Kontzertu Handien Zikloa
Musikariak: Maria Joao Pires eta Nathanaël Gouin (pianoak).
Egitaraua: Schubert eta Beethovenen obrak.
Lekua: Gasteizko Principal Antzokia.
Data: otsailaren 7a.
Zertxobait enpalagosoa iruditzen zait izenburua, baina egia esan ez nekien nola adierazi joan den otsailaren 7an izandako errezitaldia, Maria Joao Pires eta bere ikaslea den Nathanäel Gouin piano joleena, ez zela entzule arruntarentzat pentsatua.
Obra gutxi, luze eta sakonak, ez dira txalo erraza bilatzen duen egitarau aproposena. Baina Pires ez da artista erraza. Berak ez ditu bilatzen “bravo” zentzugabeak. Musika mamitsua maite du, eta maitasun hori helarazi nahi dio publikoari. Batzuei iristen zaie, beste batzuei, ez.
Giro intimistan, Gouin gazteak hasiera eman zion kontzertuari, bere maisuaren begiradapean. Schubert-en 19. Sonata, do minorrean D. 958 jo zuen. Lan konplexua, iluna, zaila da. Konpositore austriarraren azken obretako bat da eta antzematen dira partituran musikariak bere azken urteetan bizi izandako gorabehera emozionalak. Gouinek irakurketa sentibera egin zuen, oso, eta aldi berean adoretsua. Bestalde, teknikaren aldetik, oso ona.
Jarraian, Maria Joao Piresen txanda izan zen, eta beste lan korapilatsu bat aukeratu zuen publikoa txunditzeko. Beethoven-en 32. Sonata, do minorrean, op. 111 lan modernoa dela esango nuke. Tinbrikoki berezia, forma aldetik zertxobait apurtzailea… Harrigarria. Pires-en interpretazioa ere harrigarria izan zen, oso pasionala eta indartsua. Garai honetako piano jole onenetako bat da eta garbi utzi zuen bere magia ez dela ohikoa.
Saioa amaitu zen lau eskutarako Fantasia fa minorrean D. 940 lanarekin, hunkigarri eta adierazkorra. Sakontasunez interpretatua.
Bis bat ere oparitu zuten: Kurtag-en Hommage à Schubert. Minimalista, delikatua, gutxiengoen gustukoa.