Helensburgh (Eskozia), 1888. John Logie Baird ingeniari, fisikari eta asmatzailea jaio zen. Besteak beste, munduko lehen telebista mekanikoa, publikoki frogatutako koloretako lehen telebista sistema eta koloretako lehen telebista-hodi erabat elektronikoa hark asmatu zituen. Horrek guztiak, telebistaren eta oro har zientziaren historian toki nabarmena ekarriko zion gerora; 2002an BBCren “100 britainiar handienak” zerrendako 44. postuan ipini zuten eta 2006an Eskoziako hamar zientzialari garrantzitsuenen zerrendan sartu zuten. Baina hastapenak ez ziren errazak izan asmatzailearentzat.
1925eko urriaren 2an, Bairdek lehen telebista irudia igorri zuen arrakastaz: bentrilokuo baten panpinaren irudia zen, bertikalki eskaneatutako 30 lerroz osatuta zegoen eta segundoko bost irudi igortzen zituen. Publizitate bila, Bairdek Daily Express egunkarira jo zuen asmakizuna sustatzera. Egunkariko albisteen editoreak zera esan zuen, haren lankide batek jasotakoaren arabera: “Jainkoarren! Zoaz harrera gunera eta libratu zaitez han dagoen zoroaz. Irrati bidez ikusteko makina bat duela dio. Kontuz ibili, baliteke labana bat eramatea”.
Egunkariko erredakzioan ez beste leku askotan erakutsi zuen Bairdek ero ez zegoela eta makina hark funtzionatzen zuela. Eta, hala ere, zenbaitek ez zion tramankuluari erabilera komertzialik aurreikusi. Lee Dee Forest (1873-1961) AEBetako asmatzaileak honakoa esan zuen: “Ezin dugu denbora galdu asmakizun horrekin ametsetan”.
1936an, Radio Times astekariko editore baten esanetan: “Telebistak ez du inolako garrantzirik izango zuen bizitzan, ezta nirean ere”. Handik urte batzuetara, ordura arte soilik irratia hizpide zuen astekarian telebistari buruzko edukiak nagusituko ziren.
1946an hil zen John Logie Baird. Ordurako inork gutxik jartzen zuen zalantzan telebistaren etorkizuna. Darryl F. Zanuck zine ekoizlea zen salbuespenetako bat, besteak beste, How Green Was My Valley, All About Eve edo The Longest Day klasikoak ekoiztu zituena. Urte horretan bertan egin zituen Zanuckek adierazpen hauek: “Jendea berehala aspertuko da gauero egur kontraxaflatuzko kaxa bati begira egoteaz”.
Eta ezin esango dugu erabat oker zegoenik, egun jendea bestelako materialez egindako telebista lauei begira egoten baita gauero.