argia.eus
INPRIMATU
Izotzetako gizonaren tatuajeak eta akupuntura
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2015eko otsailaren 18a
Ötziren eskumuturreko tatuajeak nahiko nabarmenak dira begi hutsez, baina gorputz osoan zituen 61 tatuajeak topatzeko eskaner bereziak egin behar izan dizkiote.
Ötziren eskumuturreko tatuajeak nahiko nabarmenak dira begi hutsez, baina gorputz osoan zituen 61 tatuajeak topatzeko eskaner bereziak egin behar izan dizkiote.

Ötzi izeneko izotzetako gizona Alpeetan aurkitu zutenean,  1991n, azalean tatuajeak izan zitzakeela ikusi zuten ikerlariek, baina azal momifikatu ilunak ez zien utzi marka horiek identifikatzen. Azkenaldian egindako eskanerren arabera, Ötzik, guztira, 61 tatuaje zituen hainbat gorputz ataletan banatuta. Gehienak marra paraleloak dira, ebakiduretan ikatza igurtziz egindakoak.

Hego Tiroleko Arkeologia Museoko adituek egindako eskanerrei esker, duela 5.300 urte tatuajeak egitea ohitura zabaldua zela baieztatu da. Horrez gain, beste eztabaida bat ireki da. Adituek uste dute tatuaje horiek nolabaiteko akupuntura tekniken emaitza izan daitezkeela. Orain arte aurkitutako akupuntura frogarik zaharrena Txinakoa da eta 3.000 urte inguru ditu. Ötziren tatuajeei buruzko hipotesia baieztatuko balitz, akupunturaren jatorria 2.000 urtez egingo luke atzera.