Libre izan nahi zuen presoa

  • Josu Martinez::Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak

    Elkar, 2014


2015eko otsailaren 08an

Imajinazioa eta errealitatea nahastu du Josu Martinezek Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak (Elkar, 2014) liburuan. Azken 50 urteetan preso politikoen hamar ihesaldi saiakeraren bilduma plazaratu du, arrakastatsuak batzuk eta arrakastarik gabeak besteak. Dena den, arrakastak gutxi inporta du hemen, idazleak berak onartu duen bezala aniztasunaren bila lerratu baita batez ere. Preso ororen betebeharra libre izatea den neurrian, hari heltzeko baliatu dituzten imajinazio molde desberdinak batu dira irakurlearen intereserako; ihesaldi frustratuak eta garaituak, barregarriak, hunkigarriak, harrigarriak, eta abar. Batzuk oso ezagunak izango ditugu ─Sarrionandia eta Pikabearen ihesaldi mitikoa bafleen barruan, edo Segoviako ihesaldia, esaterako─; eta beste batzuk aldiz, isilpean mantendu direlako, ez dira hain ospetsuak.

Tonu eta forma periodistikoa da nagusi. Esan nahi baita, Josu Martinezek lekuko zuzenekin izandako elkarrizketen partaide bihurtzen duela irakurlea. Horri esker inpaktua, sorpresa eta intriga are handiagoa da, abentura artistikotzat har genitzakeen ihesaldi hauen pertsonaia oro hezur-haragizkoak direla dakigunean. Bestela, “horrelako kontuak filmetan bakarrik ezagutu dituenaren ignorantziaz” (68. orialdean), dena asmatua dela pentsa genezake. Hala gertatzen da, adibidez, Kabraren ihesaldiarekin; ospitaleko leihotik salto egiten du azpian lagunen kotxe bat zain duela, baina espontaneoki beste bide bat hartzen du. “Hori bai ihesaldia Kabrarena; poliziei ez ezik, kideei ere eskapatzea!” (60. orrialdean). Harrigarriak ere Berasategi anaien aldaketa eta Iparretarren operazioa Paueko espetxean. Kartzelan sartuz, gero ateratzeko egindako ihesaldiak biak.

Josu Martinezek hamar ihesaldi hautatu ditu guri liburu batean eskaintzeko. Hau da, bere irudipen pertsonalagatik hauek eta honela konbinatu ditu, ene ustez, emaitza egokia lortuz. Irakurketa arina, informazio iturri, datu eta elementu interesgarriz hornitua eta ihesen inguruko Sarrionandiaren burutazio batek koroatua. Amaiera aldera, azken 50 urteetako ihesaldien kronologia bat topatuko dugu eta liburuaren prozesuan lagungarri izan dituen hemerotekako informazio iturrien bilketa.

Irakurgai zinez gomendagarria.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude