Basoa janaria sortzeko eta metatzeko kaos oparoa dela nioen aurrekoan. Eta kaos horretan harrapari iaioenak nagusi. Belearen familiako korbidoak ez dira harrapariak, baina ez dira atzean geratzen... Belabeltza, bele txikia, erroia, belatxingak, mika, eskinosoa... Azken hori da basoarekin lotura estuena duena. Baso mugako arbolak ederki miatu eta fruituak onenetik onenera jaten ditu: gerezi, udare, aran, eta abar. Hala ere bere buila eta zalapartak ederrak dira. Eta lumaje urdina erakusten duen hegaldi zakarra, zer esanik ez!
Eskinosoa basoko langile porrokatuenetakoa da. Bazka aukera zabala du, denetik jaten du: masusta, otsalizar koxkor, saguzar, har, beldar, intsektu, txori (kaskabeltz, hormatxori...), habietako arrautza... Habietako lapurra ezizenez ezagutzen dute basoan, harrapari fama du: txinboen habia batetik di-dako batean hiru arrautza eraman ditzake. Basoarekin mugante diren artasailetan ere jankada galantak egiten ditu.
Beste bat da, ordea, bere lan nagusia: basoa ereitea. Hurrak, gaztainak, pagatxak, pinaziak, ezkurrak denetatik bildu eta barreiatzen ditu. Gehien atsegin duena ezkurra da, haritz kantudunaren ezkurra (Quercus robur). Gozamena hartzen du jasoko dituen ezkurrak hautatzen: kalitatea, tamaina, heldutasuna, pisua eta, batez ere, apopilorik ez dezala izan, berak baino lehenago jango duen harrik ez dezala izan, alegia. Bai, neguan jateko biltegitan pilatu eta jasotzen ditu. Mokopean hiruzpalau ezkur eramateko adinako zakuto antzeko bat du. Ezkutatu goroldioan, sustrai artean, enborretan edo orbelpean. Memoria bikaina du, atzera bilaketa erraztuko dioten erreferentziak zorrotz behatu eta memorizatzen ditu. Behar izanez gero, bilaketa erraztuko dioten seinaleak jartzen ditu, harritxoak eta abar. Neguan eta udaberrian jan eta jan, baita ernatuta gero ere... Eta mordo batek ernatu eta zuhaitza izateko bideari ekingo diote. Basoa biziberritzeko gero eta gehiagotan hartzen da kontuan eskinosoa.
Gernikara? Korbidoak, eskinosoak! Etxean bezala sentituko dira eta laster letorke arbola eta hariztia.