%100 nafar


2015eko otsailaren 22an

ADN politikara ekarria? Ahal Dugu indar politiko berrian, eraketa eta definizio prozesuan bete-betean dagoela, artikulu hau plazaratu orduko Nafarroako idazkari nagusia hautaturik izanen da. Oraingoz, hiru hautagaitzetako bat %100 ADN omen da: “Candidatura 100% ADN Podemos en Navarra” aurkeztu du bere grazia. Ezusteko gatzdun grazia, bai horixe, hitz joko elebiduna: “100 % A(hal)D(ugu)N(afarroan) Podemos en Navarra”. Baina itsusia, itsusia denez, hitz jokoa, politikaren biologizatzailea. Ezin ahaztu garai latz haietaz, gizakiak-eta biologiaren arabera sailkatu zituzten mugimendu europar haietaz.

Hautagaitzaren izenak ez ezik, haren azalpen testuak ere ez du baztertzeko hitzik: “Oraingoa ez da unea, ez euskaldun, errioxar edo maño eginen ote garen eztabaidatzeko, ez jotak abestu edo Nafarroa osoan euskaraz egin behar ote dugun. Orain lehentasun gorenen alde apustu egin behar dugu. Lanaren alde borrokatu, osasun unibertsal eta doakoaren alde borrokatu behar, eta zerbitzu sozialen alde”. Gaztelaniaz  testua, eta bi eslogan elebidun gero, nafar guztiok integratzeko asmotakoak, baina hari material horiekin bakarrik jositako integrazioa.

Lehentasun gorenak biologiara mugaturik: lana, osasuna… Ongizate materialera. Primum vivere, deinde philosophare aforismo zaharraren irakurketarik murritzen eta biologiko hutsena, pertsonok bizitzeko prest egonen bagina bezala kezkarik gabe landare baten antza, nahirik gabe, geure buruaz hausnartzerik gabe, geure gustuetan hautatzerik gabe, solas egin, abestu, jolastu, maitatu gabe... Hori politikaren biologizatzea hori, azken beltzean!, %100 ADN izenaren itzalpean.

Ikusi behar indar politiko berria zer-nolako programak eta ideiak joanen den jorratzen, kasta (bertze kontzeptu biologizatzaile bat, ezta?), ustelkeria, ongizate materialeko murriztapenak… salatzeaz gain, estatu ereduaz, instituzioen berrantolamenduaz, justizia sistemaz, militarismoaz, errepresio indarrez eta jokamoldeez, hezkuntzaz, kulturaz, estatu barneko kontzientzia nazional ezberdinez, nafarron erabakimenaz…; bizitza materiala eta giza bizikidetza bermatzeko behar-beharrezkoak diren bertze kontuez zer eskaini eta zeinekin lan egiteko prest agertzen den.

Orain arte indar berri honetan ikusitakoa ikusirik, ni kezkatsu: prest antzeman Ahal izanen ote Dugu Nafarroan Podemos gaurko erregimen %100 navarrrrista aldatzeko?

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude