"Emakume pribilegiatu gutxi batzuk toki batetik bestera mugitu dira, hori da egin den guztia"

  • Nancy Fraser politologo eta feminista estatubatuarra da. Bere ustez, emakume multzo batek baino ez du lortu boterea hartzea. Haiek gizonekin lehiatzen dira, eta gizonen jarrerak imitatzen dituzte. Egiturak bere horretan segitzen du: produkzio ekonomikoa eta erreprodukzio soziala ez dira uztartu.

“Menpean hartzeko modu oso modernoak ere badira, egituren bidez, aitaren edo senarraren debekuen bitartez baino”.
“Menpean hartzeko modu oso modernoak ere badira, egituren bidez, aitaren edo senarraren debekuen bitartez baino”. Maxresdefaut

Nancy Fraserri Mariana Vilnitzky-k egin dio elkarrizketa Alternativas económicas aldizkarian (2014, iraila) eta ondokoa zati baten itzulpena da. Jatorrizkoa paperean baino ezin da eskuratu.

P. Thompson historialariak Iraultza industriala baino lehen ere lan bikoitzaz (etxean eta kanpoan) kexatzen ziren emakumeak aipatu zituen.

Historian zehar hala izan da. Salbuespen tarte batean langile gizonek borrokatu eta zenbait kasutan lortu zuten “familia soldata” izenekoa. Familia guztia mantentzeko balio zuen. Emakumeek ez zeukaten kanpora lanera atera beharrik dirua irabazteko. Langile klaseak hori nahi zuen eta horren alde egin zuen borroka. Baina salbuespena izan da.

Dena dela, ez dirudi emakumeen aldeko jarrera denik…

Noski ezetz. Menperatze maskulino eta menpekotasun femenino modu bat zen. Babes handia eman zioten Ingalaterrako, Amerikako Estatu Batuetako, Frantziako eta beste hainbat herrialdetako langileek. Baina salbuespena izan zen zeharo. Emakumeek beti izan dute lan bikoitza. Lan eta lan egiten dute familiako aurrekontuari ekarpena egiteko.

Munduan ba al da tokirik emakumea menpekotasun horretatik askatzea lortu denik?

Ez dut uste halakorik lortu denik. Agian, parekidetasun gabezia motak aldatu egiten dira herrialde eta erregio batetik bestera. Asiako hegoaldean, herrialde batzuetan, emakumeak kalera ateratzea ere debekatuta dauka oraindik, patriarkatua ulertzeko modu oso zaharra da, nahiz eta gauzak aldatzen ari diren. Menpean hartzeko modu oso modernoak ere badira, egituren bidez, aitaren edo senarraren debekuen bitartez baino. Amerikako Estatu Batuetan daukagu menpean hartzeko modu modernoa, lan bikoitza, gero eta sarriago hiru edo lau lan dira, egoera ekonomikoak hala eraginda. Egoera prekarioan dauden emakume askok enplegu bat baino gehiago dituzte. Askok hamar ordu egiten dituzte McDonalds-en, beste hamar Wallmart-en, beste hainbat denda batean. Egun erdiko eta denboraldi baterako lanak dira.

Tunelaren bukaeran argirik ba al dago?

Itxaropena borroka sozialen gaitasunean dago. Ez da automatikoki gertatuko. Emakumeon esku dago aldaketa. Feminismoak garaiak dauzka, garai biziak eta geldiagoak. Gaur egun, feminismo erradikala geldirik dago, eta bere tokian feminismo liberala daukagu. Nire ustez, feminismo horrek arazoak sortzen ditu, desegokia da.

Zergatik?

Emakume profesional oso pribilegiatuak, heziketa maila altukoak, kualifikazio handikoak, mundu korporatiboan eta militarrean postu gorenetan daudenak enpoderatzen ari dira, beste hitz batzuetan esanda “kristalezko sabaia puskatzen ari dira”. Gailurrera heldu, gizonekin lehiatu, gizonen erara.

Botere mota “maskulinizatua”…

Guk esaten dugu “sozialki maskulinoak” bihurtzen direla. Mota horretako feminismoak du indarra Amerikako Estatu Batuetan, Ingalaterran, munduko leku askotan. Nazioarteko Diru Funtsaren gidaritza duen Christine Lagarde bezalakoak dira. Baina NDFk munduaren zati bat kanpoan uzten badu doitze estruktural eta politikoak eginda, eta hori egiten duena emakumea bada, hori ez da aurrerapena.

Erreprodukzioan arreta jarriko duten politikentzat toki handirik dagoenik ez dirudi, erabat produkzioari begira antolatutako munduan.

Zoritxarrez, boterean dauden emakumeek gizonek bezala funtzionatzen dute. 16 orduz egin behar dute lan gobernuan, enpresan, abokatutzan edo medikuntzan. Eta ez dute denborarik hartuko lixiba egiteko, ontziak garbitzeko, otorduak prestatzeko, bainerak garbitzeko, fardelak aldatzeko… Beste norbaitek egingo du lan hori guztia.

Beste emakume batek?

Gehienetan emakume etorkinak, beltzaranak, herrialde pobrekoak, nekazaritza gunekoak. Ohikoa da emakume horrek soldata oso murritza izatea, bere haurrak utzi izana edo bera baino are pobreagoa den norbaiti utzi izana zaintzeko. Hasieran aipatu ditudan emakume horiek emakume hauen bizkar dute arrakasta. Produkzioaren betiko historia da, erreprodukzioaren gainean eraikitzen dela. Emakume pribilegiatu gutxi batzuk toki batetik bestera mugitu dira, hori da egin den guztia. Baina egitura ez da aldatu.

Nola alda daiteke egitura, gure inguruko guztia beste era batera badago antolatuta? Nola esan daiteke: “Lauretan banoa zeren bostetan umea eskolan jaso behar dut” eta atzean ez geratu, gauza bera beste inork egiten ez badu (eta noski, bere aitak ez du egiten)?

Eman duzun adibidea, orain daukagun egituran bizi den eta borroka hor egin behar duen pertsona baten ikuspegia da. Zer gertatuko litzateke “lan egitura hau ez da bidezkoa eta aldatu egin behar dugu” esango lukeen mugimendu politikoa balego? Norbanakoaren borrokaz baino elkarte eta mugimenduen egitura berdiseinatzeaz ariko ginateke.

Adibiderik ezagutzen al duzu?

Bateren bat. Ez da perfektua, baina egin ziren saiakera batzuk. Herrialde komunistak zerbait desberdina egiten saiatu ziren. Ez zen derrigor ona izan, baina aurrerapen batzuk egin ziren, herrialde kapitalistekin alderatuta. Latinoamerikan ekonomia sozial eta solidarioko mugimendu kooperatiboak daude. Lanak banatzeko eredu kooperatiboak antolatzen ari dira, erreprodukzio soziala produkzio ekonomikoan integratzen dute. Jendea ari da saiatzen.


ASTEKARIA
2015eko otsailaren 15a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
Analisia
Ez iskin egin zaintza sistemari

Arabako Foru Aldundiaren erabaki batek etxez etxeko zerbitzurik gabe utzi ditu 150 pertsonatik gora, EH Bilduk salatu duenez. 700 euroren truke etxe barruko langile edo interna jarri behar izaten dira emakume etorkin asko, ez dutelako logela bat ordaintzeko modurik, Nafarroako... [+]


Gorputz hotsak
"Literatura izan da tristezia ulertzen lagundu didana"

Erantzunik gabeko galderez inguratuta eta “tristezia sakona” sentituz bizi izan da Daniela Cano. Artista kolonbiarra da, eta pandemia betean Madrilera ihes egin behar izan zuen Kolonbian mehatxatuta zegoelako. Arteaz, bereziki literaturaz baliatzen da erantzunak... [+]


Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


2024-04-02 | Euskal Irratiak
Maialen Berra Zubieta: "Baionan ere queer mugimendua bada"

Bitxi Bitxi queer kolektiboa sortu dute hogei bat kidek berriki Baionan. Queer izatea, heteronormatibitatetik kanpo izatea da besteak beste. Baita genero ezberdinen adierazpena sustatzea ere.


Eguneraketa berriak daude