argia.eus
INPRIMATU
Argazki bat
Joanes Etxebarria 2015eko otsailaren 26a

Uste nuen ene herriko bidaiari handiak gazteak zirela denak, baina bada horietan 79 urteko gizon bat. Ezagutu nuena, gurasoei egurra saltzen zielako.

Entzun nahi duenari kontatzen dio bere urteroko bidaia luzea, autoz, emaztearen familia ikusteko egina. Errusiara joaten da, emaztea hangoa baitu. Segur aski oraino jende anitzek pentsatzen dutena uste nuen, joan den larunbatera arte: diru truk ezkondu zela, alegia. Edo familiari sos emanez, edo bizitza hobe baten promesa eginez, edo holako zerbait.

Joan den larunbatean bere etxera joan nintzen, baita sartu ere, aperitifaren gomitarekin. Erosotasunean xume bezain maitasunez betea dute etxea. Elkar maite dute, eta hori ez du diruak kausitzen.

Moskuko balet dantzari profesionala eta irakaslea izan ondotik, Madril, Paris, Mexiko eta hamaika bazter kurritu ondoan, Barkoxen pausatu da dantzaria. Eta urtean behin, hilabete baterako, Moskura doa bikotea, artistaren familia ikustera. Emazte horrek gure gizona Parisera eraman zuen behin –60 urte zituelarik–, eta geroztik, Errusiarako bidean saihesbideetatik doaz: Grezia, Italia, eta ondokoetan gehiago. Bi bidaien artean, egurra saltzen dute.