Kastitate gerriko zaharren gezur berria

Rothenburgeko (Alemania) Krimenaren Erdi Aroko Museoko kastitate gerrikoetako bat.
Rothenburgeko (Alemania) Krimenaren Erdi Aroko Museoko kastitate gerrikoetako bat.

Lur Santua, 1095. Lehen Gurutzada abiatu zen eta milaka gurutzatu kristau “fedegabeen” aurka borrokatzera joan ziren, senideak, emazteak, sorterrian utzita. Gudu-zelaian musulmanekin gudukatu behar zuten, baina etxean beste fronte bat utzi zuten zabalik: emazteen bekaturako tentazioa. Baldin eta, alde egin baino lehen, kastitate gerrikoaren bidez ixten ez bazuten. Hala, Gurutzadetara nahiz beste edozein gerratara joan baino lehen, Erdi Aroko militarrek emazteen bertutea giltzapean gordetzen zuten. Edo hala esan izan digute behintzat.

Gerrikoaren zerrapoa irekitzeko bi giltza zeuden: bata senarrak eramaten zuen soinean eta bestea apaiz bati ematen zion gorde zezan. Senarra lau urte eta gero itzuli ez bazen, apaizak kentzen omen zion gerrikoa emazteari. Bada, hori ezinezkoa da. Metalezko gerriko horiek zenbait orduz, gehienez ere pare bat egunez erabil daitezke. Urradurek, zaurturek eta infekzioek jota hilko litzateke emakumea. Eta horiek saihestea lortuz gero, epe luzeagoan, metalaren herdoilak tetanosa eragingo lioke.

Gainera, Erdi Aroko kastitate gerrikorik ez da gaurdaino aurkitu. Museotan horrelako aleak erakutsi izan dituzte, baina piezak ganoraz aztertuta guztiak XIX. mendeko faltsifikazioak direla ondorioztatu dute. Esaterako, British Museum-en gerriko bat zegoen ikusgai 1846an, baina azkenean kentzea erabaki zuten, faltsua zelako.

Literaturan ere gerrikoen berririk ez dago Erdi Aroan. Pentsatzekoa da  Bocaccio, Bardello edo Rabelaisek, esaterako, hain gailu bitxia eta ohikoa aipatuko zutela beren satira erotikoetan. Baina aipamenik txikiena ere ez dago. Gerrikoa XVI. eta XVII. mendeetako satiretan agertzen hasi zen, gizonezkoek emakumea hertsiki lotuta izateko ohitura batere osasungarria ez zela adierazteko. XVIII. mendean Voltairek lehenik eta Diderotek gero, serioago hartu zuten gaia. Ilustrazioko pentsalarientzat Erdi Aroko basakeriaren sinboloa zen kastitate gerrikoa. Eta handik aurrera inork ez zuen pentsatu gerrikoak zentzu metaforikoa izan lezakeenik  eta inork ez zuen zalantzan jarri existitu zirenik.

Berez, emakumeak XIX. mendean hasi ziren kastitate gerrikoak erabiltzen Frantzian eta, nagusiki, Ingalaterran. Erdi Aroko ustezko gerrikoak baino finagoak, arinagoak eta txikiagoak ziren; eramangarriak, beraz. Batez ere bidaietan edo gerra eremuetan erabiltzen zuten, bortxaketa sistematikoak saihesteko. Eta  klase ertaineko edo goi mailako familietan neskato nerabeei gerrikoa indarrez jartzeko ohitura ere zabaldu zen urte horietan, beti ere neskatoen mesedetan, jakina, viktoriar pentsamoldearen arabera, masturbazioak gaixotasun fisiko eta mentalak eragiten zituelako.

Hortaz, kastitate gerrikoa ez da Erdi Aroko urte ilunetako beste krudelkeria bide bat, Aro Garaikidean emakumeak erasoetatik pasiboki babesteko eta, gerora, haien sexualitatea erreprimitzeko gailua baizik.


ASTEKARIA
2015eko otsailaren 22a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Ötziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Sabbatai Zevi mesiasaren irakaspenak

Esmirna (Turkia), 1647. Sabbatai Zevi rabinoak (1626-1676) bere burua mesias izendatu zuen. Autoizendatze horrek ez zuen une horretan oihartzunik izan. 1651n Esmirnatik egotzi zuten eta hainbat urtetan Grezian, Trazian, Palestinan eta Egipton ibili zen, noraezean. Baina 1665an... [+]


Euskal Herriaren lehen atlas kartografikoa osatu dute

Ramon Oleagak eta Jose Mari Esparzak egina, 300 mapa dakartza Imago Vasconiae izeneko bildumak eta Interneten ere kontsultagarri dago. Euskal Herriaren historiaren bilakaera irudikatzeko eta "ikerketarako jatorrizko materiala izateko" ezinbesteko tresna sortu dute... [+]


Eguneraketa berriak daude