argia.eus
INPRIMATU
Norberarengan sinestea, armarik indartsuena
  • Anestesia

    Bonberenea Ekintzak, 2015

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2015eko otsailaren 18a

Rocka, bere zentzu zabalenean, oso eremu aldakorrra eta desorekatua da milaka arrazoiengatik. Era berean, pertsona batek baino gehiagok osatzen duten proiektuak iraunkorrak bilakatzea zeregin aski zaila da, interes, behar eta egoera pertsonal askok iraute hori baldintzatzen dutelako. Are gehiago, proiektuak trukean partaideei ematen diena zenbatzeko edo ukitzeko zaila bada. Asko eman behar du norberak proiektuak iraun eta motibazioa biderkatuta emaitza hobetzeko. Musikaren esparruan asko aipatu izan da badirela estilo konkretu batzuk –erritmoz eta intentsitatez lasaiagoak direnak– urteek aurrera egin arren, emaitza parekoa izatea posible egiten dutenak. Eta ez, aldiz, gainontzekoetan.

Anestesiak asko du gogoeta horietatik, baina bere existentzia eta praktikekin gauza asko erabat gezurtatzen ditu. Taldea sortu zenetik 27 urte betetzear dauden arren, agertokira igotzen diren bakoitzean –guztietan– hastapenetako ilusio eta motibazio bera transmititzen dute, itzela. Eta, badirudi, urteak pasatzeak ez diela indarrean, energian eta irmotasunean ezertxo ere eragin; nik alderantziz esango nuke, are eta irmoagoak eta basatiagoak dira gaur egun. Aipatuko nuke, baita ere, taldearen hiru sortzaileak –Mikel, Dani eta Beloki– ez direla zahartzen, baina hori beraien sekretuaren parte da.

Inguruko eta kanpoko ezerk eragiten ez dion makinaria da Anestesia, bere erloju, bihozkada, egutegi eta elikadura propioa duena, bakarra. Albiste dira egunotan beraien seigarren lan luzea, Zirkulutik espiralera (Bonberenea Ekintzak) kaleratu dutelako, Terapia argitaratu zutenetik bederatzi urtera. Bitarte horretan lauzpabost kontzertu egin dituzte beraiek nahi izan duten toki, baldintza eta giroetan.

Halabeharrez, taldearen aurpegi eta erreferentea Mikel Kazalis da, proiektu hau jaio aurretik Espainiako Estatuko thrash-metalaren aitzindari Estigia taldea sortu zuena. Gerora horren ibilbidea eten egin zuten eta Kazalisek lehen aipatutako bi lagunekin Anestesia cerebral eta Moralidad maketa gordinak kaleratu zituen, Mikelek berak gaztelaniaz abestuak. Baina arazo batzuk medio abesteari utzi behar izan zion. Bitartean, Fermin Muguruzak jaiotzear zegoen Negu Gorriak proiekturako fitxatu zuen.

Ordurako, Anestesiak euskarazko kantuekin grabatuta zuen Toki berean EPa, Hardcross eta Esan Ozenkik elkarlanean kaleratutakoa. Hortik aurrera, zarauztarrek thrasha, metala eta hardcorea gizarteratzeko egindako lan itzela publiko gisa gorpuzten joan zen eta Esan Ozenkirekin elkarlanak luze jo zuen: Gorrotoaren ahotsa (1993), Erantzun (1995), Gu (1997) eta Ultrakomunikatzen (2000).

Kazalisek Anestesiaren ibilbidea –garrantzitsuena eta berezkoena– beste proiektu sendo batzuekin tartekatu izan du (Negu Gorriak, 2Kate, Kuraia eta Matxura) eta bidean Ibon abeslari-piztia batu zitzaien, baina Anestesia beti egon da hor, zutabe bat bezala, inoiz atzerapausorik eman gabe. Halakoa da ere Zirkulutik espiralera azkeneko lana, arrakalarik gabekoa, thrasharen esentzia gaur egunera ekarri eta death, hardcore eta grind-arekin are eta sendoagoa eta bortitzagoa bilakatzen duena, baina era berean, estiloz inoiz baino irekiagoa ere badena.