Haurra bere hezkuntzaren irakasle

  • Zer ikasten du gaurko haurrak eskolan? Kontuan hartzen al dira haurraren erritmoa eta beharrak? Momentuari eta interesari jaramonik egiten al zaie? Egokituta al daude espazioak? Galdera horien erantzunekin kezkatuta abiatu dute Zapaburu eskola proiektua, haur bakoitzak bere ezagutza garatzeko esperimentazioa eta jolasa oinarri hartuz.

Ezker-eskuin: Maite Ruiz, Noemi Pascual, Maider Ugarte eta Naiara Olveira, Zapaburu eskola proiektuaren sortzaileak.
Ezker-eskuin: Maite Ruiz, Noemi Pascual, Maider Ugarte eta Naiara Olveira, Zapaburu eskola proiektuaren sortzaileak.

Ordu batean eskolara iritsi, aulkian eseri, liburua ireki eta eduki jakin batzuk buruz ikasi ohi ditugu maiz ikastetxean, eta gero ahaztu. Horren aurrean, gero eta proiektu alternatibo gehiago sortzen ari direla adierazi digute Zapaburu eskola proiektuko kideek. Finlandian, 70eko hamarkadatik hezkuntza eredu libre eta aktiboa jarraitzen dutela gogorarazi dute eta hemen ere aurrerapausoak emateko garaia badela. Gipuzkoan gisa honetako eredu aukerarik apenas dagoela ikusita abiatu dute egitasmoa Maider Ugarte eta Maite Ruiz hezitzaileek eta seme-alabentzat bestelako hezkuntza eredua bilatzen duten Naiara Olveira eta Noemi Pascualek.

Irun (Gipuzkoa) aldean gauzatzen ari diren proiektuak emozioak eta sormena landuko ditu bereziki. Haurrak bizi duen momentua errespetatzea eta nahiei eta beharrei erantzutea dute helburu. Zapaburu eskolara joango den ikasleak, erabakitzeko ahalmena izango du momentu oro eta arrazoimenaz gain, maitasuna, errespetua eta autonomia landuko dituela baieztatu dute. Familien parte-hartzea ere garrantzitsua izango da.

Hainbat eskola dituzte eredu, herrialde ugaritakoak. Euskal Herrian, Iruñeko Tximeleta eta Taupa Taupa ikastetxeak dituzte erreferentzia. “Eredu ezberdinak ezagutu eta aurrera doazela ikusteak eman digu indarra”. Proiektuaren inspirazio iturri izan da, besteak beste, Maria Montessori pedagogo eta psikiatra italiarra. Izan ere, haren eredua jarraitzen duen eskola bat ezagutu zuen Ugartek Ingalaterran eta Ruiz berriz, Montessori ereduko gida izateko Masterra ari da ikasten. Hainbat metodologia eta pedagogiarekin uztartuta, Montessoriren materiala erabiliko dute eskolan: “Zentzumenetan oinarritutako materiala da, esperientzia sentsorialen bidez ikasteko aukera emango diena, memorizatu beharrean”. Manipulatzeko, esperimentatzeko eta ikertzeko materialak ere izango dituztela gaineratu dute. “Hezitzailearen eginbeharra haurra laguntzea izango da, ez irakastea. Segurtasuna eta konfiantza emango diegu egiten ari direna babesteko”. Hortaz, besarkatzean, materiala zein tailerrak eskaintzean, behaketan, dokumentatzerakoan… garatuko dute haurrarenganako komunikazioa, eta jakina, baita hitz eginez ere.

Haur bakoitzaren egokitzapena aintzat hartuko denez, norberaren ama-hizkuntzak hartuko du protagonismoa plan honetan. Ahalik eta naturalen komunikatzeko, euskaraz zein gazteleraz mintzatzeko aukera emango zaio ikasleari eta hezitzaileak berdin erantzungo dio, komunikazioa “estua eta erosoa” izan dadin. “Gure ikuspuntutik, hizkuntza bat hitz egitera behartzeak ez du umeen ikasteko interesa pizten –adierazi dute–, norberaren interesetatik abiatzea da asmoa eta arlo honetan ere arrazonamendu berean oinarrituko gara”. Hala ere, hezitzaileen arteko komunikazioa euskaraz izango dela jakinarazi dute eta erabiliko den materiala eta baliabideak bi hizkuntzatan eskuragarri egongo direla.

“Hezkuntzaren lehen eginbeharra bizitza astintzea da, berau aske utzita, libreki gara dadin”, esan zuen Maria Montessorik. Laukotea pentsakor utzi eta sortzera eraman zituen esaldiak, heziketa libreki ulertu eta haurra libreki heztera. Horregatik, Zapaburu eskolan “aske sentituko diren esparru bat eskainiko zaie, libre eta seguru egongo diren lekua”. Espazio lasaiak eta mugitzeko lekua eskaintzen dutenak prestatuko dituzte eta zabalgune bakoitza txoko bihurtu nahi dute: ur txokoa, txoko sinbolikoa, sentsoriala, hizkuntza txokoa, logiko-matematikoa, zientzia eta ikerketakoa, gizarte zientzietakoa, artistikoa, sormenarena, musika eta psikomotrizitate txokoak, lasaitasun txokoa, mugimenduzkoa…

Ia dena prest, familien esperoan

Proiektu honen sustraiak landatu dituzte jada Ugarte, Ruiz, Olveira eta Pascualek. Hasiera guztiak bezala, hauena ere ez da erraza izan. Proiektu mota honetarako diru-laguntzarik ez dagoela adierazi dute, hortaz, taldeak inbertsio handia hartu beharko du bere gain. Tailerretan, hitzaldietan, paper artean eta bilaketan pasa dituzte azken hilabeteak. Baina, hazia irten dadin, ureztatuko dituen ikasle zein gurasoak behar dituzte. Ia dena hitzartuta duten arren (eraikina esaterako), “filosofia honetan sinesten duten familiak” dituzte beharrezko baldintza, seme-alabak “giro naturalean, harmonikoan, esperimentalean eta sormenezko testuinguruan” hazi nahi dituztenak.

Webgunea zabaldu dute, sare sozialetan ere ari dira eta hitzaldiak antolatu dituzte planteamendua azaltzeko eta eskola zein bultzatzaileak ezagutzera emateko: Errenterian (12an), Irunen (19an), Beran (martxoaren 2an) eta Donostian (martxoaren 9an). n

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Palestinaren aldeko unibertsitate-sarea

EHUk Tel Aviv-eko unibertsitatearekin etorkizuneko lankidetzarako bideak ahalbidetzen dituen zibersegurtasuneko katedra bat sortu izanaren harira, bertako langileok interpelatuak izan gara hainbat lekutatik, eta esan beharra dut neurri handi batean lotsatuta sentitu naizela,... [+]


2024-04-18 | Euskal Irratiak
Tulalaika besta, Xiberoako ikastolei bultzada emateko

Hirugarren urtez Xiberoako ikastolei bultzada emanen die Tulalaika bestak.


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


"Eskolan ortu xume bat lantzeak testuingurua ematen digu planetan ditugun arazoez aritzeko"

Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako baratzeak ikertu ditu Iratz Pou EHUko ikasleak. Zenbat eskolek dute ortua? Nolako erabilera ematen diote, zein helburu eta asmorekin? Probetxu pedagogiko eta didaktikoa ateratzen al diote baratzeari? Pourekin eta Igone Palacios... [+]


Eguneraketa berriak daude