Joseba Irazokiren abentura berria

  • Joseba Irazoki eta lagunak :: Joseba Irazoki eta lagunak

    Bidehuts, 2014

Beti harrituta uzten nau Joseba Irazokik. Jendaurrean jotzen ikusten dudanean eta bere lan bat entzuten dudanean txalotu egiten dut, beti zerbait berezia edo desberdina erakusten didalako. Musikari aparta da, edozein musika mota edo estilo jotzeko gai da, bai, baina jakin-min eta irudimen handia du, eta barruan daukana ederki ateratzen du. Sentitzen duen bezala jotzen du, aske, lotsarik edo konplexurik gabe, eta bide berriak arakatzen oso ongi pasatzen duela nabarmena da. Hori guztia estimatzekoa da.

Bere ibilbidean lan ugari kaleratu ditu (Oso banda, Ninika, Arimaren bila, Euria ari du, Negurdin, Pertsona, Folk me laztana, Tokitik kanpo, Dosi, Tokian tokiko, Olatuetan, Gizona zakur egin zen...), talde eta musikari ugarirekin aritu da (Xabier Montoia, Petti, Onddo, On Benito, Atom Rhumba, Rafa Rueda, Anje Duhalde, Maixa eta Ixiar, Mikel Erentxun, Duncan Dhu, Nacho Vegas, Terry Lee Hale, Barrence Whitfield...), eta denekin ikasi du zerbait, eta egitasmo guztietan bere ukitua utzi du.      

Joseba Irazoki eta lagunak diskoa iaz osatu zuten, baina ideia urtebete lehenago sortu zen. Donostiako Lugaritz kultur etxean kontzertu bat beste hainbat musikarirekin egitea proposatu zioten Josebari. Garai hartan bakarka ari zen, one man band gisa. Kontzertua oso ongi atera zen. Josebak kantu berri batzuk probatu zituen saio hartan, kantu horien gainean lanean hasi zen, eta azkenik Joseba Irazoki eta lagunak diskoa egin du.

Lan honetako kantuak, berez, gehien bat riff modura jaio ziren, baina talde soinuaz ederki jantzita daude. Doinuak iradokitzaileak dira, hunkigarriak, ñabarduraz eta xehetasunez josiak, eta ukitu misteriotsu bat ere badute. Batzuk lasaiak eta leunak dira, eta beste batzuk biziagoak. Besteak beste, melodia politak entzun daitezke, rock ukituak, doinu errepikakorrak, eta esperimentazio eta psikodelia kutsuko pasarte batzuk ere bai. 

Ekoizpena aipagarria da. Josebak eta Johannes Buffek oso lan ona egin dute, eta moldaketak egiterakoan ahalegin handia egin dutela suma daiteke. Gitarrak dira oinarria, baina ahotsak, haize eta hari musika tresnak, eta gainerakoak ere nabarmentzeko modukoak dira.

Joseba Irazoki eta lagunak hauek dira: Joseba Irazoki (ahotsak, gitarra, banjoa, autoharp eta ekoizpena), Felix Buff (bateria eta perkusioa), Iban Urizar (tronpeta eta klarinetea), Igor Telletxea (tronboia eta bibrafonoa), Jaime Nieto (baxua), Ager Insunza (gitarra eta biolina), Johannes Buff (grabazioa, nahasketak, gitarra, ahotsa eta ekoizpena) eta Iñigo Irazoki (grabazioa eta zuzeneko soinua). Masterizazioaz Jonan Ordorika arduratu da, eta diseinuaz Ramon Zabalegi.

Musikak Joseba Irazokik sortuak dira Neretzat ote haiz? kantuarena izan ezik, Felix Buffek sortua baita. Hitzen egileak, berriz, Dani Irazoki, Mikel Taberna, Pello Lizarralde, Orixe eta Beñardo Goietxe dira.

Harremanen eta maitasunaren inguruan mintzo dira kantuak, besteak beste: “Iragana iragana, hiregana hiregana, zauriak beti uzten du orbana, biok elkarri zor bana” (Iragana, Mikel Taberna); “Hire mingaina nirean, ilargi zaharra ahora, ni ez naun inor hi nire baitan hartzeko” (Ahotik ahora, Mikel Taberna); “Plisti ta plasta dut bihotza maiteminean blai bustita, plisti ta plasta dut bihotza maite ezinean blai saltoka” (Plisti ta plasta, Beñardo Goietxe).

Baita ihes egiteaz ere: “Baso ertzean nago mirari baten zain, milaka onddo dago lozorroan hantxe, basoaren sabel beroan, onak dira onak eta txarrak hobeak, baso ertzean nago opari baten zain, bildu eta janen ditut ase arte, eta oso urrun eramanen naute” (Baso ertzean, Pello Lizarralde).

Eta kritika eta salaketa ere egiten dute: “Gizaki eroak ziztu bizian alferrik asmatu ta aberasteko” (Bonbilla eta elektrotxatarra, Beñardo Goietxe); “Zenbat etxe berri, hainbat zor zahar, nolako zor halako gezur, bankuan gezur etxean hezur” (Desauzidioa, Beñardo Goietxe).

Diskoa behin eta berriro entzuten ari naiz, eta entzunaldi bakoitzean zerbait berria iradokitzen didate Josebaren eta bere lagunen doinuek.

Txalo bero bat, Joseba!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Diskoak
2022-11-27 | Iker Barandiaran
Bizi(g)arria

Harritu nau –zentzu onean– proiektu berri honek. Adiera edo zentzu asko ditu hitzak eta Bergaran Aitor Aldanondok harri baten inguruan sortutako honek baditu hainbat. Urteetan hartutakoa –bizitakoa– nolabait atera nahi izan du lan honetan.

Ibilbide... [+]


2022-11-20 | Xalba Ramirez
Zintzo izatearen fantasia

Eñaut Elorrietaren inguruko dokumental bat egin zutela-eta, Tabakalerara gonbidatu ninduten orain bizpahiru aste. Gustuz hartu nuen lagunarteko estreinaldirako gonbita, baina zinema aretora hurbiltzean jende asko hasi nintzen topatzen; hor Paul eta Itziar, hor Sarri, hor... [+]


2022-11-06 | Iker Barandiaran
Katuek baino ertz gehiago

Batzuetan elementu asko elkartu behar dira aurreikusi ez duzun emaitza bat ateratzeko. Hori gertatu da nolabait Gernika eta Bermeo artean sortutako Feline taldearekin. Primeros Auxilios punk taldeko Iñaki Baini-k etxean elektronikarekin jolasteari ekin eta maketa batzuk... [+]


2022-10-30 | Xalba Ramirez
Gustuko lautadan nekerik ez

"Hemen, errebelazio bat bezala, espazioa eta denbora argiago ikusten dira". Miren Narbaiza bueltan da berriz, eta eskerrak. Eszenak eman duen kantugilerik berezienetako bat da Narbaiza. Kanta berriak nola gobernatzen dituen ikustea besterik ez dago.

Zeren, sortzaile... [+]


2022-10-16 | Iker Barandiaran
Bi altxor eta sorleku bakarra: Buenawixta

Asko poztu nintzen Artza anaiek diskoetxe berria abiaraztearekin bat Barrakos-en maketa –non erosiko nuen, Boga tabernan?– berreskuratu eta biniloan ateratzeko asmoa zutela jakitean. Izan ere, aipatutako maketa –1990koa– gure musika historian oharkabean... [+]


Eguneraketa berriak daude