Urtetan kaltetutako eremuari arnasa eman

  • Meatzerreka Arrasateko auzorik zaharrena da, ahaztuenetarikoa ere bai: harrobiek, hondakindegiek eta fabrika kutsakorrek hainbat kalte eragin dizkiote auzoari. Jarduera horien eraginez galdutako ondare naturala berreskuratzen hasiko dira aurten. Izan ere, Arrasateko Udalak herrian babestu gura dituen inguruneetako bat da.

Ugaldeazpi eta Ugaldegain baserriak, Elorriorako errege bidea hasten den lekuan. Amaia Ugalde Begoña

Arrasaten, Kanpanzar mendatera joateko bidea hartu, eta eskumatara dago Meatzerreka auzoa. 50 bat auzokide bizi dira bertan eta, urtetan, hainbat ekonomia jarduera izan dituzte. Tartean izan dira hiru harrobi, Arrasateko saihesbidea egin zeneko hondakindegia, hiri hondakinen zabortegia eta errauskailua. Civasa fabrikaren hezurdura ere oraindino zutunik dago Meatzerrekan. Horiek guztiek eragindako kalteari buelta eman eta ondare naturala berreskuratzeko asmoz, auzoa babesteko erabakia hartu dute udal arduradunek.

Josu Pereda ingurumen zinegotziak dioenez, “azken hamarkadetan Arrasaten indar guztiak bideratu dira industria jardueretara, errepide eta komunikazio-sareak sortzera eta etxebizitzak egitera. Ingurumena guztiz ahaztuta egon da”. Hori dela eta, plan berezia prestatu du udalak, Besaide mendizale taldea, Naturtzaindia elkartea, Arrasate Zientzia Elkartea eta Iraganeko Oinatzak jakintza eta zientzia elkartearekin batera. Herriko hainbat gune babes bereziko izendatu dituzte, eta ekintza eremuetako bat Meatzerreka auzoa da. Hala eskatu izan dute auzokideek sarritan.

Udalak jarduera ekonomikorako lur azalera murriztu du, eta lehenago Akeiko zabortegiarena zen lursail bat erosi du, hiru hektareakoa, San Baleixo baselizaren ondoan. Peredak dioskunez, arnasgune bat sortu gura dute, mahaiekin eta panel informatiboekin. “Ingurua bakean egongo da, ez da jarduera ekonomikorik egongo, eta auzokideentzat eta arrasatear ororentzat gune bat izango da”.

Udalak erositako lursailean basoari birsortzen laguntzeko, Zuhaitz Eguna ospatu zuten otsailaren 21ean, eta hainbat  intxaurrondo eta gaztainondo landatu zituzten. Auzolanerako beste hitzordu bat ere bada, otsailaren 28an, Naturtzaindiak, Sustrai Berri elkarteak eta Besaide mendizale elkarteak deituta, 500 bat haritz landatzeko; izan ere, haritza da Meatzerrekako berezko arbola.

Kalitate handiko ura eta saneamendu falta

Meatzerrekako ondare naturalaren barruan Bernarasko iturburua dago. Udalatxeko iturburuetako bat da, eta Arrasateko ur kontsumoaren %10 bertatik hornitzen da. Ingurumen zinegotziak nabarmendu du ur hori bertan izan arren, Meatzerrekako baserriek ez daukatela saneamendurik, eta hori izango dela auzora begirako beste proiektu bat: “Meatzarrekako baserri gehienek, edo ez daukate putzu septikorik, edo duela 30 urtekoak dauzkate”.     

Saneamendu falta horrek Benerasko iturburua kutsatzen duela azaldu du Peredak: “Berez oso kalitate oneko ura da bertakoa, baina bakterioz beteta egoten da. Edangarria izateko kloroa bota behar izaten zaio”.

Elorriorako errege bidea

Meatzerrekan saneamendua jartzeko lehen pausoak errege bidearen berreskurapenarekin egingo dira. Bide hori, antzina, Arrasatetik Elorriora joateko bide nagusiaren lehen zatia zen, eta garai batean tarte horretako lursaila Civasa fabrikari sarbidea errazteko eman zuen udalak. Bidea berreskuratu, eta bide batez, saneamendurako kolektorea sartuko dutela jakinarazi digu Josu Peredak.

Berreskuratuko duten bidea Gipuzkoa eta Bizkaia lotzen zituen errege bidearen zati bat zen. Berez, “errepide” hitza errege bidetik datorrela uste da, eta duela 200 urte bide nagusiak ziren, zabalera handikoak. Auzokideek eta mendizale elkarteak sarritan eskatu dute 150 metro dituen bide hori berreskuratzeko. Izan ere, orain ez dago Arrasateko erdigunetik Meatzerrekara oinez joateko biderik: “Auzora oinez joateko errepidez joan behar zara, eta oso arriskutsua da”.

Meatzarien auzoa, Arrasateren sorburua

Auzoaren izenak dioen bezala, Meatzerrekan meategi ugari egon da historian zehar. Josu Pereda zinegotziaren esanetan, orain dela 200 urte familia bakoitzak bere lizentzia zeukan, eta 200 bat familia zeuden, bakoitza bere zuloarekin. Burdina ateratzen zuten handik, oso preziatua: “Urtuta, ia altzairua zen Arrasateko burdina”. Peredak kontatu duenez, Meatzerrekako burdina izan zen, hein handi baten, Arrasate sortzearen arrazoia: “Garai hartan, Europako burdinarik onena zegoen Arrasaten, eta herriaren fundazioa sinatzera Frantziatik, Gaztelatik, Aragoitik... etorri ziren erregeak”. Armarik gogorrenak bertoko burdinaz egiten ziren, eta meategien jarduera babesteko herri harresitu bat sortzeko premia sumatu zuten agintariek.

Meatzariek kofradia sortu zuten, elkarrekin bildu eta burdina ateratzeko lana koordinatzeko. Gaur egun San Baleixo ermita dagoen lekuan batzen ziren; eta  kofradiaren lehen aipamen dokumentatua 1434koa da. Peredak adierazi digu burdinaren ustiaketarako arautegia ere bazutela: “Ordenantza hura nahiko aitzindaria izan zen, eta beste meatzalde batzuetarako eredua izan zela diote historialariek”.

Arrasatearrek oso gauza gutxi jakin dute orain arte meatzarien iragan hari buruz. Herriko historialariak berriki hasi dira artxiboak arakatzen, eta informazio hori azaleratzen. Udalak, orain, herritarren esku ipini gura du berreskuratutako informazioa.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ingurumena
2024-04-25 | Sustatu
'Mendiurrena': Euskal Mendizale Federazioaren mendeurrena

Maiatzean beteko dira 100 urte Euskal Mendizale Federazioa (EMF) sortu zela, orduan ere oihartzun handia izan zuen eta Elgetan izan zen ekitaldi batean (1924ko maiatzaren 18an). Mendeurren hau ospatuko du EMFk logikoki, eta izen aproposa ere asmatu diote: Mendiurrena.


2024-04-23 | Euskal Irratiak
Indarrak biltzeko eguna antolatu du Erdiz Bizirik-ek Elizondon

Erdizko meategiaren kontrako plataforma herritarrak aldarrikapen eta besta eguna antolatu du joan den larunbatean Elizondon. Heldu diren asteetan epaiketa ukanen dute Magnesitas Navarra enpresaren kontra. Hain zuzen, auziak eraginen dituen gastuei buru egiteko sustengu... [+]


2024-04-22 | Ahotsa.info
Sakanak tren publiko eta sozialaren aldeko apostua egiten du

Manifestazio jendetsua egin dute Altsasun AHTren lanak gelditzea eta gaur egungo trenbidea hobetzea eskatzeko.


Eguneraketa berriak daude