Badator Podemos


2015eko otsailaren 22an

Aldaketa esan nahi du Nafarroan Laura Perez Podemos-Ahal Duguko primarioetan idazkari nagusi hautatu izanak. Behintzat bere hautagaitzak orain arte horren argi adierazi duena betetzen bada. Eta maiatzeko hauteskundeetan Podemosek inkestek iragartzen dizkioten emaitza onak lortzen baditu. Eta gai baldin bada gainera datorkion erauntsi mediatikoari aurre egiteko. Eta Estatuko Podemosek uzten badio. Eta herritarrak, soziologiak dioen gisan, orain arte agindu dutenekiko egiazki hain suminduta baldin badira. Eta UPN, PSN eta PPNk 26 parlamentario ateratzen ez badituzte. Eta…

Aldaketatik urruti dagoela oraindik Nafarroa, baina azken 30 urteotan inoiz baino gertuago ere bai, indar abertzale eta Nafarroako ezker federalistaren aliantzak azkenean emankorrak badira bederen. 1995ean PSNk, CDNk eta EAk hiruko Gobernua osatu zuten, baina Otano auziak hankaz gora bota zuen 1996an. 2007ko udan Nafarroa Bai eta PSNk gobernurako akordioa egina zuten, baina oraingoan PSOEk hondoratu zuen aldaketa Ferrazetik. Maiatzera begira, aurreko garaiekiko desberdintasunik handiena da aldaketa posible dela PSNrik gabe ere. Duela bizpahiru urte sinesgaitza litzatekeena gaur egun kontuan hartzeko hipotesia da. Gaitza baina posible.

Nafarroan 2.854 pertsonek parte hartu dute Podemosen primarioetan, inondik inora txantxetakoa ez den pertsona kopurua. Nafarroako populazioaren hirukoitza baino gehiago izanda, EAEko Podemoseko primarioetan parte hartutako (3.142 lagun) ia kopuru berdintsua, eta azken hau ere ez da batere txantxetakoa. Pentsa liteke, beraz, Nafarroan errotuago dagoela Podemos EAEn baino edo baldintzak bereziagoak direla herritarrak primario batzuetan bozka ematera animatzeko. Eta badira, bai, bereziagoak eta desberdinak, besteak beste aldaketarekiko grina hor dagoelako nafar gizarteko sektore zabal batean.

Podemoseko primarioetan bozkatzeko moldeak piztu dezake zalantzarik, edozein herritarrek parte har dezakeelako oso modu samurrean: Internetez Podemosen izena eman –NANa edo pasaporte zenbakiarekin batera– eta listo. Podemosekoak izan gabe Laura Perezen alde botoa emandakoei buruzko zurrumurruak ez dira gutxi izan. Gerta liteke hautagaitza bat edo bestearen alde. Baina hala ere, ez da erraza ia 3.000 pertsonek bozka ematea, esan nahi du gizartean burrunba izan dela primarioen inguruan, hautagaitzei buruz zerbait ezagutzen dela,  Podemosetik haragoko interesa piztu dela, eta hori bera ere bada esanguratsua. Sare sozialetan behintzat Podemosen primarioak oso presente izan dira Nafarroako hainbat gizarte sektoretan, eskuin nabarrismotik eta ezker abertzaleraino. Oraingoan ere Nafarroan izan dira parte-hartzearen faktore pizgarri horiek eta boto kopuruetan ere islatu da.

EAEn espero zen hautagaitzak irabazi du, Roberto Uriarte bermeotarraren Euskal Hiriak. Bide batez datu azpimarragarria: hautagaitza nagusienak behatuta behintzat, bere profilaren aurkezpena zen euskaraz eta gaztelaniaz agertzen zen bakarra. Hautagaitzako orrialdea ere helebiduna, baina primarioetako programa politikoa dena erdaraz, hautagaitza denetan  bezala, EAEkoak edo Nafarroakoak izan.

Europako hauteskundeetarako iazko datuen emaitzak ikusita Podemos batez ere estatuko fenomeno gisa irudikatu zen, nahiz eta Euskal Herrian ere emaitza indartsua izan zuten. Nafarroan nabarrometroaren emaitzak puztuak zirela esatean kontsentsu zabala egon zen –lehen indarra ematen zion–, baina joera hor dagoela argi da. EAEri begira, azken inkestetako (Eusko Barometroa, Vocento, Gara...) joerak lehen postuetara eramaten dute EAEn ere, Vocentoko egunkarienak Araban nagusitasuna emateraino, eta denetan lehen hiru postuetan jarriz. Hemen berdintsu, alderdiek ezin sinetsi, baina gerta litekeenaz beldur. PSEri eta Ezker Batuari eragingo lieke batez ere, baina baita Bilduri ere. Bildurekiko, aldiz, erabakigarria izan liteke Podemosek emaitza onak izatea, Euskal Hiriaren programa politikoa gauzatzen bada, aliatu garrantzitsua izan dezakeelako, EAJ, PSN eta PP moduko sistema alderdien aurrean. Gipuzkoan EH Bilduk Diputazioa eta Donostiako Udala salbatzeko adina? n


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroako politika
Bonbak eta munizioa jaurtiko dituzte aste guztian Bardeako tiro poligonoan

Herrialde askotako hegazkinak izanen dira Bardean gerrarako ariketa militarrak egiten. Benetako bonbak eta munizioa erabiliko dituzte horretarako. Aste osoan izanen dira lan horietan eta Poligonoaren Aurkako Asanbleak zalantzak ditu segurtasuna ziurtatuko ote duten... [+]


Mikel Oteiza, Atarrabiako alkatea: “Gure eraikinetatik euskalduntasunarekin lotura duten ikur eta adierazpen guztiak modu basatian ari dira ezabatzen”

Tristeziaz hartu du Atarrabiako alkateak Nafarroako Justizia Epaitegi Nagusiaren epaia. Euskal Herriko armarria ezabatu beharko du herriko frontoiko hormatik. “Bere garaian ikurriña kentzera behartu ziguten bezala” adierazi du Euskalerria Irratian Mikel... [+]


Iruñeko Udaleko aurrekontu hitzarmena sinatu dute lau indarrek

EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak hitzartu dute akordioa.


2024-03-04 | Ahotsa.info
Nafarroako autogobernua eta herritarren borondate demokratikoa errespetatzea eskatu dute Iruñean

"Nafarroa defendatu" manifestua kaleratu eta sinatu duten 120 alkateek egindako deialdiari erantzunez, Iruñeko Sarasate Pasealekuan elkarretaratzea izan da larunbat arratsaldean. Auzitegi Gorenak Trafikoaren eskumena Nafarroari transferitzea baliogabetzea... [+]


Eguneraketa berriak daude