro jaso zituela finantza entitateengandik. Alderdi politikoek eta sindikatuek poltsikoak bete dituzte aurrezki kutxen eta erakunde publikoen kontura. Diru-kutxa publikoen arpilatzaileak izan dira, eta Bankia edo Andaluziako EEEak arpilatze horren lehen lerroan daude.

Euskal Herrian, nahiz eta eskala txikiagoan izan, zenbait kasuren berri jakin dugu orain. Kutxabankek Espainiako Gobernuko ordezkari ohi Mikel Cabiecesi soldata ordaintzen zion “borroka antiterroristan” izan duen lanagatik, eta horrek Pandoraren kutxa ireki du. EAJko politikari ohiak (Aurrekoetxea, Zalbidegoitia, Arrieta, Atutxa...), PPkoak (Olazabal) eta PSOEkoak (Buen) zenbait enpresatako administrazio kontseiluetan kolokatu dituzte (Petronor, Zeltia, CAF, CLH...), ondo ordainduta eta Kutxabanken ordezkari gisa. Bestalde, Euskal Herriko alderdi politikoek aurrezki kutxekin zor milioidunak dauzkate hauteskunde kanpainak finantzatu ahal izateko eta hori ez dute sekula itzuliko. Adibide gehiago: Epsilon, Bidegi, Hiriko... Hemen ere badaude, beraz, diru publikoaren arpilatzaileak. Kutxabankek euren hipotekei aurre egin ezin dien familia langileak etxegabetzen ditu; enpresa txiki eta familiarrek bizirauteko kredituaren iturria itxita daukate; eta era berean, zenbait alderdi politikok pribilegio mota ugari dituzte. Kutxak –orain Kutxabank, baina lehenago Nafarroako CAN– euren txoko bihurtu dituzte.

Entitate horien diruarekin ari dira aberasten zenbait politikari eta sindikalista, eta egiazko titularrek arpilatzaileen kontra egin behar lukete. Zeren eta Kutxabankek edota beste kutxek, ezin dute inoren txoko izan, gordailugileenak dira, inolaz ere politikari edota sindikalistenak.